« Gogoaren kontrola | Bakardadean gautza »
Nola hustu nuen gurasoen etxea / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2005
Osasuna, husteko Inma Errea / Diario de Noticias, 2005-07-04
Saiakeratik adina du liburu honek kontakizunetik, eta auto-laguntzako liburutik beste, oroitidazkitik. Hibrido bat, inondik ere. Niri pasarte batzuek Yolanda Arrietak Jostorratza eta Haria liburuan isuritako gogoetak ekarri dizkidate gogora, eta beste batzuek, bizitza bera. Edonola ere, zuzeneko esperientzia baten ispilu fidela iruditu zait, tranpa handirik gabea, baina irakurleek haien burua harrapatzeko amarruz betea. Egileak ezin du ukatu psikoanalisiarekin duen lotura, eta agerian uzten du, bestalde, zein iturritatik edan duen, hala psikoanalisiaren esparruan nola literaturaren alorrean. Hala ere, ezin hemen aurkitu testu psikologikoak maiz zamatzen dituzten hitzetatik lagin handirik. Horien ordez, bizitzaren zuzeneko aipu egiten duten izenak, objektuen eta egoeren deskribapen zehatz eta konkretuak. Gogoeta ugari biltzen ditu liburuak, baina abstrakzioaren estalkiari itzurtzen zaizkio horiek, eta bizipenen euskarriari lotu.
Gaia ez da samurra: gurasoak hildakoan oinordekoek, seme-alabek, haien etxea husteko beharra, gurasoen desagertzeak berak dakarren doluaren eta sentimendu kontrajarrien atakan. Baina, zeregin hori estakuru, beste gauza anitz aipatzen ditu egileak, beste errealitate asko xehekatu, heriotzarekin beste bizitzarekin, eguneroko bizipenekin, zerikusia duten hamaika kontu azaldu. Eta horien artean, oro har jendaurrean aipatzeko gaitz diren zenbait. Gurasoen eta seme-alaben arteko maitasun-herrak, txikitako bizipen gozo-mikatzak, familiaren baitako sekretuak eta esan-gabeak —kasu honetan egilearen familia juduak holokaustoaren inguruan bermatutako isiltasuna—, aitzinakoekin lotzen gaituzten sustrai ikusiezin bezain sendoak, ama-alaben arteko harreman sarritan nahasiak…
Gurasoen etxea hustea ez baita jarduera material hutsa, esanahi eta sinbolo askotarikoaz beteriko zeregina baizik, eta oinordetza ondare fisikoen ekarle izateaz gain sentimenduen hondabide ere izan daiteke. Edo sendabide. Ur horietan murgiltzen ausartu da Lydia Flem, gurasoen etxea hustean bere baitatik azaleratutako tristura, poza, herstura, oroitzapen, pentsu eta galderak oro adierazteko gogoari eutsita. Idazleak galde ikurrez bete ditu liburua, eta hipotesi batzuk ematen baditu ere, ez du ia tesirik proposatzen. Harrigarria da, bestalde, nola liburu hau, esperientzia guztiz pertsonalaren eta gizarte maila jakin baten berri emanik ere anitz jenderenak izan daitezkeen bizipen hagitz unibertsalen oihartzuna ekartzeko gauza den.
Itzultzailea, Joxan Elosegi, zorrotz aritu da, eta oparo, egileak deskribatzen dituen egoeren kolore, irudi eta ñabardura guztien berri emateko arretatsu beti. Itzulpenak ez du lausotzen egileak azaldutako errealitatea, eta bere osoan ikustarazten digu garai, herri eta gizarte maila jakin batzuen argazkia. Batzuetan, film bat ikusten ari garela irudikatzeraino.
Liburu bereziki gomendagarria da hau beste hainbat galeraren artean, gurasoena pairatzeko adinera iritsi direnendako, baina berdin-berdin izan daiteke interesgarri bizitzako oparien eta galmenen gainean hausnartzeko gogo duen edonorendako zein pertsonen bizipen eta sentimenduen gaineko jakin-minak jotzen dituen ororendako. Edo, besterik gabe, Europako historia hurbila ahazten ez duen kontakizun barnekoi batekin gozatu nahi dutenendako.
Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin
Peru Iparragirre
Mari-alderrai
Colette
Aritz Galarraga
Hegal egiten
Eneko Bidegain
Mikel Asurmendi
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi