kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Antologia apetatsua / Julio Cortazar (Jon Alonso) / Txalaparta, 2005

Kortazar Aritz Galarraga / Gara, 2005-09-17

Cortazar euskaratu dute. Ez dakit liburuaren aurkezpena egitean berria jaso zuten egunkariek zer nolako titularrak idatzi zituzten, baina nik horrelako zerbait idatziko nuke: “Cortazar euskaratu dute”. Berria pozgarria da. Ez da lehenengo aldia, literatura unibertsaleko lanak gure hizkuntzan paratzeko egiten ari den lan eskergaren baitan, Gerardo Markuletak “Oktaedroa” izeneko ipuin liburua itzuli baitzuen orain hamairu urte. Baina hortik kanpora ezer gutxi. Horrexegatik da pozgarria Jon Alonso idazle eta itzultzaileak prestaturiko antologia apetatsu hau, XX. mendean gaztelaniazko literaturaren gailurretako bat den eta idazle belaunaldi diferenteen erreferentzia literario den idazle handi honen lanaren lagin berri bat euskaraz irakur dezakegulako. Hutsunea aukeran handiegia da oraindik, baina itzulpen hau beharrezkoa inondik ere.

Antologia honi itzultzaileak, zuhurtziaz, “apetatsua” adjektiboa erantsi dio. Eta adjektibo hau eranstearekin batera justifikaturik geratzen dira antologia honetako ipuinak nahiz ausentziak, itzultzailearen kapritxoaren arabera aukeratuak baitira bertan aurkituko ditugun lanak eta ez bestelako irizpide literario edo kronologikoren arabera. Izan liteke ardura ekiditearren erantsitako adjektiboa, baina kontua da, nahi gabe ala nahita, aukeratutako ipuinok azken batean Cortazarren obra zabalaren lagin nahikoa esanguratsua direla. Hamar ipuinok hogeita hamar bat urteko tartean daude argitaratuta, “Etxe hartua”, adibidez, 1951n kaleratu baitzen eta “Zinez maite dugu Glenda”, berriz, 1980ko bilduma batean. Beraz denbora tarte zabal bat hartzen du antologia honek, idazle argentinarraren obra luzearen muina jasotzen duen denbora tartea. Gainera, narrazio labur ezagun eta garrantzitsuenak antologia honetan bildurik daude, erabili ohi zituen errekurtso tekniko ugariak ere bertan islatzen direlarik: narratzaile ahots diferenteak “Cora andereñoa” edo “Deabruaren lerdea” ipuinetan, irakurlea harrapaturik geratuko den atmosfera misteriotsu eta kezkagarria “Etxe hartua”-n, eta abar, guztiak ere proposamen harrigarriak. Noski, zenbait ipuinen hutsunea nabaritu dugu, baina liburuan guztiak ezin sar zitezkeen, beraz hutsunea ez dago liburuan, hutsunea ipuinok euskaraz ez egotean dagoela uste dut: “Continuidad de los parques”, “No se culpe a nadie”, “Silvia” edota “El perseguidor” lan luzeagoa. Ausartu nahi duenarentzako lana.

Jon Alonsok burutu duen itzulpen lana ere kontuan hartzekoa da. Ahozkotasunetik gertu dagoen prosa da Cortazarrena, musikalitate handikoa eta euskara ulergarrian jartzea lortu du. Gaztelaniazko testuen erritmoa gordetzen dute euskarazkoek, eta hiztegiarekin desadostasun gutxi batzuk gorabehera, itzulpen oso txukuna da Alonsorena. Gauza bat gaineratuko nuke, gainera: atrebentzia izango da agian, baina abesti onen bertsio hobeak dauden bezala (gogoratu Jose Merce-ren “Al alba” abestiaren bertsioa), jatorrizko testua hobetzen duten itzulpenak daudela esango nuke. Barkatu atrebentzia: “Cora andereñoa” ipunean esaterako, “discúlpeme” edo “por favor, querido” bezalako espresio urrun eta hotzak alde batera utzita, euskarazkoan “barkatu” eta “mesedez, laztana” irakurtzeak ipuinaren bukaera berez bikainari gertutasuna eta beroa erantsi dizkio, eta bukaera are bikainagoa egin.

Boxeoaren terminologia erabiliz, Cortazarrek zioen nobelak puntutan irabazten duela borrokaldia eta ipuinak, ostera, KO-z. Baten bat sentituko da irabazle Cortazarrek proposaturiko borrokaldi honetatik onik irten eta gero.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak