kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Wilkoko andereñoak / Jaroslaw Iwaszkiewicz (Adam Zawiszweski) / Elkar / Alberdania, 2004

Denbora Wilkon galdu zenekoa Karlos del Olmo / Berria, 2004-12-11

Hogeita hemeretzi urte zituen Iwaszekiewiczek Wilkoko andereñoak liburuak 1933. urtean argia lehenik ikusi zuenean. Euskaratzailea, Adam Zawiszewski, gaztexeagoa da, baina bera ere ez dago oso urrun berrogeizarotik, hau da, uste zabaldu eta komunaren arabera, bizitakoaz eta bizitzeko dagoenaz gogoeta egiteko sasoitik. Jaroslawen biografiaren aldi hark, ezbairik ez, idazlanaren edukia baldintzatu zuen. Gerren arteko sasoiak, gainera, mundua krisialdi gorri baten mendean utzi zuen. Den-dena aldatuz doa etengabe eta egileak gogoeta horixe helarazi gura digu: berbera mudatuz doala, mundua bera ezin geratzeko moduan bilakatzen delako. Honako lerro hau idatzi dudan hau eta hura leitu berri duzun hori ez gara, honezkero, lehengo berberak. Denborak ihesbiderik ez digu uzten: O, tempora! O, mores!

Idazlan labur bezain mamitsu honek munduaren gaineko ikuspegi oso bat du ardatz, lehenaldiak zelan moldatzen eta egokitzen dituen nortasuna eta oroimena bera, gomutak biziberritutako jazoerak unean uneko errealitatearen aurrean jartzen dituela. Horrek, noraezean, harrimena sortzen du.

Egileak berak esana da, hain zuzen, kontakizun honexek ematen duela ondoen beraren barnea aditzera. Wiktor protagonistaren antz-antzera, Iwaszkiewicz gaztetan dirudunen etxeetan tutore izan zen eta, hain suertez, etxe haietako bat bihurtu zuen literaturako Wilko itzaltsua. Idazlea ere lehenengo gerra handia amaituta leku hartatik ospa egin eta urte batzuen buruan itzuli zen erro bila. Bi-biak berrogeiak alboan zituztela.

Jakina bezain esan beharrekoa da literatura eta bizitza elkarren ondotxoan ibiltzen direla, baina, zertan esanik ez, muntaduna ez da kontakizuna bera, horren esangura baizik. Bestela esanda, narratzea zelan itzultzen den pertsona bat lehenaldira une horretako bizitzari esangura topatzearren. Orainaldian aukeratzeko eskuaren jabe garela iruditzen zaigu. Lehenari behatu eta aukeren ondorio noraezekoak baino ezin ikus ditzakegu, eskarmentu edo irakasbide. Horren guztiaren atzetik, Henri Bergson eta, lausoago baina nabarmen, Prousten xerka ospetsua, denbora galduaren aurkako lehia. Jaroslawena ez da, guztiarekin ere, frantsesaren planteamenduen errepikatze hutsa. Nahiz eta Proust ere, berrogei urteak betetakoan, lehengo bizimodu ustez hutsala aztertu eta denbora galduaren bila partitu. Arteak, beraz, salbazio indarra hartuko du. Benetan hartu ote dakioke gaina denborari? Ba ote du pertsonak noizaldiari irabazterik? Ertiaren bitartez, antza, arrosak betiereko iraun dezake zimeltzeke. Itaun ikaragarria egingo digu Wiktorrek: Zer jazo da etorkizun egitasmo eta ilusio garaia izan zen aldi horrekin? Zergatik ez dira bete? Zeren horrelako goibel? Etorkizun hobearen zain, gaur egunari alferrik joaten utzi ohi diogu, ia ezari-ezarian.

Wilkora itzultzea bizitza berreraikitzeko entsegua da; ebazpidea, ordea, desintegrazioa, ezereztea da. Dagoeneko ez da lehenik, denboraren joanak ez du Wilko edertu, deusek ez du Wiktor lotzen andereñoei, bakantasuna erantzun. Emakumeetako batek esango dionez, bizitza bera ez dugu besteenganako arroztasunaren erruduna, norberaren erabakiek baztertzen gaituzte jendearengandik.

Baina gauzak, berez, eusten gaitzak dira, ez dago ezer bene-benetan edukitzerik. Protagonista kanpotar gertatzen da inguruarekiko. Enkoniadura ezinago handi bat sortuko zaio, ondorioz. Damua baino ez da geratzen, egileak garbai izango du dena joan izana, gauza guztiek alde egin izana. Gertaera batzuk urrundik baino ikusi ezin izatea. Bizitza ibai bihurgunean galduz doan txalupa da.

Liburu laburra izan arren, itzulpen lanaren aldetik ezin uka daiteke nongura maratilak eta lakioak dituenik, eta haietan ez dira makalenak hala leku eta pertsona izenak nola grafia-kontuak. Joskera mota batzuk ere itzultzailearen borroka eskergabearen lekuko dira.

Galto astun bat liburuan: Zer egin dezake beste planeta bateko sentitzen den gizaki galdu batek besteen artean arrotz egokitzen bada? Zenbait pasartetan erraz etorriko zaigu gomutara Miranderen Haur besoetakoa-ren oihartzun poetiko, erotiko eta irudizkoa. Zawiszewskik beraren herrikide poloniarraren itaunei euskarazko erantzun aukerakoak eman dizkio, baita, zergatik ez esan, airean zenbait zalantza utzi ere.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak