kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

2022 / Eric Dicharry / Maiatz, 2021

2022 Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-01

Artean, esperimentazioa, lirudikeenaren kontrara, ez da inondik ere afera sinplea, ezta literaturan ere, artea baita, edo izan beharko luke. Hitzekin nahiz irudiekin jolas egitea ez da, halaber, josteta hutsala, kontenplazio sakonaren eta gogoeta luzearen ondorio landua baizik. Horrexegatik, hain zuzen, irakurleari (edo ikusleari) ez zaio erraza egingo obra ulertzea, hura edozein delarik ere, baldin eta ez badu bere gogo osoa behaketarako prest, aurretik eta bitartean, gutxienez. Behatzaileak (edo irakurleak) artearen helburua ulergarritasuna ez dela onartzen duenean soilik gozatu ahal izango du lanaz, nahiz irudiaz edo testuaz. Norberak ulermenaren eta, ondorioz, errealismoaren kateetatik askatzeko aldez aurretiko jarrera izatea ezinbestekoa da, orobat, literaturaren mugei buruz hausnartzeko, baita hitzen mugak hizkuntzatik haratago daudela jabetzeko ere.

Boutadetzat har daitekeen liburu hau oparoa da bibliografiari dagokionez, egilearen irakurgaien ugaritasunaren lekuko. Haatik, eta Dicharryk berak behin baino gehiagotan azpimarratzen duen gisara, egungo idazleak dagoenarekin moldatu behar du, hots, literatura emulazioa dela adierazi nahi du, edo behintzat aurretik beste idazle batzuek egin duten lanaren eraldatzea, besterik ez. Horretan, beraz, obraren izaera berezian, alegia, sortzaile baionesa ez da aitzindaria; bai, ordea, ausarta, ez baita erraza irakurlea txunditzea aurrez bikaintasunez jardun dutenen lanak irakurri ostean. John Cagen olerkiak, Joan Brossaren irudi-poemak edo Jorge Oteizaren poetika, liburuan ageri ez diren adibide bikain batzuk aipatzearren.

Bestalde, idazlearen nortasunaren eta zertasunaren gaia izango da liburu osoa josiko duen haria, patuaren hari mehea ebakitzen duten Moirek noiz moztuko zain, suizidioaren tentaldi etengabekoan. Haikuen, irudien, hirugarren pertsonan egilearen hitzak jarri nahi dituen narratzaile orojakile baten kontakizunen, hainbat performanceen edota Heriotzarekin solasaldi dramatiko baten bidez irakurleak artearen eta literaturaren zedarrietara bidaiatu ahal izango du. Metaliteraturan murgiltzen dira bai poeta bera bai irakurlea, sorkuntza bera jada sorturik dagoen elementuz osatzen delako.

Antzinako greziarrek ekfrasis terminoarekin izendatzen zuten irudi edo artelan baten hitzen bidezko deskribapena. Hortaz, Dicharryren poetika deskribatzeko hitzik egokiena ekfrastiko dela baieztatzea zilegi da, batez ere haurtzaroan bizitako Greziaren oroitzapenetik onduko dituelako poemak eta irudi-esaldiak; Greziako ur gardenen gomutapenetik asmatuko dituelako hitz berriak; Mikonoseko itsaso bluaren oroipen zoriontsuari esker ezagutuko duelako purutasuna, gerora marmolaren zuritasunetik abiatu eta araztasunetik aldendu ahal izateko, nola sorkuntzan hala bizitzan.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak