kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Parisen sabela / Emile Zola (Karlos Zabala) / Elkar/Alberdania, 2005

Pertsona zintzoen maltzurkeria Karlos del Olmo / Berria, 2005-04-12

Zola frantziar naturalismoaren aita ei da. Bizian zein hilean ospetsu bezain eztabaidatua, balio demokratiko eta sozialisten ikurra, iraultzaile eta lizun sona eroaten zuen aldean. Idazleak, ordea, beraren lanen edukia aldezteko esan ohi zuenez, errealitatea bere gordinean eta ilunean aurkeztu beste asmorik ez zuen. Ez da harrigarri gertatzen, beraz, Karlos Zabalak euskaraturiko Parisen sabela nobelan pertsonaiak, halabeharretik, determinismotik eta Darwinen zein beste jakintsu batzuen hastapenetatik etengabe edan arren, inoiz ere ase ez geratzea.

Ez dator, baina, lehenengo aldiz euskal arropez jantzita Zola, bai, ordea, horrelako neurriko lan mardul batean. Paris izaki modura agertzen da, sabel erraldoi eta aseezinaren jabea. Organo haren inguruan antolaturik dago bizitza eta antzera jazotzen zaie hirian bizi diren lagunei. XIX. mendeko medikuen modura, gaixotasun zantzuei behaketa kliniko estu-estua egiten baitzieten, idazleak naturalismo zientifiko halako bat lantzen zuen, gizarte eta famili inguru jakinetan harrapaturik bizi ziren pertsonaien akats eta bizio ezkutuak agerian jartzeko, suntsipen bidea erakutsi guran.

Argitaletxe batean ekin zion idazten Zolak, baina berehala jo zuen kazetaritzaren alorrera. Kazeta lanetan berehala erakutsi zuen objetibismo kritiko eta nahigabetu moduko bat, geroko literatur lanak erabat kutsatu zituena.

Giza aberea aurkeztu ohi zuen, den-dentxoan, bulkada primarioek nora ezean eroanda. Gogotik ahalegindu zen, halere, gertaeren zergatiko natural eta sozialak esplikatzen. Hura guztia oso idazle gutxik lortu duten teknika trebea lagun, Paris handiaren moduko giza eta eraikin zein kale-plaza aldra handiei bateratsu dantza harmoniatsuan eragiteari doakionez.

Pertsonaia batzuen ibilerek amildegia dute akabera, beste batzuek, ordea, halako justizi xerka nekaezinean dihardute, pertsonari dagokion duintasuna erantsi guran. Zolak berak garai hartako sistemak zapaldutako Dreyfusen alde jendaurrean egiterakoan legetxe, kartzela zigorra jasan behar izan zuelako inoren aurkako justiziarik eza defendatzearren. Euskaraz zenbaitek sabel zuri esaten diote iruzurkerian dabilenari. Esakune ezin egokiagoa Parisen gilborra berbara ekarrita. Zolak, baina, ez zuen ikusi zelan itzultzen zion Frantziak Dreyfusi ohore galdua.

Zolaren lan gehienetan legez, honako honetan ere ezin ukatuzkoa da dokumentazio lan eskerga, irakurleari Paris benetan sentiarazteko datuz josita dagoelako. Usainak, koloreak, are zaporeak ere, biziro jasotzen dira lerroen artetik. Lantzean behin, nazka ere eragiteko moduan.

Pentsa liteke egun ez dela batere erraz gertatuko honelako lan bat irakurtzea. Baina oker joko dio kukuak halakori: denboraren erasoak ondo jasan ditu eleberriak. Ezin hobeto leitzen da lantzean-lantzean garai hartako gastronomi entziklopedia eta bidai gida dirudien mamidun liburu hau, ondo mastekatuta ematen asmatu duelako itzultzaileak, nahiz eta ezin ukatuzkoa den hamaika arazo eta oztopo gainditu behar izan duela irakurlearen sari.

Neurri batean, han-hemenka nahasturik dakartza zientzia, naturalismorik gordinena eta ia esperpentoan diharduten pertsonaiak, herri antzerki irrigarriaren ezaugarrien jabeak. Burgesiak zein herri xeheak idazlearen kritika zorrotzak jasotzen dituzte, lotsariak ageri-agerian jarrita. Eleberriaren amaieran Claudek esan legez, pertsona zintzoak hain izan daitezke maltzur eta zital!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak