kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Gertakizuna / Annie Ernaux (Joseba Urteaga) / Igela, 2003

Bizipenaren kontakizuna Mikel Garmendia / Gara, 2004-03-27

Kontakizun autobiografiko bat dugu aurrean, lazgarria eta sentikortasunez betea. Gertakarien sinpletasun bortitz eta krudelean kontatua, errelatu honetan 1964an, Gertakizuna idatzi baino hogeita hamazazpi urte lehenago, abortatu zuenekoa kontatzen digu Annie Ernaux-ek. “Domenique, nique, nique…”ren garaiak ziren hain zuzen ere, abortatzea gaizki ikusia ez ezik, delitu ere bazen garaian.

Orainalditik idatziko digu, orainalditik oroimena estutuz. Lanak emango dizkio oroimenetik sentimenduak, orduko bizipenak erreskatatzeak. Lortuko du, alabaina, 1964an mundu guztiaren kontra abortatzea lortu zuen bezalaxe. Orainalditik egingo digu jauzi iraganaera. HIESaren froga egitera joan da 1999an eta parada horretaz baliatuko da Ernaux hogeita hamazazpi urte lehenago bizitakoa kontatzeko. Orainaldiko egoera erreal eta gordin batetik begiratuko die, beraz, abortatu behar izan zueneko hilabete gogor, erreal eta, era berean, gordinei. Gordin kontatuko digu gainera gertakizuna, gordin eta bere intimitatea guztiz azaleratuz.

Bere buruarekin izan nahi du zintzo eta leial. Norekin, bestela? Bakarrik gelditu baitzen, eta hori izan zen, ziur aski, gogorrena: abandonatuta utzi zuten lagunek, mutilak, lagun ustezkoek, intelektual aurrerakoiek, gizarte hipokritak. Pertsona batek lagundu zion, eta pagatuta, gainera. Parisko karrika hotz hartan abortatzeko zunda jarri zion P.R. andreak, “aingerutxo-sortzaileak”, Annie Ernaux-en hitzetan. Asmatu egiten baitu hitzekin Ernaux-ek, aingerutxo-sortzailea izango da abortatzen lagunduko dion emakumea, eta sakrifizioa, berriz, berak egindakoa.

Eta esan dezagun, bidenabar, Joseba Urteaga itzultzaileak ere zintzo eta leial aukeratu dituela euskal ordainak bere itzulpen txukun honetan.

Halako esperientzia gogorra bizi duenak errealitatea den bezala ikusi du eta horixe kontatuko digu zehatz-mehatz, itzulingururik gabe idazle frantziarrak. Aurrez aurre jarri zitzaion dena neska gazte hari, ikasle hari, haurdun gelditu zenean. Baliorik gabe gelditu ziren gainerako gauzak: ikasketak, janzkerak, irakurketak, lagunarteak… Denak ezabatu zituen barruan zeraman “porrot sozialak”. Behea jo nuen eta bakarrik gelditu zen. Eta hori nola bizi nuen kontatzen digu: “Harro nengoen. Nabigatzaile bakartien, drogazaleen eta lapurren harrotasun beraz agian, besteei sekula joatea bururatuko ez zaien lekuraino iritsi izanaren harrotasunaz. Harrotasun horrek bultzatu nau seguruenik narrazio hau idaztera”.

Hala berean, etengabe kezkatzen duen kontra azalduko zaigu kontakizunean —maiz parentesi artean tartekaturik—, zergatik eta zertarako idazten duen, alegia. Kontu-garbiketa bat dugu, azken finean, bere buruarekin egiten duena. Eta erantzun ere, Anniek berak erantzuten dio kezka horri: “Idazkuntza premia bihurtu zait berriro”.

Iraganeko gertakizuna orainaldira ekarri digu egileak liburu honetan, eta teknika zinematografikoari esker —aditzak orainera ekarriz—, gertakizuna oraintxe bertan gertatzen ariko balitz bezala agertzen zaigu. Dakienak daki eta, batez ere, horrelako egoera bat bizi izan duenak daki. Annie Ernauxek, hori jakiteaz gain, ondo kontatzen eta idazten daki.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak