« Bizitzaz | Burdinazko hanka herrenak »
Groucho eta ni / Groucho Marx (Miren Arratibel eta Aintzane Atela) / Meettok, 2006
Groucho eta gu Ibon Egaña / Berria, 2006-06-04
Atzerriko literatur lanak itzultzerakoan, aukera amaigabe horretatik zein lan euskaratu hautatzerakoan euskaraz sortutako literaturak ments ditun genero, literatur molde eta erregistroak dituzten lanak itzultzea izan liteke agian irizpideetako bat, edo hala ez bada ere, irizpidea horixe izan ote den etortzen zaio bati gogora Groucho eta ni irakurtzean. Batetik, autobiografiaren esparruan (oso sui generis izanagatik) kokatzen den testua delako, eta euskaraz autobiografia eta autofikzioaren esparrua birjina ez izanagatik, inolaz ere agortua ez delako, eta, bestetik, norbere buruari bezala munduari ironiaz eta umorez begiratzen zaiolako liburu honetan, eta umoretik ere ez dabil soberan euskarazko literatura. Literatur lan klasikoak, alegia testu kanonizatuak dira, bestalde, egundaino eskuarki euskaratzen direnak eta, jakina denez, nekez eman ohi zaio klasiko izendapena umorea nortasun ikur duen lan bati. Ia salbuespena litzateke Groucho eta ni, klasiko modernotzat hartua, eta, norengandik datorren jakinda, umorea ezinbesteko osagai duena. Horregatik guztiagatik, aukera ezin aproposagoa izan da liburu hau euskaraz ematea, eta eskertzen diogu zinez Meettok argitaletxe sortu berriari abentura zoro honi ekin izana eta itzultzaileei asmo eder zena emaitza gozagarri bihurtu izana.
“Kronologia analfabeto” bati jarraiki idatzia, umezarotik Hollywooden arrakasta, dirua eta ospea bildu zuten arteko bizialdia du kontagai Groucho Marxek liburuan. Autobiografia da, beraz, testua, baina ez ohiko autobiografia, Marxek berak generotik kanpo ikusi baitzuen bere lana. “Ia ezinezkoa da autobiografia egiati bat idaztea”, diosku lehen kapituluan, eta autobiografia idatzi duten idazleek beti bere burua agertzen eta aldi berean ezkutatzen dutela gehitzen. Agian bestelako autobiografia-egileekiko Marxenak duen diferentzia horixe da: bera erabat kontziente dela, eta irakurleari espresuki aitortzen diola ez dela “egia” osoa esaten ari, eta ez duela batere interesik bere bizitzaren (are gutxiago bizitza pribatuaren) xehetasun guztiak emateko: “Aitortu beharra daukat liburu honen gaia ez zaidala inoiz iruditu munduko gairik erakargarriena”. Gaur egun boladan dagoelako agian, autofikzioaren eta metaliteraturaren gainean Grouchok egiten dituen iruzkin eta sartu-irtenak gaurkotasun erabatekodunak begitantzen zaizkio oraingo irakurleari; hots, etengabeak dira idazten ari denaren gaineko iruzkinak, ustez lantzen duen generoaren gaineko oharrak eta gogoetak, oso gaurkoaren traza hartzen duelarik autobiografiak. Irakurlearekin jolas egiten du etengabe, hari zuzenean zuka, bigarren pertsona singularrean zuzenduz, eta idazle-irakurle hitzarmena modu agerikoan, zuzenean, eta hala ere indarrik galdu gabe, erakutsiz.
Jolas/hitzarmen horretan, gorde-gordeketan dabil Marx, orain bere bizitzaren atalak erakutsiz, hurrenean (batik bat bizitza intimoari dagokionean) bere burua ezkutatuz, dela isiltasunean aterpetuz, dela orokortasunera joz. Irakurleak aurkituko duena ez da, beraz, bere bizitzako gertaeren hurrenkera kronologikoa izango (nahiz eta gutxi-asko horixe den), ezpada bere bizitzatik abiatuz egindako giro eta garai oso baten deskribapen bikain, zehatz, dibertigarria: vaudeville-aren garaiak, 29ko krisia, telebistaren hasierak, Hollywooden urrezko sasoia… Anekdotaz anekdota, gagez gag doa Groucho mundu bat eraikitzen, eta bere eta bere anaien bizitzako pasadizoak kontatzen dituelarik, Marx anaien film bat ikusten ari delako irudipena du irakurleak. Agian izango da, Harkaitz Canok hitzaurre dotorean dioen gisan, pertsonarena bainoago pertsonaiarena delako autobiografia, edo izango da apika pertsonaiak pertsonatik asko zuelako, biak, pertsona eta pertsonaia ez bereizteraino, Grouchorenean bezala gainerako Marx anaiengan ere.
Nahitaezkoa.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria