« Poematutako diagnosi eta errezetak | Erdietsi ezinaren Euskal Herriko historiaren lagina »
Errepikapen izarren azpian / Julia Otxoa (Felipe Juaristi) / Averso, 2025
Errepikapen izarren azpian Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-01
Gaztelaniazko Euskadi Literatura Saria jaso zuen Otxoak 2024an zenbait bidegabekeria historiko salatzen dituen Bajo los astros de la repetición poema-liburuarekin, zeina, urtebetera, Felipe Juaristi idazleak itzuliko zuen. Errepikapena izango da gakoa liburua osatzen duten bi ataletan, horixe baita donostiar poetak agerian utzi nahi duena olerki guztietan: gizakiak, Sisiforen gisan, behin eta berriro historian zehar errepikatzen dituen basakeria anitzak, hain zuzen. “Ba al da menderik, baina, / halako izan ez denik?”.
Liburuaren izenburu bereko poeman, esaterako, judu jatorriko Osip Mandelstam errusiar eta sobietar olerkaria aipatzen du egileak, zeina “Sobietar Idazleen Elkarteak / Stalinen etsaitzat joa” izanik, 1938. urtean, kontzentrazio-zelaian hil zen. Memoria da, beraz, ankerkeria beretsuen zerupean bizi garela ohartarazteko baliabiderik zuzenena. Eta olerkien bidezko memoria da, halaber, hondakin artean ere edertasunaren xerka dabilen poetaren itxaropen eta heldulekurik sendoena.
Liburuaren aurreneko atalean, irakurleak berehala nabarituko du olerkion zitroinaren pareko zapore garratza eta ezpataren tankeran zauritzeko moduko bertsoen zorroztasuna. Ez dira gutxi izan historian zehar ez-ezagutzan bizitzera zuzenduriko Homo sapiensek erretako liburutegiak, Alexandriakotik hasi eta gaur egunera arte. Bibliokastia edo liburuak sutara harrokeriaz, ergelkeriaz edo iraultza-gosez botatzeak, ordea, ez du gizakia gaizkiaren egiletzatik askatzen, ezta erruduntasunetik aldentzen ere, ez baitugu libururik behar gizaki garela gogorarazteko, ezta gizaki gisa jokatzeko ere.
Homo homini lupus utzi zigun Plauto komediagileak bere Asinaria lanean idatzita, otsoa da gizakia gizakiarentzat, alegia. Otxoak, ordea, ez du zauria zornatzeko asmorik, edozein gerratako biktimen alde abestea baizik, gerra zibilekoen alde batez ere. Gogora dakar, orobat, Europak errefusaturiko migratzaileen egoera larria ere, gaur egun Mediterraneo itsasoan desagerturiko Ulises guztiei “gaur ezinezkoa zuretzat Itakara iristea / gure itsasoak plastikoz josita daude” jakinarazten baitie elkartasunez.
Era berean, poetarentzat sagaratuak diren natura eta planeta suntsitzearen aurkako gaitzespena ere irmotasunez adierazten du, eta eskatzen: “Goazen Hannah Arendten eta Albert Camusen ondotik, / errealitateak ez gaitzan erotu”. Nobel saridunarentzat ez zen ez biktimarik ez borrerorik, eta hark ere suminduraz oroitzen zuen biktimak traba direla. Frantziar idazleak bere aurretik ez joateko eskatzen zuen, litekeena zelako berak ezin jarraitu ahal izatea; baina, aldi berean, bere atzetik ere ez joateko eskatzen zuen, gerta zitekeelako bera inoren gidari ezin izatea.
Edertasunaren bila dabilen donostiar poetak, berriz, etsipen gisako galdera bat botatzen du liburuaren bigarren atalean: “azken finean, oro ez al da izaki?”. Egungo gizarte ahanzkor, diruzale, solidaritaterik gabea eta erabat kontsumista islatzen dira estrofa guztietan barna. Baina, ba al da halakoa izan ez den garairik? Izan al da inoiz zeruaren azpian bestelako gizarterik? Argitu al dute inoiz izarrek minik gabeko lurrik? Fosilak aztertuz gero, honako esakune hau irakurri ahal izango dugu: “Ez fidatu inoiz zalantzarik ez duenaz, / zitroinez eta ezpataz gantzutu dute”.
Zeruko hizkuntza eta lurrekoa bat eta berbera ote diren galdegin dezake irakurle jakinguratsuak egunsentian gelditasunari gorazarre egiten dion bitartean. Agian txoriek emango die erantzun egokia, edo haien hegaldi iragarleek. Nor garen ez dakigunean, unibertsoarekin bat egitea aski behar luke izan. Lorategi erein berriaren belarretan, antzinako hondakinen errauts harrotuetan edo harrien hizkeran aurki daiteke egiaren aztarna fosildua: “bizitzeak eskatzen du bihotza sentitzea / sutea balitz bezala”.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo