« Literaturarik ez | Bizipenaren kontakizuna »
Biziminaren sonetoak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2004
Mina eta bizia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2004-03-26
Batzuetan bizitza dantza eta txantxa baino ez da; beste batzuentzat mina, bizi-mina (ez dakit zergatik idatzi behar diren bi hitzok bereiz, katea batez loturik, mina balitz bezala biziaren zigor), bizi-muina, bizi-muinoa, bizi-zurrunbiloa hain zuzen. Poetarentzat bizia mina ez ezik, bizia ere bada, bihotza bezala, beti taupadaka, beti kezkati, beti arranguratsu: “Aitor dut: niri ez zait interesatzen/ bihotz-taupadarik gabeko bihotza./ Ez dut lurra salgai zeruaren truke”.
Biziminaren sonetoak, hauexek, bizitza den saminarenak, bizitza den maiteminarenak, bizitza den suminarenak, bizitza den ederminarenak, bizitzarenak ez besteenak, samina eta larrimina, maitemina eta gorrotomina, sumina eta garmina, edermina eta itsusimina, izumina, izugarrizko mina, gure bizitzako zati baitira, gure bizitza lerrotzen eta mugatzen duten bizikariak. Hil-mina ere bai, bizitzak bere bueltan baitakar hori ere, hiltzeko izua, hiltzeko laborria, hiltzeko dohakabetasuna. Eta batez ere besteak bezalako ez izateko, azaletik bederen, desira goria: “Jadanik hartua dut erabakia:/ ene bi begiak barnera irauliz/ libreago naiz, agian, izango”.
Sonetoak beti du zerbait artifiziosoa, poesiaren jolasarekin bat datorrena, sonetoa eta poesia, biak ala biak, irudimenean nahasturik baitzeuden, eta sonetoak egiten zituen poeta jostalaria, txerpolaria, bertsolaria baitzen, herriz herri ibiltari, etxez etxeko eskale. Baina sonetoak ere badu bere alde sakona, hitzen arrimupean ezkutatzen dena eta hitzak dastatuz ondoren azaleratzen dena. Poesiaren sakontasuna ez baitago beti hitz sakonetan gordea, ageri daiteke hitz sinple eta sotiletan, ederrak izan gabe, berez, edertasuna ekar dezaketen hitzetan, maitasunez lotzen direnean. Udaberria da, eta loreak sortu dira zelaietan. Nork esango gauza txiki eta koloredun horiek ez direla ederrak? Hala ere gure begirik gabe galduko lukete dutena. Eta bihotzik gabe ez ginateke haiek begiratzera geldituko. Poesia ere antzekoa da, bihotzik gabe ez da ezer, ez hitz eta ez eder.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez