kritiken hemeroteka

8.500 kritika

« | »

Mila eta bat gauen gauak / Nagib Mahfuz (Patxi Zubizarreta) / Txalaparta, 2006

Sultana damutu zenekoa Iratxe Retolaza / Berria, 2006-11-12

Gaurkoan, literatura arabiarraren eremuan 70eko hamarkadan eginiko moldatze, birsortze edo berrirakurketa ekarri dut lerro arte hauetara: hain zuzen ere, Mila eta bat gauen gauak, duela hilabete gutxi zenduriko Nagib Mahfuz idazle egiptoarrak idatzia. Nobela honetan, Mila gau eta bat gehiago liburuko narrazio-marko nagusiari heldu, eta narrazio hari jarraipena eman nahi izan dio Mahfuzek. Horretarako, abiaburuko liburu haren IX. mendeko giroari eutsi dio, eta ahozkotasunera hurbiltzen den jarioa eta estiloa gorde ditu. Baina Mahfuzek lehen bertsio haren narrazio-markoaren egitura eta zentzua irauli du, gaurkotu. Lehen bertsio hartan, zeharo banaturik zeuden bi mundu: batetik, mundu errealista zegoen, Jauregian kokaturikoa eta pertsonaia fantastikorik gabekoa; bestetik, Xerazadek kontaturiko ipuinen mundu fantastikoa zegoen. Nobela honetan ahozko istorio fantastiko horiek marko nagusian txertatzeak mundu errealista eta mundu fantastikoaren arteko tenka dakar. Hartara, nobela honetan zehar ugariak dira sinesgarritasunaren, errealitatearen eta egiaren inguruko hausnarketak, hauek guztiak espazio literarioan elkarbizi diren bi mundu hauen arteko tenkan sorturikoak, pertsonaien kontzientzietan ere azaleratzen den tenka.

Nobela honetan pertsonaien kontzientzia gatazkatsu eta aldakor hori azaleratzeaz gain, pertsonaien kokapen sozialaren inguruko aipamenak eta xehetasunak ere etengabeak dira. Pertsonaia guztiak lanbidearen arabera aurkezten dira, eta are gehiago, gizarte-talde guztiak nahas-mahas agertzen dira. Izan ere, Xariar sultanak eta jauregiko jendeak herritarrengana hurbildu eta haien iritziak entzuteko gogoa azalduko dute, eta, bestalde, nobelaren amaieran auzuneko kargurik garrantzitsuenak herritarren esku geratuko dira. Beraz, pertsonaien kontzientzia-hartzean bada bilakaerarik, baina pertsonaien kokapen sozialean ere bada bilakaerarik, iraulketarik.

Nahiz eta hainbat eta hainbat pertsonaia agertu, nobela honetako pertsonaia nagusia Xariar sultana da. Sultanaren kontzientzia-hartzea, jarrera-aldaketa eta onbideratzea dira nobelaren hari nagusia, onbideratze horretarantz bideratu dira gainerako gertaera eta istorio guztiak. Lehen bertsio hartan, Xerazaderen kontakizunen zordun zen sultanaren onbideratzea, baina, bertsio honetan, Sinbadek egindako bidaien kontaketa izango da sultanaren erabateko onbideratzea ekarriko duena. Sinbadek kontatzen duenez, beste zenbait kultura, lur eta fede ezagutu ondoren, “lilurakeria eta errealitatea” (297. or.) bereizten ikasi du. Sinbaden bidaiak eta irakaspenek badute, nik uste, Mahfuzen ibilbide literarioaren antzik. Mahfuzek batez ere mendebaleko ereduetara hurbilduz abiatu zuen literatura jarduna (errealismoa, nobela historikoa eta abar), baina 70eko hamarkadan, beste lur literario batzuetatik bidaiatu eta ikasi ondoren, etxeko lur literariora bueltatu eta lur emankor horretan sustraituriko nobela hau idatzi zuen. Emakume idazle arabiarrak Xerazaderekin identifikatu ohi dira, (horra hor, Hanan al-Shaykh idazle libanoarra, edota Fatema Mersini idazle marokoarra), eta Mahfuzek, antza, Sinbadekin eta berezi-bereziki ikus-entzunez ikasteko prest dagoen sultanarekin identifikatu du bere burua.

Erdi Aroko giroan eta ahozkotasunaren estiloan mamituriko narrazioan gaurko ikuskeraren neurrira sorturiko kontzientziak txertatzean asmatu du berezi-bereziki Mahfuzek. Tenka biziko eta hausnarketa biziko nobela, zalantzarik ez. Baina, batik bat, hierarkia molde guztiak ezbaira ekarri nahi dituen nobela (narrazio-mailen hierarkia, klase sozialen hierarkia, epailetzaren hierarkia, on/gaizto hierarkia eta abar eta abar).

Azken kritikak

Baden Verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak