kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bizitza eredugarriak / Txiliku / Elkar, 2006

Ezkutaketan Aritz Galarraga / Gara, 2006-11-25

Batez ere haur eta gazte literaturan aritu izan den Txilikuk liburu berri bat argitaratu du orain gutxi, helduentzako edo. Ez da lehen aldia: aurretik Hontzaren orduak edota 101 gau narrazio lanekin ere egin zuen saiakera, eta kritika txukunak lortu gainera lehenarekin. Bizitza eredugarriak honetan (izenburuak badaki zer dioen), 25 biografia aurkituko ditu irakurleak, beste hainbeste pertsonaiari buruzkoak. Ez dira biografia guztiak igual-igualak, ordea: batzuetan aukeratutakoaren bizitza zehatzago azaltzen zaigun bitartean, besteetan aitzakia besterik ez da bestelako gertaerak, bitxikeriak, kontuak azken batean, kontatzeko.

Erabateko biografia direnik ere ez genuke esan behar, ez baitira liburukoak pertsona baten bizitzaren istorioak bere gordinean. “Ez da sinetsi behar egia dela istorioetan kontatzen den guztia”, ohartarazten digu hitzaurreak. “Pentsatu, irakurtzerakoan, istorio serioak asmatutako adar-jotzeekin nahastuta egon daitezkeela kontakizunetan. Eta, alderantziz, pentsatu irakurritako istorioan sinesten hain zaila den hori egia izan daitekeela”. Errealitatea fikzioarekin nahastuta aurkituko dugu beraz, datu errealak asmatutako pasarteekin, jolas ere izan nahi duen narrazio lan honetan.

Hona hemen, hain zuzen, Txilikuk planteatzen digun jolasa: “Estimatuko nuke irakurlea liburuan kontatzen denetik egia zer den eta gezurra zer den ikertzen hastea”. Baina egon behar al du irakurleak horretara? Telebista programa horietan aurkezteko kultura nahikorik ez dugunok, baita ere? Interneten aurkituko al dugu Agustin Hiriarteren biografia? Herriko liburutegian izango al dute Isabel de Carvajalen gorabeheren berri? Gertaerak idatzita jartzen diren une beretik, kontatuak diren momentutik, gertaera izateari uzten diotela uste dutenetakoa naiz, gertaeren bertsio izateko. Eta, ondorioz, Txilikuren liburukoak fikzioaren eremuetan dabiltzan biografia gisa ulertu behar direla esango nuke, eta parametro horien baitan irakurtzeko liburua dela aldarrikatuko.

Idazle zarauztarrak aukeratutako bizitza hauek gainera (“Etsenpluen liburua” izendapena erabiltzen du behin baino gehiagotan autoreak berak) “eredugarriak” dira, bere iritzirako: lekuz kanpo dauden erregetzako pertsonaiak, behar den garaian behar den lekuan egon direnak, urrutiko gertakizunek duten distirak heroi erakargarri eta eredugarri bilakatutakoak, gizon zipotz eta harroputzak, basaneska eder eta ankerrak, pirata, kortsario eta itsaslapurrak, asmatzaileak… denetarik aurkituko dugu Bizitza eredugarriak liburuan, herriko merkatuan bezala. Oro har, ordea, biografiok gutxi dute bazterrekotik, historia ofizialak agian ez, baina besteak, herri historiak (literaturarenak?) onartu eta aitortuak izan baitira.

Hala ere, susmoa daukat horrelako biografiak ez zaizkigula hain arrotz egiten euskal literatura irakurleoi. Pablo Sastre idazle fin eta behar baino gutxiago ezagutuak ongi adierazi du berriki elkarrizketa batean Eguzkipekoak lanari buruz ari zela: “liburuan bildu nituen pertsonaiak biografietan agertzen ez diren pertsonaiak dira. Ez dira erregeak, ez dira enpresari edo artista ezagunak… Ahots gutxiago ematen zaien pertsonaiak dira, tradizio baten arabera bazterrean geratzen direnak”. Alde horretatik, Eguzkipekoak gogoangarriaren antitesia ez, baina osagarritzat har daiteke Bizitza eredugarriak.

“Badakigu askotan egon ohi dela gertakizunen bat ezkutatuta aspaldiko kondairen azpian; istorioak fantasiazko laino batekin ezkutatzen duela benetan gertatutakoa”. Eta horixe da, hain justu, irakurleak orriotan aurkituko duena.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak