kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Urrutira bidalia / Li Bai (Albert Galvany, Pello Otxoteko) / Alberdania, 2005

Bakardadean gautza Karlos del Olmo / Berria, 2005-07-05

Gizalde bat, kultura bat ulertzen hasi ahal izateko, gizaldra haren gogoa ondoen azaltzen duten adierazgarrietara jo beharra dago. Txinari dagokionez, haren poetika ia infinitua dugu herri zahar haren aurpegia fidelen islatuko digun miraila.

Poetaren inguruan indarkeria legea bada, buruzagiek, boterea lortu eta iraunaraztearren, etengabe erregimen totalitarioak badarabiltzate, poetak, herriak, banako babesgabeak modu bakarra du bizirauteko: montzoiaren enbata bortitzak jasaten dituen belar printzaren antzera, malgu moldatzea, sasoi hobea noiz etorriko.

Ez da harrigarri, beraz, Kristo aurreko XVIII. mendean, zegoeneko, poesiak banakoaren baita begira jartzea, egunerokotasunaren alderdirik arruntenei so egitea. Txinatar poesia, irudi sinkretikoak, soinuak, tonuak, ikurrak, musika halako bat. Txinatar idazkerak berak legetxe. Euskarazko bertsio honetan ere, berba bakoitzak pisu ikaragarria biltzen du, atzean irudi multzo oso bat duenez gero. Mendebaldean legez, Li Bairen garaian baziren, izan, funtzionario-poetak gortean. Hara zenbaterainoko itzala zuen gizartean poesiak. Li Baik, lanik-edo izan bazuen gortean, berehalaxe galdu zuen, edari sorgortzaileak larregi bisitatzen bide zuelako.

Li Baik abstrakzioa eta sentimenduen bizitasuna lantzen zituen. Haren poesiak, gure aroko zortzigarren mendekoa izanda, lotura estuak zituen herriko musika eta kantekin. Poetaren biografiaren hainbat zertzelada heldu zaigu. Ama ez omen zuen txinatar, eta horrek, antza, argiren bat egin dezake poetak bere garaiko gazteek edaten ez zuten iturrietan ase izanaren gainean. Konfuziotar testuak barik, liburu bitxi eta eklektikoak zituen gustuko, baita esgrima eta hilezkor izateko eromen geldiezin bat ere. Taoismoa gurago izan zuen, dotrina liberalagoa izateaz gain, hilezkortasuna agintzen zielako sinestunei. Bizi izan zuen garaian Txina kultur arrago moduko bat zen: konfuziozaleak, taoistak, mahometarrak, manikeoak, zoroastrotarrak eta kristau nestoriarrak elkarren ondoan egon zitezkeen, sinesmen eta kultur trukea lantzen. Gaztetan harekin ezkondutako emaztea, lanpostua eta aberastasunak berehala galarazi zizkion edariak. Hainbat gorabeheraren ostean, printze matxino baten ondoan egon izanak, arrakasta berpiztu halako bat ez ezik, boteretsuen aurkakoen mendekua ere erakarri zion. Kartzela ere izan zuen egoitza, eta amnistia batek aske utzitakoan, hil egin zen lakuko iretargi islatua besarkatu guran. Berrogei urte iraun zuen poetaren gorpuak lurperatzeke, ondorengoen pobrezia zela kausa. Lagun aspaldiko batek ordaindu ei zion bizitzan hainbeste irrikatu zuen Mendi Orlegiko hil osteko etzalekua.

Poemak testu motz-motzak, trinkoak, eta, euskarazko honako hauei doakienez, hainbat irudik adina edo gehiago ere balio duten poetan izkiriaturik utzi zizkigun txatalak, seguru asko, berberak gura ez zuela ere, haren erraiek diktatuta eta beharturik.

Eskertzekoa da Alberdaniak edizio elebiduna plazaratu izana, txinatar idazkera bera, bere hartan, bestelako poesia halako bat delako begiarentzat. Euskal Herriko kultura eta Txinakoa, itxura batean, elkarrengandik ezinago urrun daude. Halere, Galvanyk eta Otxotekok proposatzen diguten aukera honetako hainbat irudik ber-bertokoak dirudite. Bakardadean, lanbro hotzetan behera, bedatseko haizeak gure adioaren berri daki eta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak