« Ezkutaketan | Umore beltza »
Pereirak dioenez / Antonio Tabucchi (Fernando Rey) / Igela, 2006
Intelektuala eta konpromisoa Ibon Egaña / Berria, 2006-11-26
Gurean, nazioarteko letretan bezala, aspaldidanik eta aldizka, orain nabariago, orain lausoago, aireratzen den auzi baten gaineko hausnarketa nobelatu bikaina eskaini zigun Antonio Tabucchik Sostiene Pereira lanean, 1994an, alegia, kulturgileak, eta (esan dezagun hitz beldurgarri hori) intelektualak gizarte gertaeren aurrean zein jarrera hartu behar duen hartu zuen gaitzat orain euskaraz emana zaigun Pereirak dioenez honetan. Jarrera eta apustu etiko jakin batetik, baina betiere fikzioaz ari garela eta fikzioak istorio zehatz eta ez-orokortzaile bat aurkezten duela gogoan izanik, gaiaz hausnartzeko eta gaira azalkeriatik eta sinplekeriarik gabe hurbiltzeko gonbit ederra da Tabucchirena, ertz askotarikoa eta maila diferente askotan irakur daitekeena (thriller politiko bezala, kultura eta politikaren arteko harremanen inguruko hausnarketa bezala, heriotzaren eta denbora iraganaren larriminaren kontakizun gisa…).
Kultur gizon-emakumeek inguratzen dituen egoera politiko eta sozialaren aurrean hartzen dituzten edo har ditzaketen jarreren aurreko hausnarketa plazaratzeko, Salazarren garaiko Portugalera garamatza Tabucchi italiarrak, kultura eta literatura portugesaren (batik bat Pessoaren) ezagule fina denak. Sinesgarritasun handiz birsortutako giroan, Pereira izeneko kazetari edadetua hartzen du protagonista, katoliko eta literaturzalea, bigarren mailako Lisboa arratsaldeko kazetaren kultur orrialdearen arduraduna. Idazle frantsesen irakurle saiatua, politikatik urrun, hila duen emazte ahularen eritasuna zaintzen eman du bizitzaren atal handiena, baina bat-batean, nahi gabe, inguruko giro politikoaren aurrean jarrera bat hartzera behartuta ikusiko du bere burua. Konpromisoaren ala axolagabekeriaren aurrean hautatu beharrean; diktadurarekiko morroi izan (eta arazorik gabe iragan azken bizi urteak) ala injustutzat duenaren aurrean ondorioak lekarzkiokeen jarrera aktiboa hartu, bien artean aukeratu beharrean. Era berean, gaiarekin lotutako bigarren galdera bat ere mahai-gaineratzen du italiarraren lanak: obraren barruan ala jendarteko kide bezala (hots, ekintza zehatzen bidez) gauzatu behar du intelektualak bere engaiamendua?
Pertsonaiaren hautuan eta hari emandako sakontasun, konplexutasun eta biribiltasunean datza, ziurrenik, obra honen erakargarritasun eta iraunkortasuna, hein handi batean. Izan ere, Tabucchik pertsonaia zalantzati, ahul bat marrazten du, iraganera begira bizi dena, heriotzak obsesionatua, bere baitara bildua, eta bere ekintzen eta jarreren zergatiak azaltzerakoan, erantzun gisa “ez dakit” baino askoz gehiago esaten asmatzen ez duena. Tabucchik ez du heroismoa darion intelektual engaiatu eredugarririk aurkezten; haatik, sinesgarriagoa eta hurbilagoa egiten den gizaki hauskor bat marrazten du, bizitzaren norabidea pauso baldarrez erabakitzen duena.
Era berean, pertsonaiaren izaera zalantzatiari eta gaiaren inguruko planteamendu ez-agortzaileari bikain egokitzen zaio Tabucchik erabilitako ahots narratiboa. Pereiraren lekukotza jasotzen duen narratzaileak zalantzari uzten dio etengabe bidea zabalik, “Pereirak dioenez” makulua behin eta berriz erabiliz. Hala, zirrikituak uzten dira zabalik, dela gaiari heltzerako orduan, dela istorioa biribiltzerakoan.
Hori guztia, 30eko hamarkadako Europako giro politiko nahasia printzen bidez (Espainiako gerra, juduen pertsekuzioa, Mussoliniren Italia…) baina era berean zehatz eta ikuspegi berri ezezagunegi batetik (Portugaldik) jasotzen duen lanean. Jakin-mina sortzen duen tentsio ederki dosifikatuaz emana, prosa zehatz baina dotore batean, eta Fernando Reyk ohituta gauzkan itzulpen txukunean, plazer hutsa da Pereirarengana berriz, oraingoan euskaraz, hurbiltzea.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo