« Etxean da | Atxaga, Nobel sarirako »
Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003
Paradisua hatz mamiekin ukituz Mari Jose Olaziregi / Berria, 2004-02-01
Liburu on baten konpainia bezalakorik ez omen dago. Hori bera sinesten zuen Kafkak ere, eta aitzakia hori eman zion, hain justu, Pollak bere lagunari denbora batez abandonatuta eduki zuelako: liburu on baten irakurketarekin harrapatuta ibili zela esaten zion Franzek, ezin izan zuela irakurketa baztertu eta lagunak igorritako gutunei erantzun. Berdintsu sentitu naiz egunotan, jendearengandik ihesi, Soinujolearen semea eleberriarekin gozatuz. Eta zinez esango nuke Atxagaren azken eleberriak Kafkak liburuei eskatutakoa betetzen duela: nobela hau, ezer baino lehen, barruan daramagun itsaso izoztua apurtzen duen aizkora baita.
Ia 500 orri eduki arren, ohartzeke irakurtzen den eleberri horietakoa da Soinujolearen semea, erritmo arina duena. B. Brecht-en poemaren hitzek (“Bizitza da handiena”) ematen diote sarbidea hastapenetatik bikoiztasuna bere egiten duen nobela honi. Bikoitzak dira plano narratiboak, bikoitzak errealitateak. Eta istorioa Californiako Tulare County-n dagoen Stoneham arrantxoan hasten da, paradisuaren irudi izan daitekeen paisaia emankor eta atseginean. Bertan idazten du Davidek, nobelako narratzaile nagusiak, bere memoriak jasotzen dituen Soinujolearen semea eleberria. Deserria, bere lekua topatzeko ahaleginetan dabiltzan pertsonaiak, etxea etxetik kanpo eraiki behar dutenak… Atxagaren eleberrietan ezagunak zaizkigun gaiak dira. Ezaguna zaigun bezala, eleberri honetako bigarren paradisua, protagonistaren haurtzaro eta gaztaroko aberria: Obaba.
Eta Obaba hori ez da, aurreko narrazio fantastikoetan bezala, gertakari harrigarrien eszenatoki huts, ni-aren kontaketa bere egin zuen modernitatea baino lehenagoko mundua baizik. Horregatik esaten du protagonistak, L.P. Hartley parafraseatuz, iragan hori arrotza zaiola, bera, azken batean, Virgiliok goretsitako “nekazari zoriontsuen” taldekoa ez delako. Obabako zikloko beste narrazioek ez bezala, Soinujolearen semeak Eneida-n aipatzen diren “marfilezko atetik” sartzen diren ametsen deuseztapena kontatzen du, pertsonaiaren esnatzea. Protagonistak 1964-70 urteetan Obaban egingo dituen aurkikuntzek (Hotson sonbreirua, Gerra Zibilean fusilatutakoen zerrenda jasotzen duen koadernoa) ametsak errauts bihurtuko dituzte. Horregatik dauzkate hain izen esanguratsuak liburuko atalek: Ikatz koskorra edo Egur pusketa kiskalia, bertan kontatzen den suzko infernuak erre egiten dituelako, errauts bihurtu, Daviden ametsak. Esnatzea, beraz, ustez Arrazoiaren jabe zenaren, aitaren, gabeziak (=kastrazioa) salatuz lortzen da nobelan.
Dakusagunez, oroimenaren erabilerak, iraganera jotzeak, helburu etikoa ere badu Soinujolearen semea eleberrian. Gure historia garaikidea baldintzatu duten gertakari eta pertsonaia ezagunen inguruan antolatzen den suspense narratiboak (Gernikaren bonbardaketaren inguruko gezurrak, gerra zibilaren osteko errepresio politiko eta kulturala, klandestinitatean sortzen den borroka armatua…) horixe bilatzen baitu: epikotasun oro baztertu eta narrazio hanpatu heroikoak deuseztatzea. Ahalegin horren adibide ditugu eleberrian barneratzen diren hainbat narrazio, eta bereziki, Obabako lehen amerikanoaren inguruko bi narrazio bikainak. Don Pedroren aitorpena irakurri ostean, liburuko baieztapen funtsezkoenetakoa nabarmendu egiten zaigu: “errealitatea tristea da eta literaturak edertu egiten du”(464). Euskal historia garaikideko gertakari krudel ezagunek alderik alde zeharkatzen dute nobela, eta Historia interpretazio bat eskaintzen duen diskurtso narratiboa besterik ez dela ohartarazi nahi digu narratzaileak, boterea dutenek eskainitako interpretazioa noski, M. Foucaultek erakutsi bezala.
Aldi berri bati eman nahiko lioke hasiera Soinujolearen semea eleberriak Atxagaren ibilbidean. Eta aldi berri hori egilearen beraren desagerpenaz mintzo zaigu, ez komunikabideetan iragarri zitzaigun “Atxaga vs Irazu” ordezkapenaz, literatura modernoari berezkoa zaion autorearen desegiteaz baizik. Keats-ek adierazi bezala, poeta bere testuetan bakarrik bizi da eta hori onartuz, literatur testu oro beste testuei omenaldi egin nahi dien erreferentzia multzo amaigabea bihurtzen da. Erreferentzia horiek Atxagaren beste testuetara eramaten gaituzte eleberri honetan, eta ia konturatu gabe, Bi letter-eko Old Martin, Bi anai-ko Daniel eta Paulo (orain Lubis eta Pantxo bihurtuak), Teresa (Bi anai), Carlos (Gizona bere bakardadean) edo Amiani sarjentua (Ipuin hau italieraz ikasi izenekoa) bezalako pertsonaiak berreskuratzen ditugu. Eta Post tenebras spero lucem-etik ezagunak genituen hainbat pasadizo ikusten ditugu Obabako eskola txiki horretan, edo Behi euskaldun baten memoriak-eko Denboraren Gurpilaren metafora berreskuratzen lerro artean… edo paisaiaren deskribapen zinez näif-ak antzematen Obaba edo Stonehameko pasarteetan.
Horiekin batera, egilearen bidaide literario ezagunak begitandu ditugu han hemen barreiatuak (Dylan Thomas, Pavese, Cohen, eleberri poliziakoak…). Baina, batez ere, Soinujolearen semean literatura klasikoari egiten zaio gorazarre intertestuala. Danteren testu ezagunean bezala, Virgilio bihurtzen da narratzailearen gidari infernuan. Virgiliorenak dira nekazari zoriontsuei egindako gorazarreak, Virgiliorengandik ikasiak detaile xumeenek duten garrantziari buruzkoak. Nobela honetan azaleratzen zaigun Obabak ninfaren bat gordetzen du basoetan eta jainko txikien antz handiegia duten pertsonaiak barneratzen. Modu honetan, Obaba nahiz lurralde amerikarrean, hau da, gizaki modernoaren promised landean, kokatutako Stoneham arrantxoa Virgiliok eta bestek hain ongi deskribatutako arkadia galdua bihurtzen dira, zinez atseginak diren Edengo lorategiak. Lorategi horretatik hegaldatzen dira nobela zeharkatzen duten tximeletak, lorategian bizi da eleberriko musa den Mary Ann.
Maitasuna heriotzarekin lotuz, pertsonaia eta mundu bakoitzari bere ahotsa egokituz, Soinujolearen semea irakurle baten baino gehiagoren barneko izotza apur dezakeen nobela ona dugu.
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Detaile xume bat
Adania Shibli
Ibon Egaña
Nerabeen garrasia
Telmo Lazkano / Maitane Ormazabal
Aiora Sampedro
Twist
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Detaile xume bat
Adania Shibli
Jon Jimenez
Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
Amaia Alvarez Uria