« New York | Txinako olerkiak »
Goragalea / Jean Paul Sartre (Monika Etxebarria) / Elkar / Alberdania, 2004
Malenkoniaren osteko goranzkoa Karlos del Olmo / Berria, 2004-03-13
Nobel saridun Jean-Paul Sartreren Goragalea eleberriak joan den mendearen lehenengo erdian argia ikusi zuen arren, dagoeneko, klasikoen zerrenda gehienetan agertzen da. Egilearen garairik ezagunena gogoan duenak bekar gomutara Monika Etxebarriak euskaraturiko lana 1932. urtearen inguruan hasi zela idazten existentzialismoaren aitapontekoa. Antza denez, kontingentziaren gai filosofiko sakona argitu gurak bultzatu ei zuen hasi bidez Malenkonia zeritzon lana idaztera. Simone de Beauvoirrek izenburua eta edukiak aldaraztera ekarri zuen, baita pertsonaia nagusia literarioago bihurtzea lortu ere.
Ez ziren, iritzi batean, idazketa garai haiek batere sasoi arinak idazlearentzat: kezka pertsonal ugari, soldadutza egin beharra, obra filosofiko handi bat sortzeko irrika asegaitza… Lanaren bigarren bertsioa Berlinen amaitu bide zuen, baina, tartean, psikologiaren eremuan sakon ere sakon murgilduta ibili zen. Dureroren koadro batek iradoki ei zion Malenkonia izenburua. 1936. urtean (hura urtea!) lana azkendutzat jo zuen. Ez zuen bertatik argitaratzea jadetsi. Simonek egindako aldaketen ondorioz, argia ikusi zuen ikusi ere idazlanak, baita kritikarien artean arrakasta itzela lortu ere. Idazten amaitu eta kalean izan arte, halere, bi urte joan ziren.
Monika Etxebarriak euskaraturiko lehenengo eleberria dugu hau, baina ezin uka daiteke administrazioko itzultzaile-interprete emandako urteetan bereganatutako ikasbidea onuragarri suertatu zaionik. Haren itzulpena bitarte dela ikusiko dugu zergatik uste zuen Sartrek unibertsoa beltza baino ezin dela izan, gizakiak animalia ilun eta makurrak garela. Gizakia gaitzaren beraren muina da, txartasun gauzatua; metafisikak berak darabilen gaitz abstraktua ez da, antza, pertsona bezain ankerra.
Lehenengo eleberri hura jardungai zuela, Jean-Paulek askoz ere beranduago deitoratu zuen protagonistarekin, heroiaren gaitzarekin nahikoa bat egin ez izana, behar bezain zindoa ez agertua. Errealitatearen zentzua falta ei zuen idazleak. Literaturazko zoriontasun uharte batean eta errealitatetik urrun egotea izan zuen damu.
Ikusgarri gertatzen da, izan ere, Sartrek kezkatzat izatea filosofi fenomenologia eta berberak pertsona moduan jasaten zituen depresio existentzialista eta neurosia, inguruan Espainiako Errepublikaren aurkako Jazarpena eta nazismoaren arrautza erruten hasita zeudela. Pentsatu beharra dago, beraz, garaitsu hartan bai bere obrak bai bere bizitzak ez zutela jasaten kutsadura politiko nabarmenik. Zer ideologi harroin zuen, beraz? Seguru asko, eleberrian existentzialismoaren erroak zabaltzen hasita baino ez zeuden. Artean, kimutxo ahula izango zen. Bizitza bere kolorerik ilunetan, lizuntasun zaporegabe batez agertzen du, bizitzaren beraren ideiak pertsonaiari gaixotzeko irrika maltzurra gozoro pizten diola. Heroiak bere bizitzari higuingarri, ilun eta konpontzen gaitza deritzo.
Halere, pertsonaiaren existentzialismo oinarrizko hark kontraesan antzeko bat sortzen du Sartrek geroago burutu zuen filosofi planteamenduaren aldean. Idatzi zuen garaian bertan ere, askoren iritzirako, balio sozial txikia zuen mezuak.
Idazlana literaturatzat baino, filosofi adierazpentzat hartzen izan dute kritikari askok, interesa analisiaren eta mezuaren inguruan antolatzen delako, kontakizun haria bera atzerago lagata. Baina ezin ezezta daiteke, edozertara ere, gizakiaren bizitzari eta errealizazioari buruzko hausnarketa sendoa ekarri zuenik.
Sartreren beraren berbak erabilita, gosekilik eta hilzorian dagoen umearen aurkez aurka, Goragalea eleberria ez da hil edo biziko gertatzen. “Badakit goragalea, ordea, itzuli eginen dela: nire egoera ohikoa da”. Izan ere, some of this days, you’ll miss me honey.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta