kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Animalia disekatuak / Iban Zaldua / Utriusque Vasconiae, 2005

Eztabaida-animalia Aritz Galarraga / Gara, 2006-07-15

Euskal panorama literario txikian eztabaidagaiak egon badaudela uste duenetakoa naiz, baina gero eztabaida gutxi gauzatzen diren sentsazioa daukat: ez ohiko komunikabide tradizionaletan, ez eta denbora eta dirua aurrezten dizkigun interneten ere. Azkenaldian irakurle bezala jarraitu ditudan eztabaida gutxietan (literatur kritikaren ingurukoak aparte, noski) Iban Zalduaren izena aurkitu ahal izan dut eztabaidatzaileen artean (Volgako Batelariak 2006/03/22 eta Eremulauak 2006/05/15). Egia esan, asuntoari gatz pixka bat jartzen dion bakanetakoa dugu Zaldua eta, eztabaiden hutsaltasunaz jabetuta, irakurleak behintzat disfruta dezan saiatzen dena.

Gustuko du Ibanek literaturaren gainean literatura egitea, “Obabatiko tranbia” argigarrian erakutsi zuen bezala. “Animalia disekatuak” honetan ere antzeko zerbait egin du, hau da, gure literaturan pil-pilean (izan) diren hainbat gai bildu: belaunaldi literarioen auzia (tarte nabarmena eskaintzen zaio), poesiaren egoera petrala, idazle arrakastatsua bihurtzeko metodoa, bidaia-liburuen inbasioa edota sexuaren presentzia euskarazko literaturan, sarreran argitzen zaigun bezala. Hemen bildutako artikuluak, halaber, aurretik bestelako komunikabideetan argitaratuak izan dira. Horregatik liburu hondarreko oharretan azalpena: “liburu hau museo bat da edo, hobeto esanda, hilerri bat, gauza hilentzako gordailu bat”.

Eta akaso Iker Jimenezek “Cuarto Milenio” programan aztertzekoa litzateke, baina iruditu zaizkit hemen agertzen diren “animalia disekatu” horiek zertxobait mugitzen direla, oraindik bizirik daudela alegia. Liburuko eztabaida horiek amaitutzat emanak bai, agian, baina ez inondik inora bukatuak. Aitor Aranak berriki argitaratutako “Editorea” lanean, esaterako, literatur belaunaldien gaia aipatzen zen, zeharka bada ere, eta Mugalarin egindako elkarrizketan eztabaidarako ideia bat aipatu zuen (Zalduaren beste ideia bati erantzuten diona nolabait): zergatik erreparatzen zaion Espainiako Sari Nazionalari belaunaldi batek arrakasta izan duenetz neurtzeko.

Gero beste gai batzuekin pasa zait gainditutako eztabaidak zirela uste nuela, “Poesia, literatur generorik gorena (noski)” artikuluan umore handiz azaldutakoa esaterako. Baina errealitatea egoskorra da gero, eta beste behin oker nenbilela erakutsi dit. Hemerotekei errepasoa ematen ari nintzelarik, “Poetikak & Poemak” liburuari Felipe Juaristik eginiko kritikarekin egin dut topo eta bertan zera aipatzen da: “Nik ere ez dut uste poesia beste literatura-generoen gainetik dagoenik, baina beste arrazoi batengatik. Poesia da literatura-genero bakarra eta gehiago ere esango nuke. Poesia artea da. Eta artea poesia da. Poesia ez den oro, artearen mugetatik kanpo dago”.

Egia aitortze aldera esan beharra dut orokorrean gustuko dudala Iban Zalduaren lana. Esaten duenagatik bainoago esaten duen moduagatik, clar i català, beste batzuek esango luketen moduan. Eta artikulu bilduma honek ere ez du kale egiten, nahiz eta artikulu solteen bilduma izateagatik, zenbait pasartetan ideiak errepikatzen diren (belaunaldien azalpena, esaterako). Liburuarekin konturatu naiz, gainera, umoreak umorea kutsatzen duela, umoretsu ekin diodala iruzkin hau idazteari. Ezen Forgesen aipu agian apokrifo batek dioen bezala, “umorea gizakiaren inteligentziaren sintesia da” eta hori eskertu egiten da edozein irakurketatan. Ezin ukatu, beraz, eztabaidarako animalia dela Iban Zaldua. Beste kontu bat da horretarako kapazitatea ote dugun.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak