« Ludohizkuntza eta beste piztia batzuk | Euskararen baliabideak »
Ibrahim jauna eta Koranaren loreak / Eric-Emmanuel Schmitt (Patxi Zubizarreta) / Erein, 2006
Filosofoetan filosofoa Ibon Egaña / Berria, 2006-10-22
“Haurra da filosofoetan filosofoa. Harritu egiten da, zalantza eta gogoeta egiten du. Helduarora iristean, erantzunak ditugula uste dugu, eta filosofo izateari uzten diogu”. Hara zerk daraman Eric-Emmanuel Schmitt frantziarra bere narrazio honetako protagonismoa, beste hainbat lanetan bezala, haurrari ematera. Zalantzak eta galderak eginarazi nahi ditu filosofia irakasle izandako idazleak, helduaroan jakintzat eta gainditutzat eman ohi dena zalantzan jarri, eta horretarako zer egokiagorik nerabezaroaren hasieran dagoen mutikoaren ikuspegia baino.
Galderak eta zalantzak, jakin-minak askotarikoak ditu Momo/Moisesek bizitzaren aurrean, eta hamaika urteko mutikoak apurka egingo die aurre bizitzaren gai nagusiei. Iniziazio-kontakizun arketipikoa da, izan ere, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, eta iniziazio eta bizitzaren ikasbide diren kontakizun orotan bezala, sexua, maitasuna, heriotza moduko Gaiei (horrela, hizki handiz) begiratu beharko die buruz buru. Hamaika urte izateko bakardadea eta gurasoen babesik eza goizik azalean ezagututakoa da Moises, amak haur zela utzi baitzuen, eta aitari, berriz, semeak barik lanak eta bestelako zereginek hartzen baitiote ardura. Bakardade eta abandono egoera horretan, Ibrahim jauna, auzo juduko “arabiarra” (izatez musulman turkiarra) izango du bizitzaren gakoen erakusle eta gidari mutikoak, modu irekian baina helburu hezitzaile ukaezinez gidatuko baitu bizitzaren zirrikituetan barrena.
Sexua izango da Moisesek helduarorako bide horretan egin beharreko urratsetako bat. “Hamaika urterekin, txerritxoa apurtu, eta putetara joan nintzen” esaldi jenialak zabaltzen du Schmitten liburua, eta horixe izango da Moisesek harreman sexualak izateko lehen bidea, prostituzioa; Kale Urdineko putek erakutsiko dizkiote plazeraren bideak Moises bizargabeari, Ibrahim agurearen onespenarekin. Halaber, biziraupen beharrek hartaratuta, lapurreta txikia eta trikimailu andana ikasi eta erabiliko ditu gazteak. Hein batean klasikoa den iniziazio kontakizun honetan, beraz, nerabeak egin beharreko bidea moral itxiek gidatu gabekoa izango da, norbanakoaren askatasunaren defendatzaile den Ibrahimek gidatuta.
Aitzitik, iniziazioaren beste hainbat esparrutan, Ibrahim zaharraren irakaskizunei (eta, ondorioz, Schmitten liburuari) ez zaie falta intentzio moralizatzailerik, batik bat erlijioari dagokionez, Korana izango baitu gidari turkiarrak gaztetxoa gidatzean. Turkiara egingo duten bidaia, hala, heriotzarekin, eta, horrek eragindako transzendentzia-gosearen ondorioz, erlijioarekin harremanetan jartzeko bidea izango da Moisesentzat. Ez alferrik, baina, Ibrahim sufista izan dadin hautatu du egileak, eta, hala, erlijioaren irakurketa askeagoa, ez hitzez hitzekoa eta kritikoa irakatsiko dio gaztetxoari.
Izan ere, erlijioa da Schmitten Ikusezinaren trilogiaren ardatz tematikoa (liburu honek eta Milarepa nahiz Oskar eta Mamie Rose-k osatua), eta horretan ere ez du asmo didaktikorik ezkutatzen idazleak: gizakiak duen erlijio-beharra azpimarratu nahi du, eta horrekin batera erlijioen arteko bakezko elkarbizitza posible dela aldarrikatu (judu eta musulmanena, narrazio honen kasuan).
François Dupeyronek zinemara eta hainbat konpainiak taula gainera eramana, elkarrizketa biziz eta ugariz, perpaus zoliz, erritmo azkarrez garatutako narrazio gustagarria da Schmittena, Patxi Zubizarretak dotore ekarria euskarara, nahiz eta irakurle honen gusturako bederen, zenbaitetan intentzioetan agerikoegi, naifegi, eta, batez ere, didaktikoegi gertatzen den.
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres