« Euskaldun eta fededun bai, baina zergatik? | Azalberritze bat »
Pleibak / Miren Amuriza / Susa, 2024
Errekreazio bat Nagore Fernandez / Berria, 2025-01-26
Errekreazio bat dakar Miren Amurizak Susa etxean argitaratu duen Pleibak izeneko nobela berrian. Izan ere, lehen pertsonan hitz egiten duen narratzaile-protagonistak, Jonek, bere haurtzaroko eta nerabezaroko momentuak eta esperientziak errekreatuko ditu orriz orri; denboran atzera egin, eta ibilitako bidea berreraikiko digu oroitzapenak eta memoria baliatuz. Bide hori, baina, ez du bakarrik egingo, haren lagun Polly izango du bidaide, hain zuzen ere, euren harreman konplexua izango baita protagonista istorioan. Beste giza harreman eta dinamika batzuk ere agertu arren, interakzio afektibo-sexualak esaterako, edo familiarteko hartu-emanak, haiek ez dute Joneren eta Pollyren laguntasunaren kronika lanbrotuko, inondik ere. Ezin esan dezakegu euskal literaturak giza harremanez hitz egin ez duenik, askotan eraiki baitira —gehiegitan, aukeran— bikote harremanetan eta familiartean oinarritutako tramak. Aldiz, askoz ere gutxiago izan dira laguntasuna ere maitasun dinamika konplexu horien jira-bueltan ulertu dituzten kontakizunak, eta apenas agertu dira batez ere laguntasunaz diharduten diskurtsoak. Horra hor nobelaren ekarpen nagusietako bat.
Autoreak errekreazioaren ideia hori ezaugarri eta teknika narratologikoetara ere badaramala iruditu zait, eta horien bitartez edukia indartzen du, gainera. Espazioek iragana gogoratzera eramango dute maiz protagonista, joandako une horiek, ispiluek nola, Pollyrekin izandako harremanaren isla bueltatuko diote. Lehenaldiko istant horiek atzerako kontaketa bidez berreraikiko ditu; oraineko Jonek bere bizitzaren zinta birbobinatuko balu bezala deskribatuko zaizkigu eszenak, eta, horietan, iraganeko Jonerekin egingo du topo, aurrez aurre. Denborazko eta espaziozko errekreazio horrek bere baitara begiratzeko aukera emango dio protagonistari; izan zen pertsonari begiratuko dio nor den deskubritzeko eta jazotakoak ulertzeko.
Dena den, esango nuke autoreak, teknika narratiboei eta edukiari bainoago, hautu linguistikoaren lanketari eskaini diola arreta handiena. Jone eta Pollyren laguntasun konplexu horren atzean 2000ko hamarkadaren bueltan hazitako belaunaldi baten soslaia ezkutatzen da, Amurizak batik bat linguistikoki materializatu duena; etengabeko erreferentzia kulturalekin, ahozkotasuna darion erregistro batekin, erdaretatik harturiko hitzekin, laburdurekin eta garai oso baten musikarekin egingo du topo irakurleak nobelan.
Neurri batean, iruditu zait kontsumitzera ohituago gauden euskara estandarrari pultsua egiten diola idazleak, eta erakusten hori ere euskararen errealitateetako bat izan daitekeela, eta badela, gainera, badabilen eta badarabilgun euskara baten seinale. Ausarta deritzot inondik ere apustuari, eta hartutako arrisku horrek mesede egin dio testuari. Egia da erregistro linguistikoaren lanketak desorekatu egin duela batzuetan gainontzekoa, esaterako, kontakizunaren bukaera, baina ezin ukatuzkoa da horrek eman diola, aldi berean, obrari estilo eta ahots propioa, eta euskarari (eta euskal literaturari) zer pentsatua ere bai.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez