kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kilkerren hotsak / Edorta Jimenez / Susa, 2003

Mallonaren berbaroa Markos Zapiain / Berria, 2004-01-06

Eskolan ikasi nuen Erromako Inperioa jausi zenean batzuek errua kristauei leporatu zietela: etsaia maitatzea eta beste masaila ipintzea bezalako aginduek erromatarren ahulezia ekarri zuten ondorioz, gerrarako gogo-gabezia. San Agustinek, ostera, uste zuen aski kristau ez izateagatik erori zela Erroma: arima sendotzen duten bertute kristauak landu beharrean, bekatuzko mozkorraldiek eta orgiek zimelduak zituzten erromatarrak. Bandaloek horrexegatik ez zuten aste labur bat baizik behar izan emagaldu hura konkistatzeko.

Durangoko Azoka baino lehentxeago, hil osteko egoera materia-gabe honetan alderrai nenbilela, halako batean indar ezezagun batek beherantz eta ezkerrerantz bultzatu ninduen. Airez aire, alkate izan nintzen Mundaka gazi-gozo maitearen gainera hurbildu nintzen, baina indarrak aurrerago ninderaman. Bermeoko portuko Katukale liburu-denda txikian utzi ninduen. Kilkerren hotsak eleberria aurkezten zuen bertan Edorta Jimenez mundakarrak, eta, aditu ahal izan nuenaren arabera, liburuak neure jokaera gerra zibilean eta nire fusilamendua aintzat hartzen dituenez, ale bat ostu nuen, itzultzeko asmoz noski.

Amaitu berri dut. Astindu itzela eragin dit. Esan nezake:

-Uriarte espioiaren begien bitartez ikusten nau irakurleak. Eta espioiek, bistan da, neure Euzko Jaurlaritzarenak izan arren, ez dakite zer den ohorea eta bertutea; mozorroa eta gezurra baitute zeregin nagusi. Horrela, zelan arraio ulertuko du Uriartek zer ote den kristau zintzo batentzat errukia gerran? Uriartek gerraren izaera gaiztoa azpimarratzen du: hil behar duzu, hil zaitzaten baino lehen. Gerran errukitsu direnak, ez dira kokolo hutsak baino. Begira osterantzean Mallona, dio Uriartek: anarkisten balizko gehiegikerietatik babestu zituen eskuindarrek berek akabatu zuten, agintea eskuratu bezain laster.

“Hala ere, katoliko izan ez banintz, eta demokrata, mundakarrek ez ninduketen birritan alkate hautatuko. Hain harrigarria ere ez da, hortaz, beti eta nonahi bertute katoliko-demokraten arabera jokatu gura izatea. Jimenezek artez kontatzen du behin gerra hasita, Mundaka nire esku zegoela, hainbat eskuindar gorde nituela, bestela anarkistek garbituko zituztelakoan. Eta, Euzko Jaurlaritzaren aginduz, ezikusia egin nuela eskuindar askok Mundakatik isil-gordeka Benjaminen batelean itsasontzi nazi batera ihes egiten zutelarik. Errukia, kristau erruki tentela, gerran zereginik ez duena, dio Uriartek.

“Uriartek uste baitu babestu nituen haiek guztiak hil egin behar nituela; horrela ez ninduten beraiek hilko. Eta, gertaerak bere gordinean aztertuz, arrazoia eman behar diot. Agintea galdu bezain laster fusilatu ninduten. Nire gupidaz trufatu ziren.

“Egia esan, ez nuen uste faxista haiek, nire erruki eraginkorra gozatu zutenek berek, hain agudo eta ankerki egingo zutenik nire aurka.

“Uriarteri erantzun niezaioke nahiago izan nuela kristau jokatu eta hil, “errukia ala hil!” aldarrikatu, burua tente eta duinki, etsaia bezain makur eta bekatari ibili baino”.

Hori guztia esan nezake, neure burua zuritzearren. Horixe izan zitekeen jendaurreko nire mintzamoldea. Egiantzekoa da.

Baina goibelagoa da oraindik egia osoa. Eta dagoeneko ez dut itxurak egiten aritu beharrik. Galtzekorik ezer ez edukitzeak egiazaleago egiten du gizona. Beraz, aitor dut: Uriarte eta Jimenez eskuzabalegiak izan dira nirekin.

Katukale-ko aurkezpenean, bazen historialari bibotedun bat, Agirreazkuenaga deituraz. Fidagarria iruditu zitzaidan: ematen zuen maiteago zuela Nikolasa Atxikallende beronen senar Sabino fundatzailea baino. Bestalde, igarria zidan zeozer. Gogoz kontra dut onartzen: faxistak babesteko orduan, errukia baino indartsuago ibili zen nire baitan kalkulu gorria. Ez dut esango errukia kalkuluaren mozorro soil izan zela. Nahiko nahasiak dira kontuok. Dena den, egoera alda zitekeela susmatzen nuen, faxistak bihur zitezkeela jaun eta jabe. Eta ni abertzale nabarmena izana nintzen. Fusilagarria, horrenbestez.

Halatan, kukuak makur joz gero, nire alde erabili ahalko nuen eskuindarrak babestu izana: -nola hilko nauzue, zuen kideak gorde baditut, altxamendua finantzatu duten Ybarratarrak eta enparauak, eta ondorioz Queipo de Llanok berak irratiz goraipatu banau”. Faxistek, irabaziz gero, bizia barkatuko zidaten.

Alferrik guztia ordea. Ybarratar bat, berbarako, segituan joan zen Francoren mairuekin bolondres. Geroxeago fusilatu ninduten ni, Derion. Izan ere, ni aurrena katoliko nintzen, eta hurrena abertzale. Aldiz, faxistak, antza, aurrena faxista izaten dira, eta soilik gero apika baten bat katoliko. Baina katolikoa ez da berez errukitsua. Azken batean, katolikoek eta faxistek egin dituzte kirtenkeriarik odoltsuenak historian. Aise bataiatu zuten Clovis Lehena. Nire uste apalean, Torquemadaren arima Gengis Khanena baino zitalagoa izan zen. Heriotzak eskolak baino sakonkiago irakasten du Historia konparatua. Honezkero ez naiz katoliko. Lapurtu nuen Kilkerren hotsak, horrela, Katukale-ra eramango dut, atzera.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak