kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Karonte / Asel Luzarraga / Elkar, 2005

Gogoaren kontrola Alvaro Rabelli / El País, 2005-07-03

Badirudi aspaldion berebiziko interesa piztu dela idazle gazteen artean zientzia-fikzioarekin zerikusirik duten gaiak jorratzeko. Halaxe da, beraz, Asel Luzarragaren Karonte izenburuko bere bigarren lana, zientzia-fikzioaren eta thriller-aren artean dagoen eleberria. Liburua idazle gazteak bultzatzeko VI. Igartza sariaren emaitza izan da.

Bizien eta hildakoen bitarteko lemazaina zen mitologia klasikoko jeinua gogorarazten digun liburu hau izan daiteke euskaraz gaurko teknologiak eta informatika hainbeste azaltzen diren lehenengo lana. Baina Bilbon eta Tokion girotzen den lan honetan dena ez da teknologia; pertsonaien arteko harremanak, sentsualitate erotikoa eta sentimenduak nagusitzen dira.

Amets, liburuko protagonista, luzaroan koman lo egon ostean biztu da. Betiko bizimodura nahi izango du itzuli bera jagoten jardun duen Naroa lehengusina argentinarraren eta Ainara neska-lagunaren ondoan. Baina ezin. Mendebaldeko zerbitzu sekretuek prozesagailu bat ezarri diote buruan jendea kontrolatzeko.

Hasieratik garbi azaltzen den hari horretan egileak berria ez den gaia jorratu du, kanpotik ezartzen zaigun kontrolaren gaia hain zuzen. Gai hori askotan ikusi ahal izan dugu zientzia-fikziozko zine eta literaturan, baina gaur egun, garatu diren teknologiak bide direla, inoiz baino errealagoa da, horregatik lana gaurko denboran kokatzen da.

Liburu honek asko zor dio zine eta literatura horri, eta egileak berak aitortzen duen legez, japoniar komikiari ere bai. Asel Luzarraga japoniar kulturaren miresle handia da; ez da, beraz, debaldekoa eleberria Tokion girotu izana. Bertako ezaugarriak zehatz-mehatz deskribatuta daude, hori dela eta liburua ere Japoniari eginiko omenaldi gisa har liteke.

Eleberri hau abentura bizia da, berbakera xeheaz idatzia, batzuetan sentimenduak nagusitzeko asmo horretan akzio apur bat falta arren, akzioa eta etengabeko suspensea direlako eleberrion ezaugarri behinenak. Akzioa, suspensea eta batez ere sinesgarritasuna behar dira zientzia-fikzioko lan on bat egiteko. Karonte ez da horretan erabat borobila, ahalegin duina izanik ere. Nire ustetan gaiak eta liburuaren sinpletasunak irakurle jakin bat erakarriko dute, irakurle gaztea aurki.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak