kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Han goitik itsasoa ikusten da / Julen Gabiria / Elkar, 2004

Literatura ikusten da hemen behetik Iñaki Mendizabal / Deia, 2004-03-30

Liburu baten arrakasta aurreikustea ez da beti erraza izaten, baina, gehienetan, arrakastaren arrazoia jakina da. Zertaz, zelan edo zeinek. Hiru “klabe” horiek agintzen dute gaur egungo liburugintzan. Beno, bai, eta promozioak. Hau da, baliteke gaia aktualitatezkoa izatea, edo erakargarria, edo beste barik “morbosoa”. Baliteke, baita, idazlea oso ezaguna izatea, “gantxo” handia duen bakanetakoa. Edo akaso ez da ez bata ez bestea, baina bere luma finak, narrazioa eramateko moduak, horrek ematen dio indarra liburuari. “Han goitik itsasoa ikusten da” eleberrian hirugarren aspektu hau nabarmendu behar da, beste guztien gainetik. Zorioneko, beraz, irakurlea, bazka ederra duelako parean.

Atzean utzi du Julen Gabiriak “Connemara”ren zalaparta, baita estraineko eleberri hartan agertu zituen baliabideak ere. Abentura liluragarria asmatu zuen orduan, duela lauzpabost urte, gazdakoztarrak: pertsonaia bi (nagusia bat bakarra zen arren), bidaia, misterioa… Gero, Iparragirre kantariaren biografia idatzi zuen, eta bitartean zenbait hedabideetan ere zaildu da, tartean Deian bertan (ohiko kolaboratzailea dugu). Bere idazkera neurri horretara egokitu da azken urteotan, eta istorioa eszena laburretan banatuz kontatzen ikasi du egile gazteak: zatika kontatzen du ia dena, baina maisuki darama hari narratiboa, haria ez du sekula galtzen. Horrek, berez, badu meritua.

Aldaketaren ukitua ondo nabaritzen da “Han goitik itsasoa ikusten da” eleberrian. Gabiriak istorio harrigarriak lotu ditu, baina ez bata bestearen atzetik, modu linealean, baizik eta saltoka eta elipsiaren laguntzaz. Halan da be, ez da ikusten adabakirik eta dena dago bere tokian. Hasieran, egiturak irakurlearen animoa goibeldu dezake, baina lasai har dezala zaletuak, nahasmenetik urrun baitago liburu hau. Julenek trebezia izugarria erakutsi du horretan, eta ez hori bakarrik, lan hunkigarria eta maitagarria osatu baitu bizkaitarrak.

Iaz Igartza beka eskuratu zuen bigarrenez “Han goitik itsasoa ikusten da” nobelarekin, eta maila handiko literatura eginez, gainera. Orain Elkarrek argitaratu dion lan honetan joko bat proposatzen dio irakurleari egileak; ez da azaleko jokoa, eta astiro-astiro agertuko zaizkigu “klabeak”, asko baitira.

Aitaren eraginez Gino Bartali korredorearen miresle bihurtzen da Martin Alberdi gaztea. Erbestean dagoela berarekin bat egiten du, kasualitatez, Alpeetako mendi bat igotzen, Frantziako Tourreko etapa batean. Handik eta urte batzuetara gaztea bere bila joango da Toskanako Ponte a Ema herrira. Txirrindularitza agerian, beraz, baina aitzakia baino ez da, asaldura etenbakoa erakusten duten pertsonaia maitagarri ugari ezagutzeko aitzakia.

Iraultza, deserria, kontzientzia, bakardadea… bezalako gaiak ari dira narrazioan ate-joka. Hori dena guztia umore finez ukitua.

Istorioa, esan bezala, elipsi eta hutsunez josita dago, baina berehala betetzen du puzzlea irakurleak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak