kritiken hemeroteka

7.730 kritika

Azken kritikak

« | »

Hamaika ispilu ganbil / Asel Luzarraga / Labayru, 2003

Idazle barri baten nobela barria Urbegi liburu-sorta barrian Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 2003-12

Literatura hedatuteko hainbat bide eta adar zabaldu ditu orain arte be Labayru Ikastegiak, aldizkari hau berau horren lekuko dala. Aspaldikoak doguz gure liburu-sorta gehienak, bakotxa helburu jakin bategaz sortua: “Sutondoan” gure lehengo idazleen literatur-testuak berreskuratzeko; “Jarein” idazle klasikoen idazlanak ezagutarazteko; “Laratz” herri edo ahozko literaturari erregistro idatzian bere lekua emoteko; “Galburua” idazle hasi barrien idazlan laburrei urtenbidea emoteko. Zerrenda horretan “Urbegi” sorta barria sartu beharko dogu aurrerantzean.

Urbegi, berez, Galburuaren hurrengo pausua da. Galburuan nobela laburrak eta ipuin bildumak argitaratu izan dira, gehienak sortu barriak, banakaren bat itzulita. Horretarako sortu zan izan be, idazle barriek idazlan ez oso luzeak egiten dabezanean urtenbidea emoteko, gero idatzi zabalagoak etorteko he. Urbegi sorkuntza lan luze sendoak argitaratzeko sortu da. Urbegian ura doan lez eukiko al dau bildumak be jarraipen etenbakoa!

Sortari hasiera emon deutsana Asel Luzarragaren lana da. Asel Luzarraga izen barria dogu euskal letretan, izan be, lehenengo lan luzea dan Hamaika ispilu ganbil izaneko nobela hau.

Asel Luzarraga bilbotarra da (Bilbo, 1971-10-20), baina aita mundakarra izanik, lotura handia dauka kostako herri horregaz. Izan be, gaur egun Bermeon bizi da.

Euskerea ama-hizkuntza izan ez arren, betidanik sentidu dan bere barrua euskaldun. Euskerarako zaletasun hori amaren aldeko amamagandik ei jatorko. Amama Bilbokoa zan, Errekaldekoa, euskalduna, eta Asel txikia zala, amama etxera joaten jakien euskera irakasten. Ordurik dauka berak euskera ikasi eta hizkuntza horretan biziteko guraria.

Prestakuntza aldetik, Enpresa ikasketak egin ebazan Bilbon, Elkanoko eskolan. Orduan hasi zan euskera euskaltegian ikasten be, ordurako bere kontura egindakoari jarraipena emoteko. Lanbide hori ez zala bere gustukoa berehala igarrita, ikasten amaituaz batera Euskal Filologian hasi zan Deustuko Unibersidadean. Karrera amaitu ebanetik irakaskuntzan dihardu, azken urteetan Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan.

Euskaltegian, dana dala, euskera batua ikasi eban. Berak, ostera, euskaldun bizkaitarrakaz euskera egiteko ahalegina egin eta bizkaiera landu dau, bai bere kontura liburuetatik ikasita, bai hainbat herritako lagun euskaldunekaz belarria zuhur ibilita.

Idazteko zaletasuna umetakoa dau, 6 urtegaz ipuinak idazten ebazan, eta 18 urterako 500 orriko nobela mardula idatzita eta haren bigarren partea ia amaituta eukazan. Artean gaztelaniaz baino ez eban idazten, geroago ikasi eta aldatu eban euskerara, eta hori dana inoiz agertu barik dauka.

Beti prosako generoetan ibili ondoren, unibersidadeko garaian olerkiak idatzi ebazan, euskeraz bakarrik. Baina barriro lehengo bideari heldu eutsan eta, leihaketa batzuk bitarteko, ipuinak argitaratu izan ditu Aizu!, Zer eta Deia aldizkarietan. Lehenengoan AEKk 1991an eratutako ipuin erotikoen leihaketako ipuin irabazlea argitaratu eban. Zer-ekoa bizkaieraz egindako lehenengo saioa da, hori be leihaketarako idatzia. Eta Deia egunkariak eratuten dauan Ortzadar leihaketa dala-ta birritan argitaratu dabez bere idazlanak.

Hamaika ispilu ganbil lehenengo lan luzea dau, orain argitaratu dana, baina ez orain idatzia. 1993an hasi zan idazten eta sei urtean ekin eutsan. Handik urteakarrenera barriro heldu eta orraztu eta orain heldu jako kaleratzeko ordua. Halango prozesu luzeak, jakina, bidean hainbat aldaketa egin beharra dakar. Nobelan institutuko ikasle-irakasleen gorabeherak ageri dira, baina egilea bera aldi horretan heldu egin da. Nobela idazten hasi orduan, bera ikaslea zan eta ikuspegi hori zan nagusia nobelaren hariko gertaeretan. Gero, baina, irakasle hasi eta ikuspegia apur bat aldatu jakon. Beste alde batetik, idazten hasi orduan Hezkuntzako erreforma egin barik egoan eta institutuan BBB eta UBI ikasten ziren, gero ostera DBH eta Batxillerrak. Hori dana egokitu behar izan da nobelan.

Nobelan argi geratzen da idazleak gaur-gaurko musika taldeak ondo ezagutzen dituana, hainbat aitamen dagoz hori erakusten dabenak. Eta horrek badauka azalpen bat, bera be punk-rock talde bateko kantaria da ta, Punkamine taldean.

Hamaika ispilu ganbil nobelako gertaerak biribil edo zurrunbilo biren artean dabilz. Esan daigun protagonistak bizimodu bi dituela, edo izakera bi, bakotxean bat erakusten badau be. Alde batetik, institutu baten dabil irakasle eta han era bateko hartuemonak daukaz ikasleakaz eta ganerako irakasleakaz. Eta bestetik, arreba eta biak oso bereziak dira, eta dibertitzeko modu bitxia daukie. Biribil biok ezbardinak dira guztiz, nahiko erreala eta sinisgarria bata fikzio eta surrealismo ukutukoa bestea. Bat egiten dabe tarteka-tarteka, eta azkenera arte ez da argituko nor zertan dabilen eta zergaitik.

Haria hori izanda, bitartean beste era askotako kontestuak sartzen dira: institutuko ikasleen arteko hartuemonak, irakasleen artekoak, ikasle-irakasleenak, guraso-seme-alaben artekoak, sexua, musika, kaleko giroa, manifestazinoak, zaletasunak eta misterio apur bat telebistaren bidez zabaltzen diran zenbait barri direla eta.

Testuan berbeta-mota bi darabilz idazleak. Narratzaileak eta pertsonaietako batek, irakasle euskaldunbarri batek, batuaz berba egiten dabe, baina ganerakoek alkarrizketetan bizkaierea darabile, bai ikasleek euren artean, hai irakasle-ikasleek. Hizkera aldaketak erregistro bakotxari konnotazino bat emoten deutso, batuaz dagoana formalagoa da, bizkaierazkoa biziago, naturalagoa gehien baten. Egoerak be zerikusi handia dauka ha ta guzti be.

Egoera sinisgarri-ez sinisgarrien artean saltoka, berez-berez doa kontakizuna aurrera. Pertsonaiak apurka-apurka ezagutuko ditu irakurleak, zenbat eta aurrerago joan gehiago jakingo dau euren ganean, batzuetan sorpresa eta guzti ganera, uste bako alderdia erakusten dabelako.

Haria ondo jarraitzen da, denboran beti aurrera doalako. Iraganeko barriak alkarrizketen bitartez emoten dira, atxakiaren bat tarteko dala burura etorritako oroimenen bitartez. Ha ta guzti be, pasarte batzuetan, hari nagusia bigarren mailan geldituten dala esan leike, egoera jakon batek berak hartzen daualako garrantzia. Halangoetan idazleak deskribapen zehatz biziak emoten ditu, baita gordinak be sexu kontuak direnean, erritmoa arindu eta intensidadea areagotu egiten da eta irakurlea amaieraraino heltzeko harrapatuta geratuko da.

Inguru fisiko zein narratiboak hurrekoak egingo jakoz euskal irakurleaki, gitxi gorabehera Busturialdeko jatorriko bilbotar baten inguru ohikoak diralako aitatzen direnak: Bilbo, Zazpi kaleetako taberna giroa, Sopelako hondartza, Gernika, Mundaka, Bermeo, institutuko giroa. Barriak emoten dituana be Euskal Telebista da.

Pertsonai batzuen jokabidea dala-ta, lehenengo ikusian dana arinkeria, boterea neurtzea eta trikimailu ustelak direla pentsatzeko bidea egon daiteke. Baina alkarrizketei erreparatu ezkero, beste batzuekazko lehia horretan pertsonai bakotxa bere “morala” definitzen eta zehazten doa, izan be, ideia garrantzitsua da moralaren kontu hori nobelan zehar, jokabideak horri buruz esaten danaren araberakoak dira eta.

Bitxikeria moduan, deigarria da musika estilo eta taldeen eta garagardo-marken ganean idazleak erakusten dauan jakituria.

Azken baten, liburua takada baten irakurteko modukoa da.

Egilea hasi barri da arlo horetan, baina trazea dakarrela ikusten da, aurrerantzean bide ederra egitea opa deutsagu. Izan be, honezkero bidean dauka beste nobela bat, 2003ko Igartza Beka irabazi dau-eta, sorkuntza lan bat egiteko. Beraz, laster da eskuartera haren hurrengo lana.

Azken kritikak

Isiltasunaz hunatago
Jose Angel Irigaray

Mikel Asurmendi

Bidaia (h)ariketak
Oihane Zuberoa Garmendia Glaria

Igor Estankona

Lilurabera
Yurre Ugarte

Aiora Sampedro

Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak 1975-2015
Miren Ibarluzea

Javier Rojo

Erbesteko gutunak Victor Hugori
Louise Michel

Irati Majuelo

Bihotza nora, zu hara
Susanna Tamaro

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Atezainaren larria penalti-jaurtiketan
Peter Handke

Hasier Rekondo

Panpina
Erika Olaizola

Javier Rojo

Etxeko urak
Leire Bilbao

Nuria Cano

Erle langileen amodioak
Aleksandra Kollontai

Ibai Atutxa Ordeñana

Abaro
Itxaro Borda

Aiora Sampedro

Odolik gabe
Alessandro Baricco

Nagore Fernandez

Atezainaren larria penalti-jaurtiketan
Peter Handke

Javier Rojo

Naparra, kasu irekia
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Otsaila 2021

Urtarrila 2021

Abendua 2020

Azaroa 2020

Urria 2020

Iraila 2020

Abuztua 2020

Uztaila 2020

Ekaina 2020

Maiatza 2020

Apirila 2020

Martxoa 2020

Hedabideak