kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Mailu isila / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2002

Mailu isila Pello Otxoteko / Egan, 2003-03

Liburu honen erreseina egiten ari nintzela Kritika Saria jaso zuen Juan Kruz Igerabideren lan bikain honek. Beraz, berari buruz esan behar ditudanak soberan ez ote dauden pentsatzen dut. Hala ere, aurrera ekingo diot, eta doako ez ditugun gorazarreak zaku hutsean eroriko ez diren esperantzaz hitz hauek litzatuko ditut datozen orrialdeotan.

Maisu baten lanaren aurrean gaudela aldez aurretik esan beharra dago. Baina maisu umila, ez isila, eta zorrotz bezain hunkigarria da bere mezuaren adierazpena. Izan ere, hasiera-hasieratik poema gogor birekin diosala egiten baitigu. Ez du inola ere parentesi etikorik egiten, jarrera hau liburu guztian nabarmentzen da. Gure kontzientzien lokartze edo itsutasuna esnatu eta argitu nahirik ez du su-etenik eskaintzen. Hona hemen lehen aitaturiko poema horietako bat, Ahuspez, eta nire iritziz liburuko hoberenetarikoa dena:

“Balak beti aurrera egiten du, gorputza zeharkatuta,

pareta zuri baten bila.

Eta norbait, makurturik.

Balak pareta zurian egindako zuloak kontrako aldera

begiratzen du beti.

Eta norbait ahuspez, lurrari muinka, edo arnasa bila.”

Bestalde, euria dugu liburuan konstante modura azaltzen zaiguna, liburuko ildo zuzentzailea eta leitmotiv nagusiena. Euria azaltzen da etengabe, eta euria azaltzen den poema gehienetan heriotza sinbolizatzen badu ere, bestelako esanahi batzuk izan ditzake, hala nola, bizitzaren joan-etorria, etsipena, esperantza, galera, ahanztura, e.a. Euri honek behin eta berriz erritmo markatua ezartzen digu, eta Bach zaharraren Goldberg bariazioak entzuten ariko banintz bezala Igerabideren lerroak eta ahapaldiak irakurri ditut, euripean. Euri tantak nire barruan oihartzuna sortu duten notak dira, ez naute aiherga, axolagabe, eta ikaragaitz utzi; eta hauek oraina, geroa, baita iragana ere birgogoratzera eta pentsatzera bultzatu didate:

“Eliz atarian hortxe dago oraindik zuloa

txikitan kanikatan ibiltzen nintzenekoa;

hortik arnas hartzen du lurrak.”

Eta euriak babesten gaitu, eta euriak esnatzen gaitu, eta euriak arreta emetzen digu. Euripean ez beste suma dezakegu iragandako aladuren oihartzuna. Euripean dastatzen dugu erbestearen samina, eta euripean atxikitzen dugu bakardadearen leinurua, eta minaren gogorra zinez nabaritzen dugu, eta min hau erreala bihurtzen da euripean zertu egiten denean. Paraje hauetan barrena bideratzen gaitu Juan Kruz Igerabideren poesiak.

Euri tantek, mailuak bailiran, gogor kolpatzen dizkigute barruak ele hauen isiltasuna barrundatuz. Ez dago gogoetaren nota bakar bat ere Juan Kruz Igerabideren hitzek jotzen ez dutenak, eta melodia isilaz izpiritua betetzen digu. Bere hitzek, bere euri tantek, osotara blaitzen gaituzte mela-mela utzirik; hezetasun hau etikaren hezurretaraino iristen zaigu barne-astinketa berezian murgilduz, ezaxolakeria ezabatuz, ez-ikusiaren keinua deuseztatuz. Eta Goldberg bariazioak ene arrazoiaren sentimenduak bustitzen ditu. Irakurketa honek edertasunaren egoera berezi bezain bereizira bultzatzen nau; orrialde hauetan bidaiatuz gero geure paisaian eta geografian gautza, baina planeta osoko amalurraren oinordeko eta ondare garela sentiaraziz.

Era berean, isiltasunean pausagunea hartzeko gonbidapen oso zehatza dago, eta beronen olatuen bitsean irakaspena xurgatzeko keinu galanta. Juan Kruz Igerabidek mundu honetako isiltasunaren murruetan arakatzeko bultzada ematen digu, eta, nik pertsonalki uste dut, bera bertan ez den sakon eta bete-berean murruen zirrikitu hauetan barrena sartu. Argi eta garbi sumatzen da zirrikitu hauetan murgiltzeko asmoa eta hauetatik bizia erauzteko eta dastatzeko ahalegin nabaria. Gogora datorkit Angel Cresporen aforismo hura:

“Todas las palabras tienen dos silabas más: el silencio que las precede y el silencio que las sigue. El primero ya ha sido pronunciado por los dioses, como muy bien saben cuantos poetas tratan de pronunciar el segundo.”

Jakina, munduaren ikuspegi modernoaren bermatzearekin batera eta Kant, Nietzsche, Heidegger, eta abarren eskutik metafisika tradizionala (baita artea ere) zalantzan jartzearekin batera, filosofiak poesiarekin zituen harremanak birplanteatu eta eraberritu ditu. Honi gagozkiolarik, Alain Badiou-k proposatu du filosofi arloan gaur egungo garbia “poeten aroari” dagokiola, izan ere, itxura guztien arabera pentsamenduak eta gogoetak poesiaren “sutura” bat nozitzen baitu. Konkretuki, gaur egungo filosofoen gehiengoak hasitako kontra egite anti-metafisikoa poemaren balioa handitzea ondorioztatu du, eta poesia kokagune berezia lortu du egun, ez soilik literaturan, baita filosofian eta pentsamenduan ere. Hain zuzen, Juan Kruz Igerabide ibilbide horietan mugitzen da eta horietatik daramakigu liburua irakurri ahala.

Zenbait kritikok budismoaren eta Zen filosofiaren joerak dituela aitatu duten arren, nik esango nuke korronte filosofiko horien oihartzuna azaldu bada erreferente eta portamolde etiko unibertsalen isla besterik ez direlako izan da. Juan Kruz Igerabideren jarrera etikoa garbia eta konprometitua da, eta bere erreferenteak ekialdekoak edo kanpokoak baino, bertakoak ditugu dudarik gabe. Ikusi besterik ez dugu egin behar:

“Euriak dena ezabatzen du,

bete eta lehertzen ditu anforak,

hozkatzen ditu harrizko herriak,

hondar-husten basamorturik zabalenak,

zentzugabe bihurtzen eskultorerik

handienen atahuts miresgarriak.”

Geure tradizioaren eta ondarearen gordailu gisa jokatu duela esatera ausartuko nintzateke. Ikusi berri dugun modura lerro gutxitan Atxaga, Aresti eta Oteiza gogora ekarri digu, beste lerro batzuetan ere Gandiaga, Lizardi eta bestelakoak gogora ekartzen dlgun legez. Geure-geureak diren erreferentziak dakarzkigu gogora eta bere estilo propioa eta tonua da erabat blaiturik sumatzen duguna liburuaren lerroetan zehar. Urteetan ari da Igerabide modu honetan idazten, eta Mailu Isilean punturik gorenera iritsi dela deritzot ahalik eta guri fruiturik onduena eskaintzeko. Baina zeharkako begiradaz ez ditu inoiz Klasikoak ahanzten, eta tarteka Klasikoen keinuak edo begi-kliskak azaleratzen ditu.

Bestelako eraginak eta ekarpenak ageri dira ere, ugariak ez izan arren. Haikuetaz ari naiz. Eta horren eredu honako hau adibidez:

“Ilargia, bere buruaren

kontrako igitai.

Erlojugilearen leizean

itzal orojaleak.

Eta poetaren esne-eskuak.”

Badarik ere, oso presente eta etengabe poema osoan zehar dirauena inplizituki —euriaren sinbologiaz— zein esplizituki, heriotzaren irudia da. Baina ez nuke esango modu tragiko edota ezkor batean, baizik eta bizitzaren parte eta katebegi jarrai bailitzan, eta era berean denona dela, denok duguna eta denontzat berdina dena:

“Emeki xurgatzen dut;

hala xurgatuko dut inoiz

gauaren altzotik heriotza.”

Oro har eta laburtuz, euri tantek erakutsitako musika nota hauek guztiak liburuko sinbologia eta irudien aberastasuna ederragotu dituzte. Gogoetaren zalantzak eta ardura etikoak lerro poetikoen ildo sakonak zaharberritu dituzte. Gainera, autoreak zenbait gai politiko eta sozial jorratzeko parada ere izan du giro hauetan egia topatu nahirik edo behinik behin hauetan egiaren bila abiatzeko asmotan. Juan Kruz Igerabideren begirada xamurrak errealitatera hurbiltasun xaloaz gerturatzea baimentzen digu, honela, saminari eta sufrimenduari buruzko oldozpenak leunagoak ager zitezen lortu du, eta ez dute horregatik argitasuna edo gordintasuna galdu. Ez du lanbide makalik izan, baina emaitza begien bistan dago.

Bukatze aldera, arestian aipatu dudan Angel Crespo gogora dezadan, izan ere, Juan Kruz Igerabideren tonu berdinean antzeko mezua erabiltzen baitu honako hau aipatzen digunean:

“El buen vigilante no deja la puerta cerrada, pero tampoco abierta de par en par, sino que la tiene siempre entornada.”

Horixe da hain zuzen ere Juan Kruzek eskaintzen diguna, unibertso berri eta berritzaile bateranzko ate ugariak. Ez ditzagun bada erabat itxi, ezta gehiegi ireki ere, gehiegikerietan barna edertasuna galtzen baita, erdi irekiak manten ditzagun ate horiek guztiak, eta gogo biziz gozatu berauetatik zeharkatzean. Hortxe dugu Mailu Isila.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak