« Iparralde tipikoa | Ilunpeetan barrena »
Dantzaldia / Irene Nemirovski (Eider Rodriguez) / Txalaparta, 2006
Krudeltasun lezioa Josu Lartategi / Deia, 2006-09-29
Hamalau urteko Antoinette-ren ekintza erretratatu zuen Irene Nemirovski-k Dantzaldia honetan (Le Bal jatorrizkoan, 1930ean argitaratua), zentzu bikoitzeko ekintza: mendekua itxuraz, baina autoafirmazio ekintza sakonean. Mendekua da noski, aita-amen kontrakoa, debekuen kontrakoa, urteetako bazterkeriaren kontrakoa, tratu iraingarriaren kontrakoa. Baina autoafirmazio ekintza ere bada noski (errebeldia baino gehiago), etorkizun hobearen aldekoa, heldutasunaren aldekoa, emakumetasunaren aldekoa, askatasunaren aldekoa. Badu, beraz, aurpegi biko interpretazioa Antoinettek burututakoa.
Eleberri laburra dugu hau, edo ipuin luzea gurago bada, eta in crescendo nabarmena du, tentsioan zein informazioan zein perspektiban.
Kampf sendia aberats berriak dira, iragan txiroko jende akonplejatua, handiuste ergelak, eta eginahalean dabiltza Parisko goi mailako gizartearen onespena jasotzeko. Horretarako dantzaldia antolatu dute. Antoinette alabaren nahigabea itzela izan da, muturra ez agertzeko esan diotenean, gaztea baita oraindik. Hortik omen dator mendekua, nahiz eta nerabearen bat-bateko erreakzio batek eragin.
Irakurri ahala, ordea, azalekoa utzi eta barrukoa ezagutuko dugu: Kampftarren konplexuak eta miseriak, adibidez, eta alabari ematen dioten tratu iraingarria, azken batean iraganarekiko lotura bat delako. Ama da guztietan krudelena, baina aitaren anbiguotasunak ez du bere burua toki onean uzten. Kontakizunak aurrera jo eta rolak nolabait aldatu egingo zaizkigu, kontalariak perspektiba aldaraziko digu: ama zahartze bidean dakusagu; alabak bide eskatzen du; aitak guztiarekiko erdeinua erakusten du. Alabarekiko hasieran sentitu dugun sinpatia desegingo da, maila batean behintzat. Duen krudeltasunak zurturik utziko gaitu.
Sentimenduz beteriko eleberria da, azpian emakume gaztearen sexualitatea ageri duena, gizonekiko grina; amarena ere ageri da, bere kasuan gizonezko maitale gaztearen ezpainen gose dena. Gizonak erabat bigarren mailako presentziak dira, aipatu eta apenas parte hartzen duten pertsonaiak. Kampf jauna da garrantzia duen bakarra, baina nolabait hura ere presentzia indartsua baino ez da, haren emazteak daramalako kontakizunaren pisua.
Azkar irakurtzen da, Eider Rodriguez itzultzaileak sarreran dioskun lez “hasperen batean”. Egia da. Azkar eta erraz. Irene Nemirovski, nire ustez, idazle mitifikatu berria da, publizitateak mitifikatua nahiago bada. Haren idazkiek, onak izanagatik, badute promesatik zerbait. Promesa hura, zoritxarrez, Auschwitz-en hautsiko zen.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi