kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Inon izatekotan / Juan Luis Zabala / Susa, 2006

Bizitzaz Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2006-06-02

Poza eman dit jakiteak Juan Luis Zabala berriro Handkeren bila abiatu dela, hasierako garai haietan bezala, libreagoa zenean eta inuzenteagoa ere bai, denok bezala. Poza ere eman dit jakiteak Juan Luis Zabala bere baitara ere bildu dela, literatura ibilaldi luzea baita, bizitza bezala. Nork bere buruarengandik ihes egin beharra du, hasieran behintzat, bere buruarekin topo egiteko azkenik. Literaturak, ordea, ez du beti bizitzarekin zer ikusirik, bizitzaren fikzioarekin baizik, bizitzaren irudikatze hutsarekin, baina bizitza ez da fikzioa, eta literatura bai, eta bizitza fikzio denean literatura da, ez bizitza, alegia bizitza literarioa da, eta gure artean zabaltzen hasia da, bestalde, funtzionario, aditu eta espezialistekin batera.

Idazleak bere buruarekin nahikoa lan ez balu bezala, horra hor espezialistak, lerro askorik idazteke, euskal letren eta euskal letragileen, euskal idazleon, epaile bainoago, zenbatzaile bihurtuak. “Zenbat gara?” kantatzen dute. “Bost, lau, hiru, bi, batere ez”, eta lasai geratzen dira. Barregarria da; edukitako maitaleen kontua daramaten agureak dirudite.

Juan Luis Zabala idazle da eta idazle dela frogatu du, ez liburu honekin bakarrik, besterekin ere bai. Baina liburu hau idazlearen lanaren erakusgarri ere bada. Eguneroko puskak, gogoetak, aforismoak, ipuin solteak, egunetik egunera egindakoaren ibilbideko harritxoak dira. Ez dut esango egiazko liburua denik, oso zaila baita halako liburuetan egia aurkitzen, eta gainera, beti dago idazleak kontatzen ez duenik.

Liburuan dauden isiluneak berari buruzkoak dira, hain zuzen. Idazleak egunerokoetan eta memorietan beste pertsonaia bat sortzen du, beste “ni”a, libre asko uzten duena, ibil dadin munduan zehar. Honek ere ez du esan nahi erabateko fikzioa direnik liburu honetan bildutako testuak. Bizitzaz idazten duen idazlea benazkoagoa baita, bizitzaz idazten ez duena baino. Juan Luisek bizitzaz idazten du, ez bizitza literarioaz.

Eta hori, eskergarria ez ezik, estimatzekoa ere bada.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak