kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Itzalak / Iban Zaldua / Erein, 2004

Itzalen itzal Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-05

“Munduak sortu nahi ditugu eleberrigileok, iraganeko edo egungo munduak bezain errealak, baina, aldi berean, bestelakoak liratekeenak”. John Fowles britainiarraren aipu hori dakar Itzalak Iban Zalduaren azken liburuak, Nobela hura izeneko ipuinean. Narrazio horretan, idazleak topo egin du ikastola urtetako ikaskide ohi batekin. Garai hartan, aski morroi bitxia zen, literaturarekin zaletua baino areago, obsesionatua, eta noizbait idatziko zuen nobelaren berriemaile tematia. Zenbait hamarkadaren ondotik, lehengo lepotik du burua: lan horri loturik segitzen du, jadanik milaka eta milaka orrialde dira argia ikusi gabeak. Haiean barrenean Zaldua bera ere agertuko dela aditzera ematen dio, “bosgarren edo seigarren mailako pertsonaia”. Orobat iragartzen dio bien artean egiten ari diren solasaldia Zalduaren ipuin batean azalduko dela, Itzalak izeneko liburu batean. “Hire irakurleei jakinarazi nahi niean… zer mundutan bizi diren” dio ikaskide ohiak, testuaren bukaeran.

Eleberriaren erresuman, ez da berria Zalduak ipuingintzaz egiten duen aldarrikapena. Itxuraz, nobelagileak munduak sortzeko eta birsortzeko ahalegin ezinezkoan ahitzen ditu bere indarrak, milaka orrialdeko lan irenstezin bezain bukaezinetan. Ipuingile apalak, berriz, alferreko ahalegin orojakinetatik ihesi, itzalekin jostatu nahiago, “zer mundutan bizi den”, argituko diotelakoan irakurleari.

Errealitatearen isla barik, errealitatearen eta egunerokotasunaren itzal dira, beraz, Zalduaren narrazioak. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga, gertatu zenaren eta gerta zitekeenaren artekoa, ezabatzen —itzaltzen— da bilduma honetan. Pertsonaiak, maiz, ezagunak ditugu, izen eta abizen. Zenbaitetan, bertze idazle batzuen liburuetatik dakigu haien berri (Vazquez Montalban, Atxaga, Chandler). Egilearen beraren grazia daraman ipuingilea ere ez da falta haien artean; asmakizunik handienetariko bat Iban Zaldua pertsonaia da, Itzalak izena duen liburua lantzen ari den tipoa. Baina egoerak ere ezagutzen ditugu. Frankotan, gure garaiko gogorkeria politikoak erraustutako biziak eta paisaiak ditugu begi parean. Bertze zenbaitetan, berriz, egileak nahiago izan digu oroitarazi ez dela hori gure artean antzezten ari den drama bakarra. Amaierak, maiz, ezustekoak izaten dira, kontatutakoari bertze dimentsio bat ematen diotenak. Egoerarik gardenenak izaten baitu bere itzalgunea.

Abenturaren kontaketaren eta kontaketaren abenturaren artean, hautu garbia egin du Zalduak bere seigarren narrazio liburu honetan: biak ala biak aukeratu ditu dudarik egin gabe. Gure literaturan guti dira teoria eta praxia hain modu txukunean bildu dituzten idazlanak. Bistan dena, pieza tiki ugariz osatutako liburu honetan lorpen maila ezberdinak aurkituko ditu irakurleak. Zenbaitek bikaintasunaren muga zeharkatu dute. Bertze batzuk, berriz, saio azkenean hutsegintzat jo beharko genituzke. Eta azkenean erran dut, gorputzaren laburraren laburraz arimak ere eskapo egiten baitie batzuetan. Alegia, irakurleak bazka gehiago behar duela bidean, amaiera irensgarria gerta dakion. Literaturan ere, bizian bezala, genero kontuak.

Bukatzeko, barkamen eskea egileari. Iruzkingintzan ez da noski ohikoa lan baten inguru-minguru guztien berri zehatz-mehatz ematea, bukaera eta guzti, hasieran Nobela hura ipuinarekin egin dudan bezala. Bekatua ez da akaso hain larria kontuan hartuta liburu honetan bertze 37 dituela irakurleak, nahi adina ustekabetzeko. Eskuzabaltasun neurtezinean, inon baino gehiago eskaintzen da, gainera, Itzalak-en: kontrazala ere narrazio bilakatu du Zalduak.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak