kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan / Edorta Jimenez / Susa, 2003

Homerok kontatzeko modukoa Igor Estankona / Deia, 2004-01-27

Nondik atera ziren Gernika bonbardatu zuten hegazkinak? Nortzuk babestu zuten falangisten amorrutik arbola santua, hiri okupatuko aurrien artean? Zeintzuk zeregin izan zituen Jaurlaritzak bigarren gerrate mundialean? Zein zen euskaldunen benetako pisua xake-taula erraldoi hartan? Nortzuen artean eman zioten Jesus Galindezi heriotza anker hura? Historiaren zertzelada txikiak dira batzuk, eta beste batzuk gure historia hurbileko pasarte garrantzitsu bezain ezkutuak. Kontuak xehe dakartza Edorta Jimenezek “Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan” zarratu honetan. Hari trebea behar bada ehundaka izen, data eta leku elkarren artean lotzeko, mundakarrak joskilerik onenak bezala lotu ditu guztiak oraingo honetan. Ernest Hemingway bera da kontakizunaren harietako bat, baina gehiago ere badaude. Andres Untzain, kasurako. Azken finean herri baten epopeia gizon-emakumeek tajutzen dute, euren borondatea eta errealitatea biak bat noiz izango diren bizi diren gizon-emakumeek.

Marokotik zetozen gerra-hotsak durunda urrunak baino ez zirenean hasten da kontaketa eta gerra hotzak irentsitako munduan desagertzen dira, behe lainotan bezala, euskaldunen azkenaurreko esperantzak. Bidean irabazteak eta galtzeak egon zirela kontatzen digu, ordea, Edorta Jimenezek. Ahaztutako izenei aurpegikera eta ahotsa ematen dizkie liburuko orrialdeetan, bizirik dirauten gizakien gogoa desagertu barik egoera berrira egiten dela frogatuz, beste behin.

Zurrutadaka irakurtzeko liburua da “Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan”. Handik, hortik eta hemendik bildutako txatalekin egindako “collage” erraldoi bat denez, berdin aurkituko ditu irakurleak desklasifikatutako dokumentuak, gutun pertsonalak zein garai hura bizi izan zutenen oroitzapen higatuak. Idazleak guzti horiei ematen dien forma da liburuak berezkoa duen balioari halako balio erantsi bat ematen diona. Modu odolgabean idatzi beharrean edozein berdatzeko moduko bizitasunaz eskeintzen ditu Edorta Jimenezek bere ikuspuntua, bere ustea eta bere susmoa.

Ustekabeko bat baino gehiago ezkutatzen duen izozmendi erraldoia denez, bihotza eskuan eta irribarrea haginen bitartean duzularik irakurriko duzu zuk ere liburu hau, nik uste. Harrapatu egingo zaitu. Baina kasu: ez da irakurle nagientzako idatzi.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak