kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Urrutira bidalia / Li Bai (Albert Galvany / Pello Otxoteko) / Alberdania, 2005

Urrutitik ekarria Inma Errea / Eizie.org, 2005-09-16

Kirmen Uribe poetak esana du euskaldunok kanpotik hartzen dugula gure lapiko txikian ez duguna. VIII. mendeko Li Bai poeta txinatarraren 49 poema biltzen dituen liburu hau horixe da: gure lapiko txikira urrunetik —ekialdetik— ekarritako osagai exotiko bezain gutiziagarria.

49 olerki horiek lagin txikia dira, haien herrikideek poeta hilezkortzat duten Li Baik idatzitako 1.100 olerkiren aldean. Baina lagin txikia izanagatik ere, balio handikoa da. Otxotekok eta Galvanyk Li Bairen poemak aukeratzean kontuan hartu dituzten irizpideak askotarikoak izan dira, eta horien artean aipagarri da poema batzuk Mendebaldean argitaratutako beste antologietan daudelako hautatu dituztela, eta beste zenbait, ordea, inongo antologiatan bildu ez direlako. Txinatar kulturan hain ohikoa den kontrakoen sintesi ezin aproposagoa, inondik ere.

Behin olerkiak hautatuta Albert Galvany sinologoak txinera klasikotik zuzenean itzuli eta Pello Otxoteko poetak forma eman die euskaraz, eta horretan emandako denbora ez da txikikeria: bost urte, bost uda, Li Bairen poema eder bezain sentigarriak euskararen lapiko txikira ekartzeko, eta, Bernardo Atxagak Hitzaurrean dioenari jarraikiz, “proposamen poetiko berriak” eskaintzeko.

Honako hau ez da Li Bairen poemak —ezta beste txinatar poeten olerkiak ere, Du Furenak, kasu— gurera ekartzen dituzten lehen aldia: Joseba Sarrionaindiak, Itxaro Bordak edo Rafa Egigurenek egindako itzulpenak ditugu aurrekari.

Galvanyk eta Otxotekok itzulitako poemez bezainbatean, haien leitzeak plazer ematen du, eta jakin-mina piztu. Hagitz deigarri dira —eta agian ez oso zuzenak, egungo hainbat pentsamolderen arabera— ardoari eta edateari Li Baik eskainitako poemak, horietako hiru, —Ilargipean edaten (I eta II), eta *Bedatsean horditurik ene sentimenduak azaldu— Sarrionaindiak aspaldi itzuliak, Alkohola poemak liburuan. Poema horietan agertzen ditu Li Baik bizitzari aurre egiteko dituen sinesmenetariko hainbat, eta horren adibide ditugu, kasu baterako, “Mundua amets handia bada, / zertan honenbesteko nekea? / Hortaz, egun osoa horditurik natza” edo”Ardotan baizik ez da lortzen plazera” dioten bertsoak.

Dudarik gabe ikuspegi epikureoa da Li Baik jorratzen duena. Ikuspegi hori, ordea, ez da soilik islatzen ardoari eta edateari eskainitako poemetan. Adiskidetasunaren goratzarrea egitean, natura zolitasunez deskribatzen duenean (“Mendiko loreak, musugorri; / sugarrak, ipurtargi uretan.”, “Gailur zaharrean hodei oihala zarrastatua”, “Banbu artean ez da giza hotsik entzuten, / urmael gainean ilargia alferrik dirdaitsu”…), maitasunaz mintzatzean edo boteretsuen bizimodua kritikatzean, sentipenei eta plazerari heltzen die.

Hala ere, Li Baik askoz gauza gehiago eskaintzen digu —sakontasun handiko pentsu sakonak eta sentimendu landuak, besteak beste—, eta Urrutira bidalia liburuak ere bai: Li Bairen poesian barnako paseo kitzikagarriaz gain, Otxotekok eta Galvanyk Txinako poesiaren gakoak ezagutzeko egiten diguten gonbita ere profita dezakegu, haren orrietan. Topak merezi baitu!

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak