kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Laguna / Dennis S. Miles (Andolin Eguzkitza) / Txalaparta, 2005

Zergatik ez nauk maite? Iñigo Roque / Gara, 2005-04-30

Liburuen mamia beti barruan egoten da, baina oraingoan azala ere aipatu nahi dizuet, guztiz adierazgarria begitantzen zaidalako. Txapitula bateko leihoa agertzen da, eta gela bat ia ilunpean. Leihotik harago,1950eko hamarkadako usadiozko herri estatubatuarra dugu; arimarik ez kalean, eta auto luze-luze horietako bat. Oraingoan azala agertokiaren parte da.

Elia Kazanen eta besteren zuri-beltzezko filmen antza hartu diot istorioari: pertsonaia gutxi eta ekitalditan antolaturiko istorioa. Baina ez dut uste orduko gizarte iparramerikarra gertu egongo zenik honelako istoriorik onesteko; ezta oraingoa ere, agidanez.

Morgan dugu protagonista. Psikiatrikotik atera berritan, lan-eskaintza bat onartzen du. Pertsona baten kargu hartu behar du; gau eta egun egon beharko du haren ondoan; jaiegunik ez; eta ordain urria. Etxeko atartea zeharkatutakoan, absurduan murgilduko da Morganen bizimodua. Orduz gero, ezerk ez du izango zentzurik, eta dena zirriborro hutsa irudituko zaio.

Etxean andre-gizonak eta haien semea bizi dira. Nor baino nor estrainioagoa. Kontakizunaren ardatza Morganen eta semearen, Milkisen, inguruan ardaztuko da. Morgan maitemindu egingo da harekin. eta hark tiranizatu eta bere eldarniozko mundura eramango du. Hala, bien arteko harremanaren nahi eta ezinak aletuko dira eszena bakoitzean, eszena benetan durduzagarrietan. Milkisen hatz-mamien odoljarioa azukrez etengo du Morganek, eta gero eriak miazkatuko dizkio. Hiru orrialdeko felazioak arnasarik gabe utziko du irakurlea…

Morgan gizagaixoak buruko orekari eutsi nahi izango dio, baina nahikoa lan izango du. Alegiazko maitale bati gutunak egingo dizkio, bizi izandakoak arrazoimenez azalduz, burua argitu nahiko balu bezala. Eta horiexek izango dira zentzuzko berba bakanak, pausaleku gisakoak.

Eta etxeko beste bi biztanleak ere areago nahasiko dituzte Morganen sentimenduak eta pentsamenduak. Aita zorrotz agertzen da; Morganek kontratua betetzen duela zainduko du. Ama xaloa eta, aldi berean, krudela da, eta sukaldean edo pianoa jotzen ematen du eguna. Biek ala biek esanaraziko dizkiote Morgani entzun nahi dituztenak, eta Morganek beti amore emango die haien gurariei.

Kontakizuna oso hertsagarria da. Ez dio atsedenik ematen irakurleari, Milkisen eromenaren zurrunbiloak batera eta bestera erabiltzen baitu. Amodio histerikoaren kronika da, menderatuarena eta menderatzailearena, larrituarena eta axolagabearena. Horrenbestez, zer bake espero dezake irakurleak, bada? “Kaiolatua sentitzen nauk”, dio Morganek. Milkisek, ostera, “Ez haut maite. Gezurra esatea nahi al duk?”.

Istorioa arin bai arin doa, elkarrizketarik elkarrizketa, Morganen bakarrizketetan eta amets erogarrietan barrena. Nabaria da idazlearen antzea antzerkirako testuak apailatzen eta idazlanak egokitzen. Eta hori guzti hori euskararik intelektualenean ageri zaigu (hura Leizarragarena ei zen baina). Izan ere, liburuan oso agerikoa da itzultzailearen lana. Andolin Eguzkitzak ez zuen erabili betiko euskara beratza, eta apur bat harago egin zuen; beti usatzen zuen bezala, bestalde. Horren inguruan hamaika aburu egongo dira. Niri, behinik behin, guztiz egokia iruditzen zait liburu honetarako; batzuek hiztegia dantzan ibili behar izatea.

Eta mundua txiki-txikia da. Kuban jaiotako idazle batek ingelesez ondutako idazlana euskaraz atera da lehenengoz plazara. Galaxiarteko nobedadea. Prest egongo al dira euskaldunak?

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak