kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Poema argitaragabeak / Bitoriano Gandiaga / Arantzazu / Elkar / Labayru, 2005

Ume galdua Iñigo Roque / Gara, 2006-05-20

Bitoriano Gandiagaren Poema argitaragabeak esku artean hartzean, irakurleak izan ditzake zenbait aurreiritzi. Poetek ez dituzte apailatzen hil ondoko poemen edizioak. Itxaro Bordak, esaterako, aspaldi ez dela galdatu zuen bere orri guztiak suari emateko. Orobat, norberaren aldartea goibeldu egiten da, inoiz aditzerik izan badu nola galdu ziren halako idazleren paperak, familiaren isilean ostuak, eta nola, denboragarrenean, urliak atera zituen agerira jaiotzaren edo heriotzaren urteurreneko diru-laguntzen karietara. Oraingoan bestela gertatu da. Izan ere, Joxe Azurmendik Adioren hitzaurrean gaztigatzen zuenez, Gandiagak ez zuen aintzat hartzen bere idazle-lana, eta, jakina denez, argitaratzea beti neke izan zuen. Ahotsik behartu gabe, kasurako, komentura aldiro liburuak bidaltzen zizkioten Ereinen arduradunekin zorra kitatzeko plazaratu zen. Bestetik, oso ezagun da Oteizaren akuilua ere eragile izan zuela… Esan dezagun, hartara, idazleak gordean irrikatuko zuela argitalpen hau, apaleko karpetak eta bazterreko zakarrontzia kontrako norabideetan egoten baitira.

Egunotan Elorri irakurri dut atzera, idazlearen liburuetan lehenbizikoa izanagatik benetan umotua. Duela hainbat urteko sentipenak berritu zaizkit. Eta orain ere Ama Birjinari buruzko gorespen-poemak antxintxika pasatu ditut.

Gero, liburuki guztien hitzaurreak hostokatu ditut. Batzuetan gorazarre-sunda larriegia darie, “baserritar-frantziskotar solidarioa” esaten dio Sarriugartek poetari, eta itaundu: “Ba al duzu kontutxook nori kontatua zeruko zure egoitza berrian?”. Garcia Trujilloren hitzaurrea oso interesgarria da, Ezkiagarena bezain. Hiru ardatz erakusten dizkigu, Gandiagaren ikusmoldea konprenitzeko: primitibismoa, txikitasunaren aldekotasuna, eta existentziaren kezka. Eta hauxe gaineratzen du: “Gandiagaren olerkiak ez dira solte irakurtzeko izaten”; eta aurrerago: “Orain argitaratzen ditugu, lehenago ere argitaratuta zeudenen kontestu zabalean”. Hala ere, Gandiagaren atsekabeaz gutxi esaten dute iruzkingileek.

Azkenik, Izadiminez liburukia irakurrita, aienatu egin dira edizioari buruzko aurreiritziak oro. Betiko Gandiaga ageri da, sakabanatuago, lokabeago, poemak oharrak balira bezala, baina bere osoan: dotore (“Aketaindik honuntz nentorrela, / iluntze ataurreko / ordu gris horian”) eta musikaltasun miragarriz (“Harrien / burnien / egurren / lurraren / itzala / argiak du / pizten / ilunak du / hiltzen”).

Eta Gandiaga tormentatuarekin topo egin dut, “Euskal Arkadia”-n ezin baketurik. Izan ere, horixe da, nire iritziko, Gandiagaren bereizgarri nagusia eta eragilea: sosegatu ezina, duda-muda etengabea. Hamaikatxo poema eman zituen bere fraidetasuna sendotzeko. Elorrin honela elekatu zen: “Nik ezingo dut igurtzi / ule gorridun bururik”; edo “Pozik bizi nazala / dinotsudanean, / ez dinotsut saminik / ez daukadanikan”. Hamar urtetan etxekoen ondotik eramanez geroztik, min hori ez zitzaion behin ere jabaldu. “Bakarzalea naiz”, esaten du Izadiminezen. “Animalia naiz”, kantatzen digu, “euriaren laguna”, arbasoak gomutan betiere: “Gurasoengandik ikasi nuen / lurra maitatzen”. Eta harako atsotitz haren pleguan, arranguratzen zaigu: “Hariztileuneko zozo-kantu sendoa, / Hariztileunetik kanpora, / hutsaren pareko”. Hariztileun Orbelaun dateke, Gandiagaren sortetxea.

Poema argitaragabeak lau liburukitan atondu dira gaika, kaxa dotorean, garestitxo eta ezin banaka erosirik. Orain Gandiagaren obra osoaren edizio kritikoa baino ez dugu falta.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak