« Izaera kontua | Eta orain zer? »
Zazpi urkatuak / Leonid N. Andreiev (Jose Morales) / Alberdania / Elkar, 2006
Heriotzaren gerizpean Iratxe Retolaza / Berria, 2006-09-10
Joxe Azurmendik Iraultza sobietarra eta literatura (1975) saiakeran esandakoari kasu eginez gero, duela 30 bat urte euskal irakurleen artean literatura errusiarrak jarraitzaile sutsurik bazuen. Ziur asko, gizarte egoerak sorturiko jakin-minak ere hartaraturik. Orduko egoera haren erakusgarri, horra hor saiakera huraxe. Lehen hurbilpen batean, antza, literatura errusiarrak ez du halako miresmenik sortu belaunaldi gazteagoengan, ez behinolakoak, ez garaikideak. Nolanahi ere, hogeita hamar urte hauetan literatura errusiarrak jaso du bestelako arreta berezirik gure artean, itzultzaileena. Literatura Unibertsala saila abian jarri zenetik, izan ere, literatura errusiarrak izan du lekurik: Txekhov, Tolstoi, Dostoievski, Gorki, Lermontov, Pushkin, Gogol, Turgenev. Aipatu idazle gehienak XIX. mendean jazoriko literatura errusiarraren loraldiaren seme dira, Maxim Gorki izan ezik, mende berriranzko aldaketaren erakusle dena. Gorkiren garaikide, miresle, lankide eta adiskide izan zen Leonid Nikolaievitx Andreiev bera, hain zuzen, Literatura Unibertsala sailaren 119. aleak aurkeztu berri digun idazle errusiarra. Zazpi urkatuak lelopeko ale honetan, Andreieven hiru narrazio luze bildu dira: “Zazpi urkatuak”, “Ilunpeak” eta “Espektroak”.
Lehen narrazioan, heriotza-zigorra ezarri zaien zazpi lagunen heriotza aurreko egoerak dira kontagai; bigarrenean, prostituta bat eta bere burua heriotz arriskuan ikusten duen ekintzaile baten arteko harremana da kontagai; eta hirugarrenean, zoroetxe bateko gaixo batzuen arteko harremana da kontagai. Nola edo hala, heriotzaren inguruko sentimenduek harilkatzen dituzte hiru narrazio hauek: heriotza aurrez aurre izatean sentituriko beldurra, poza, samina, kezka, oinazea, axolagabekeria, handiustea, eta abar. Hiruretan, bada, heriotzaren itzal luzea: izan heriotzaren zain daudelako, izan hilezkor sentitzen direlako, izan hilik sentitzen direlako.
Narrazio hauek irakurtzen ari nintzela, ezinezkoa izan zait Txekhoven itzal luzerik ez arnastea. Pertsonaien barne-munduetan arakatzeko joera bere-berezkoa du Txekhovek, eta nire ustean, Andreieven ipuingintzaren alderdirik aipagarriena ere pertsonaien egoerak eta sentimenduak deskribatzeko gaitasunean datza. Gainera, Andreieven ipuinetan Txekhoven erritmo mantso eta tonu melankoniatsuaren oihartzuna bada, bi-biek pertsonaien psikologian sakontzeko eta irakurlearengan emozioak mugiarazteko hain egoki erabilitako baliabideak. Dena dela, bada alde aipagarririk, garaian garaiko gizartearen egoerarekin oso loturikoa, gainera. Txekhoven ipuinetan eguneroko ekintzak azalaraziz bizitzaren alderdi xumeen tragediak eta giza izaeraren huskeriak aurkezten dira. Andreieven ipuinetan, aldiz, egoera tragikoenetan ere ezkutatzen diren bizitzaren alderdi xumeak, egunerokoak eta ohikoak dira kontagai.
Hiru narrazio hauetan luzeena eta landuena bildumari izena eman dion “Zazpi urkatuak” narrazioa da, heriotz-zigorraren aurreko zazpi lagunek harturiko jarreran sakontzen duena, eta harreman-sare aberatsena sortu duena. Nolanahi ere, Andreieven narrazio hauetako zenbait pasartetan narratzailearen erabilerak huts egin duela iruditzen zait, batik bat fokatzearen erabileran. Nire ustean, epaile izan asmo ez duen narratzaileari epailetzarako joera gailentzen zaio tarteka-marteka. “Zazpi urkatuak” narrazioan esate baterako, deskribatzaile eta behatzaile izan nahi duenari, epaile isuriak ihes egiten dio. Akaso, (egilearen ahotsak) heriotzaren gerizpeari beldur.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez