« Kortazar | Geografia aldakorreko liburua »
Ametz / Iker Yurrebaso / Zertu Kultur Elkartea, 2005
Desertuko karabana Igor Estankona / Deia, 2005-09-20
Desertua gurutzatu. Horixe da tertzio honetan euskal literaturak egiten duena, lozorro gozoan. Desertua alderik alde gurutzatu. Durangoko Azoka aurretxoan gero eta kalkulu estuagoak darabiltzate argitaletxeek. Jakina da liburuak Azoka baino lehentxoago irten behar duela, baina ez lar, idazlana hitzordura hilda iritsiko ez bada behinik-behin. Hileok, beraz, apal tristeen hileak dira, udako buelta motelarenak.
Eta bitartean, postontzian, opari, hara non agertu zaidan Zertu Kultur Elkarteak eta Lemoako Gaztetxeak argitaratutako “Ametz”, Iker Yurrebaso igorreztarraren lehen kontakizuna, eguzkiak errea eta hareak birfindua hau ere. Ametzek gurutzatzen duen basamortua bestelakoa da, ordea. Bizirik dago, hiriak ditu dunen azpian, eta abentura laburrak, hain laburrak non pentsamentuak ematen duten, iristen ez dugun zerbaiten zati.
Arratiako Zantzoa literatur aldizkarian irakurri genizkion poema zenbait Iker Yurrebasori, eta orduko lirika nahasia bezain zoroa begitandu zaigu oraingo narratiba ere. “Ametz” ez da liburu erraza, eta irakurleak errenditurik hasi behar luke irakurtzen. Nire gomendioa da esperantza oro atariko harlaxean uztea, eta igorreztarrak asmatutako irudi, pertsonaia zein parajeetan galtzea, beste handinahirik barik.
Moebiusek sortutako Arzaken rapsodietan legez, “Ametz”en posible da samuraien oldartze bat kausitzea Saharako eremuaren erdian. Eta Sahara diogu guztiz seguru egon barik, izan ere basamortua berdin izan daiteke Gobikoa edo Kalaharikoa, edo biak ala biak oihan oparoak ziren historiaurreko Pangeako beste edozein bazter amaigabe. Komikiaren mundua presente dago “Ametz”en, dudarik ez. Maite Yurrebasoren ilustrazioek ere horixe iradokitzen dute maiz. Gainera kontakizunaren tonua ederto adierazten dute marrazkiek, eta Ikerrek sortutako burbuila atenporalaren gehigarri fidela dira.
Surrealismo kalkulatua dirudi: nahasmenaren erdian helduleku baten ilusioa uzten dizu etengabe. Noizean behin behar izaten dugu amets egitea, bizitzaren absurduaren sakonean.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez