kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zoriona, edo antzeko zerbait / Karmele Mitxelena / Elkar, 2024

Azalberritze bat Asier Urkiza / Berria, 2025-01-26

2023ko Augustin Zubikarai saria irabazi zuen Karmele Mitxelenaren proiektuak, eta beka hori baliatuta, bi urteren buruan kaleratu du Zoriona, edo antzeko zerbait nobela. Aurretik umeentzako album eta kontakizunak argitaratuta, idazlearen helduentzako bigarren lana da eta estreinako eleberria, 2022ko Haragizko mamuak ipuin liburuaren ondoren. Nobela laburra da honakoa, ehun orrialde ingurukoa.

Emakume alargundu berri bat da protagonista. Senarrak bere buruaz beste egin eta denbora batera, Mediterraneo kostaldeko herrixka batera doa doluaren zauriak goxatzera. Horrez gain, etxekoen itolarritik ihes egin nahi du, falta duen arnasa ganoraz hartu ahal izateko. Ez dira horiek bidaiaren helburu bakarrak, ordea. Berrogei urte lehenago maitale izandakoarekin jarria du hitzordua Cadaquesen; hango egonaldia harreman haren sugarrak berpizteko ere baliatuko du. Protagonista bera da narratzailea, haren bakarrizketak osatzen du narrazioa. Hala, iraganeko oroitzapenak berrituko ditu opor herriko ibilerak kontatzeaz bat. Senar zena bere buruaz beste egitera eraman zuten arrazoiak ulertu nahian ariko da, ezinbestean sentitzen duen erru sentimenduarekin borrokan jardungo du eta familiaren korapilo eta arrakaletan jarriko du arreta: amaren izaerak beragan sortzen duen gutxiagotasun sentimendua, seme-alabekiko harremana…

Iragan eta etorkizunaren arteko trantzean dabil emakumezkoa, bateko senarraren oroitzapen mingarria, besteko Manurekiko balizko etorkizuna eraikitzea. Bolada luzea eta gero, azkenarekiko berriz ere desioa sentitzeak errudun sentiaraziko du, senarrari traizio egiten ari delakoan. Emakumearen barne gatazka eta azalberritzean sakontzen du narrazioak, intentsitate handiko idazkeraz. Protagonistaren ama hilko da amaiera aldera eta, paradoxikoki, horrek askatuko du zamatik, eta bizitza berri bati ekiteko indarra eman. Zoriona eta askatasun indibiduala dira liburuko gai zentraletako bi. Orobat liburuaren dohainetako bat da hain orrialde gutxitan protagonistaren barne eraldaketa kontatzea, modu aski sinesgarrian kontatu ere, amonaren amaiera aldeko heriotzak kontakizunari gehiegizko dramatismoa eransten badio ere. Kontaera tarteka agerikoegia iruditu zait, halere. Elipsirako tarterik ez egoteak konplexutasun falta eragiten du. Aurrez espero izatekoak egin zaizkit protagonistak kontatzen dituenetako asko eta arinegiak darabiltzan zenbait esaera, metafora eta konparazio. Bakarrizketari bistako hausnarketez beteegia iritzi diot, eta, hainbat deskribapen eta eszena girotze egokiak diren arren, intentsitate handiko pasarte barnerakoietan tonuak huts egiten duela uste dut.

Era berean, protagonistaren eta familiakoen arteko harremanetan gehiago sakontzea zegoen, horri dagokionez ere konplexutasuna sumatu dut faltan. Atsegin handiena protagonistaren eta Manuren eszenetan hartu dut, horiexek iruditu baitzaizkit ñabardura eta isiltasunera gehien lerratutako pasarteak. Keinu, mugimendu eta begiraden garrantzia azaleratzen da horietan, narrazioari esanindar handiagoa emanez.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak