kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Greta / Jasone Osoro / Elkar, 2003

Maniki bat baino gehiago Maider Ziaurriz / Berria, 2004-03-27

Neskak panpinetara eta mutilak autoetara. Hori zen (da?) umetan ohikoena. Deskuiduan mutilen bat panpinaren batekin jostatzen ikusiz gero, berehala egingo zioten iseka lagunek eta arrarotzat joko zuten. Halako zerbait gertatzen zaio Oskarri ere. Bera ez da bere lagunak bezalakoa; berezia da, eta lagunen konpainia baino nahiago du Greta manikiarekin egon. Joan zitzaion panpinekin eta autoekin jostatzeko adina, baina berak panpina handi batean aurkitzen du babesa, inoiz izan ez duen amaren ordezko egiteraino. Eta haurrak panpinekin jolasten direnean bezalaxe, berak ere bizitza ematen dio Gretari: hitz egin, dantza egin, arropaz aldatu, orraztu, makillatu… denetik egiten dio. Baina Oskarrentzat hori ez da jolasa: kontu serioa da, haurtzaroarekin gelditzen zaion lotura bakarra baita.

Freudek egingo zukeen interpretazioa gorabehera, ez dirudi sexuarekin zerikusirik duenik; ez da hezur-haragizko emakumeen ordezkoa. Berak badu neska-laguna, eta elkarrekin ezkontzekotan dira. Elkar maite dute, gainera, baina horrek ez du zerikusirik Gretarekin. Jendeak ez du ulertuko, ordea, manikiarekin duen harreman estu hori; ezta Oskarren emaztegai Anak ere, eta bien artean aukeratzera behartuko du.

Baina batzuetan oso zaila izaten da erabakitzea, eta erabaki onena zein den jakiteko, beharrezkoa da aukerak ondo aztertzea. Oskarrek arazo bat du: ezin du aukeratu Gretaren eta Anaren artean, bata bestea bezain garrantzitsua baita berarentzat. Eta ez da batere erabaki erraza, maniki baten eta neska-lagunaren artean hautatu beharrak besterik ematen badu ere. Hain zuzen, manikiak iraganarekin lotzen du, eta ezagutu ez zuen amaren hutsunea betetzen du; horregatik, ezin bizi daiteke Greta gabe, amaren zilbor hesteak bezain lotua baitauka. Baina, bestalde, Ana maite du, eta harekin ezkondu nahi du. Horregatik, dantzan ibiliko ditu hainbat balio: iragana edo etorkizuna, ziurtasuna edo segurantzarik eza, perfekzioa edo inperfekzioa.

Hori dela eta, hirira joango da Oskar, erabakia hartzeko, Gretari erakusleiho on bat bilatzeko. Eta Gandiagari Madrilgo handitasunarekin gertatu bezala, kontrastea izugarria izango da Oskarren soiltasunaren eta hiriaren ezaxolaren artean. Bidaia bitxi eta surrealista samarra izango da, gainera. Bat-batean, trabestien eta homosexualen munduarekin egingo du topo Oskarrek, baina horrek ez du harrituko; areago, ongi moldatuko da aurreiritzirik gabeko mundu horretan; berak ere, haur baten antzekoa denez, ez baitu aurreiritzirik, eta lagun onak ere egingo ditu ezezagun zaion giro horretan. Areago, hirian hasiko da bizitzen, benetan sentitzen, eta iraganeko mamuetatik askatzeko balioko dio. Bidaia hori, beraz, barne bidaia bat ere bada; bizitza aldatuko dion giltzarria izango da, Gretaren loturetatik askatzen lagunduko diona.

Ohiz kanpoko istorioa kontatzen du, beraz, Jasone Osorok liburu honetan. Gainera, kontakizun laburretatik eleberrigintzara etorri da Greta liburuarekin. Manikiaren ideia Joaquin Sabinari hartu ziola aitortu du, baina garbi erakutsi du edozein abiapuntu zilegi dela edozein narrazio atontzeko.

Bestalde, istorioa kontatzeko, eleberriko hiru protagonisten ikuspuntua eman digu Jasone Osorok; hain zuzen, Oskar, Ana eta Greta izango dira narratzaileak, eta, hala, ikuspegi osatuagoa ematea lortu du. Gainerakoan, entretenigarria da, eta balio du denbora-pasarako. Arin irakurtzen da, gainera, esaldi motz eta biziak erabili baititu; askotan, telegrama moduan idatzi ditu esaldiak, deskribatu edo erakutsi nahi duen horren flashak balira bezala; eta bada pasadizo politik ere, irakurtzea gozagarriago egiten duenik. Horrez gain, amaiera ez da espero daitekeen bezalakoa; ez da eta hau hala bazan formularekin amaitzeko modukoa, eta eskertzen da bukaera biribil eta errazegiak bazter utzi eta beste irtenbide bat eman izana.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak