« Eztabaida-animalia | Idazketa-ariketak »
Dantzaldia / Irene Nemirovski (Eider Rodriguez) / Txalaparta, 2006
Intentsitatea Iratxe Retolaza / Berria, 2006-07-16
Ezustean topaturiko Irene Nemirovskiren narrazio baten argitarapenak hautsak harrotu zituen duela bi urte, eta hildako idazlearen literatura indar biziz berpiztu. Mende herena gorderik eta argitaratu gabe igaro ondoren, Suite française lan amaitu gabearen plazaratzeak literaturazaleak aztoratu ditu, eta literatura-lan haren bikaintasunaren oihartzuna bazter anitzetara azkar batean hedatu. Baita gurera arineketan heldu ere. Alabaina, Suite française argitaratu eta haren oihartzuna berpiztu denetik bi urte eskas igaro direnean, Eider Rodriguezek euskal irakurleoi Nemirovskiren literatura sentitzeko aukera luzatu digu, Nemirovskiren Dantzaldia nobela laburra euskarara bihurtuz. Hain zuzen ere, 1930. urtean Frantzian argitaraturiko nobela honek eman zion sona Nemirovski gazteari, idazleak hogeita hamar urte bete ere ez zituenean.
Nobela honetan Kampf familia aurkezten zaigu. Kampftarrak aberastu berri dira, eta Parisko luxuzko etxe berri batera aldatu dira. Baina oraindik ere ez dute Frantziako goi mailako familien oniritzirik eskuratu. Oniritzi hori erdiesteko asmoz, Kampf senar-emazteek dantzaldi bat prestatzea erabaki dute, Frantziako familiarik entzutetsuenak gonbidatu eta haien begirunea eskuratzeko. Kampf senar-emazteen alabak, Antoinettek, dantzaldira joan nahi du, baina gurasoek ez diote uzten; ez omen behar bezain heldu. Antoinettek ez du erabaki hori onartuko, eta mendekua hartuko du.
Nobela hau laburra bezain indartsu eta bizia da, itxuraz labur eta sinple den istorio honen atzean sare konplexu eta indartsua osatu delako. Harrigarria da, bikaina, bi pertsonaiaren psikologia sakon-sakonetik agerrarazteko egiten duen saioa. Izan ere, dantzaldiaren aferaren bitartez ama-alaba arteko harreman gatazkatsu, korapilotsu eta mingarria agerrarazten zaigu, eta irakurleak kartsuki sentituko ditu ama-alabek bizi dituzten gorroto, samin, maitasun eta gurariak, egilearen lumari hautemate psikologiko zorrotza baitario. Gainera, molde laburrean ama eta alaba arteko harremanaren bilakaera mamitsua da kontagai, edonola ere, guztiz dramatikoa den bilakaera. Azken buruan, ama-alabak elkarrengana sentitzen duten ezinikusi eta herra horretan bada ispilu-jokorik, eta elkarrenganako mespretxu horretan, izan bada, nork bere buruarengan aitortu nahi ez duenik. Izan ere, Antoinettek gorrotozko sentimenduen artean ere badu zoriontsu izateko itxaropenik, eta zoriontasun hori gizonezko maitale baten besoetan irudikatzen du. Oharkabean, bere amaren desira berak biltzen ditu (maitalea, dantzaldiko printzesa izatea, gorteiatua izatea eta abar). Alaba amaren itxaropen bertsuekin bizi da, eta oharkabean, desiren zapuzteen bidegurutzean egingo dute topo, baita bereizi ere. Ama-alaba artean bada elkarrenganako dependentzia, botere-jokoa, bakardade bizia. Halaber, bada gizartearen itxurakeriak sorturiko errai zauriturik.
Narrazio honek ia oharkabean harrapatzen du irakurlea, eta konturatzerako irakurleak bere burua unibertso literarioan buru eta bihotz murgildurik sentituko du. Literatur obra batek gorazarre biziak jaso dituenean, irakurle honek grinatsu abiatu ohi du irakurketa, baina baita tentuz ere.
Gehiegizko igurikimenek, irrika piztearekin batera, irakurketa zapuzteko arriskua ere ekar baitezakete. Baina, Nemirovskiren nobela hau goseturik abiatu banuen, irakurketa amaitzean are gosetuago nintzen. Nemirovskiren literatura hurbilagotik ezagutzeko goseak harrapaturik. Izan ere, Dantzaldia nobelak erraiak mugiarazi zizkidan oso, eta nobelaren azken lerroa amaitu orduko, berriro ere lehen lerrora lotzeko gogoz nintzen.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria