« Poetika | Hitzaurrez hitzaurre »
Lotsaizuna / J.M. Coetzee (Oskar Arana) / Elkar, 2004
Betiko lotsaizunez beterik Karlos del Olmo / Berria, 2005-02-15
Bat ohitu egiten da gauzak geroz eta gogorrago bihur daitezen; harritzeari uzten dio batek, gogor baino gogorrago zena are eta gogortzenago dela ikusteaz”. Horrelakoxe errotarri esaldiak dakartza John Maxwell Coetzeeren Disgrace liburuaren euskal bertsioak, Nobel eta Booker (birritan) sariak irabazi dituen idazleari zor zaion begirunez euskaratu du-eta Jokin Zaitegi itzulpen saria bereganaturiko Oskar Aranak. Azken buruan, Coetzeek berak ere itzulpengintza maizten izan du. Gainera, euskaldunon pozgarri, jatorrizko izenburua ez digu eman beste hizkuntza batzuetan legez, ustez, gardenago baino iruzurtiago den zoritxar berbaz itzulita ekarri, zoritxarra bera ez baita, soilik, liburuaren gaia; lotsaria, desohorea, arroztasuna, besteengandiko eta herritiko erbestea bera baizik. Hegoafrikako apartheidaren inguruan eta ondorioz eratutako bizierak, egoerak eta sentimenduak azaltzeko bidea dugu metafora handi, parabola moduko hau. Sentipen unibertsalak, itxuraz, azal estilistiko hotz batez jantzita.
Nobel saridun gutxik lortzen izan du Coetzeek bereganaturiko onarpen maila bera. Ez da harrigarria idazleak inon ere ezaren erditik idazten duenean. Ordea, horrexek eransten dio unibertsaltasuna. Zenbateraino eta metafora itzel honek euskal irakurketa eta interpretazio halako bat ere edukitzeraino. Gatazkaren erdian erraz heltzen zaiolako gizakiari lotsaizuna. Coetzeeren lanetako pertsonaiak ez dira handi-mandiak, eta bizi izaten duten dramaren gazi-gezek etsipenaren zidorretik eroaten dituzte. Beti jakintsuago, bai, baina, nonbait, etsiak hartuta.
Idazle batzuek isiltasuna erabili gura izaten dute gaitzat, Coetzeek ekintzarik eza-edo darabil langai. Eta irakurleari dagokio ezer ez egite horretan irautea ala egoera iraultzen ekitea. Prosa gardena, beirazkoa darabil. Diamantea bezain ederra izanda, gogor-gogorra gertatzen da errealitatea labanarik zorrotzenaren antzera erruki barik ebakitzerakoan eta, behar denean, mozterakoan ere.
Aldez, eleberriko protagonistaren eta zoritxarrak bizi naufragio baten kronika dira, inguruko gizartea eta mundua bera astindurik astindura doala. Egoerarik sutsuenak hoztasun halako batez azaltzen ditu, seguru asko, idazlea bera, pertsona moduan, txiki-txikitatik ekandu zelako inguruko gizartean arrotz sentitzen. Halere, Afrikar Kongresu Nazionalak berak, hegoafrikar beltz gehiengoaren ordezkari moduan, bere saria idazle zuri bati eman zion.
Idazlea ez da bizi duen gizartearen aitzindari edo aldarrigile sentitzen, askatasun egarria duen pertsona baino, kateaturiko edozein presoren antzera. Horrexegatik erabiltzen du behin eta berriro bere burua askatu eta argia ikusten duen jendea mintzagai.
Ustez herri zibilizatuago izateak ez digu, berez, animaltasunik kentzen, bestela dela pentsatu gura izaten dugun arren. Idazlea horren jakitun da, bazter batean geratu eta gauzak zelan ikusten dituen narratzea neketzat lepoan hartu duenez gero, sariek ekarri ohi duten zurrunbilotik urrun, gauza guztiei zorrotz begiratzeak barruan arroztasun mingarri halako bat sortu dezakeen arren. Hala jokatzerakoan, ordea, hain da zaila panfletoak edo kiskalita jaiotzen diren orriak ez sortzea! Baina Coetzeek lortu ere lortu egiten du. Literatura huts-hutsa eginda, oihartzun handiagoa sortzen du.
Jaioterritik edo betiko bizilekutik hanka egin beharra nonahiko eta noiznahiko jazoera da. Halere, ozen zein ezpain artetik, epitafio moduko bat jarriko digu begi aurrean liburuak: erbesteratua izatea bizirik egotea da.
Azalaren atzealdeko hasierako esaldiak, beharbada, ez du ematen barruko edukiaren albiste zehatzik, baina, handiagoen ordainez izan dadila. Oxala egia ez balitz liburuaren esana: “Burezurra eta, hurrengo, izaera: horiek dira gorputzaren atalik gogorrenak”. Izan ere, ezin ei zaio inori zoriontsu esan harik eta azken egunaren argia ikusten duen arte.
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez