« Ume galdua | Lasto umela »
Desolamendua / Yasmina Reza (Xabier Iaben) / Igela, 2006
“Esplika iezadazu zoriontsu hitza” Ibon Egaña / Berria, 2006-05-21
“Nahiago zintuzkedan gaizkile edo terrorista, zoriontasunaren militantea baino”. Samuel, 73 urteko agure erretiratuaren hitzak dira, Desolamendua den bakarrizketa luzean bere semeari zuzentzen dizkionak. Bizitza eta existentzia desasoseguz, heldulekurik gabe, jainkorik gabe, ezertan federik izan gabe bizi duen Samuel nihilistak zoriontsu izatea balio gorentzat hartu duen gizarteari egiten dio eraso, bere semeari, alabari, emazteari, bilobari… eta haien bizi-ereduei kritika eginez, haiei bizitzaren absurdoa ikusarazi nahiz. Zoriontasuna helburutzat hartzea existentziaren zama eta zentzugabea ukatzearen parekotzat du Samuelek, zorionak ukatu egiten du desolamendu existentziala, eta hori berori da grina eta pasioa sorraraz dezakeena. Beckett (hortik agian protagonistaren izena?) eta Cioran aipatu ditu kritikak, besteren artean, Rezak Samuelen bitartez birsortzen duen mundu-ikuskera pesimista, etsituaren iturri eta parekotzat (eta aipa liteke Celine ere). Alabaina, hasiera batean irudi lezakeena baino konplexuagoa eta erztsuagoa da Samuelen pertsonaia, kontraesanez betea, eta, zalantzarik ez, pertsonaiaren eraikuntza biribil hori da Desolamendua-ren indargune nagusia.
Pertsonaia baino gehiago tipo bat dirudien semeari kontrajartzen dio bere izaera Samuelek: bizitzan zoriontsu izan, egokitu bat izan, bere tokian egon beste helbururik ez duen semeari, zeina urte sabatikoa hartuta oporretan baitago urruneko herrialde paradisiako batean. Beste zenbait lanetan egin bezala, Rezak hemen ere aitaren figuraz hausnartzen du, eta aita-semeen arteko harreman gatazkatsuak bistaratzen, aitaren ikuspegitik: bere erruduntasun sentimenduekin, bere onartu ezinekin… Gizartean eta bizitzan leku erosoa bilatu nahi duen semearen aurrean, Samuelek uko egiten dio egokitzeko ezein asmori, eta horretan, ziurrenik, bere judutasunak badu zerikusirik. Rezak berak esana da “hizkuntza da egiazko aberria, baina ez dut neure sentitzen kultura frantziarra”; eta ez-egokitze hori, deserosotasun hori Samuelen pertsonaian ere irudikatzen da, gizona gizarteak ezarritako baloreetatik at kokatuz. Baina, bere kide juduek ez bezala, Jerusalem berrian etxea eraikiz agindutako lurra berreskuratzeari muzin egiten dio, bere jarrera anti-sionistak eraginda, eta bere buruari salbaziorako eta itxaropenerako ezein fede eragotziz.
Arte antzezlanarekin nazioarteko entzutea eta arrakasta erdietsi zuen Rezak ezagun du narrazio lan honetan ere teatro lanetan duen eskarmentua. Samuelen bakarrizketa orokorrean (zuzenean semea, eta baita irakurlea ere, interpelatuz) pixkanaka agertuz doaz, era errepikakorrean protagonistaren obsesioak, eta jario horretan txertatuz doaz hainbat pertsonaiarekin dituen elkarrizketak, narrazioari antzezlan taxua emanez. Ahozkotasunetik hurbil dagoen erregistrora jotzen du maiz Rezak, nahiz eta (jatorrizkoa ezagutu gabe ari naiz) badirudien itzulpenean hizkuntza maila zenbaitetan goratu egin dela, ahozkotasun horren kaltean. Halaber, inpresioa du batek taula gainerako nobelarako baino egokiagoa litzatekeen idazkeraz baliatzen dela maiz egilea, sententziara, perpaus biribiletara joz, eta aferak batzuetan modu ebidenteegian, esplizituegian plazaratuz. Edonola ere, gaurko gizarteaz eta, oro har, giza bizitzaren zentzuaz (alegia, zentzurik ezaz) hausnartzeko testu gozagarria da Desolamendua.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres