« Azalberritze bat | Soinuen dantza »
Epilogorik gabe / Elena Sanchez / Erein, 2024
Ahotsa eta oihartzunak Aitor Francos / Bilbao, 2025-02
Honen aurretik, liburu bakarra zeukan kalean Elena Sanchez-ek (1967), Kaleidoskopioak izenburukoa, Bermingham etxeak plazaratu zuen, Urretxu eta Zumarragako udalek sortutako Iparragirre saria jaso ondoren, 2021ean. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziaduna da eta Barakaldoko institutu batean irakasle bezala dihardu.
Kontraesan bat irudituko zaizue baina Epilogorik gabe izenburuko liburu honek —Blas de Otero-Angela Figuera Poesia Nazioarteko Lehiaketa irabazitakoa— badauka epilogo bat. Eta epilogo bezala izendatu badu ere, ez da berez epilogo bat, baizik eta hiru poemez osatutako azkeneko atal bat, amaierakoa, liburuari erantsi dion gehigarri baten moduko bat. Lizentzia bat da, no la hala literaturan horrelakoak ikusten dira, eta epilogorik gabe jaio zen arren, hori bazen ere hasierako asmoa, idatzi ahala gauzak aldatu ziren. Hiru poema horiek, Enegarrenean, Toki segurua eta Gramatika berria, antza denez, nahi bat dute atzetik, esperantzarako atea irekitzearena.
Elkarrizketa batean azaldu du Sanchez-ek liburuaren lehenengo poema 2022ko martxoan sortu zuela, pandemia arokoa da beraz. Larrialdiko kliman idatzitakoa da, kezkatik sortua, ondorioz. Horrek azal dezake egilearen desesperantzarako joera, nabaritzen zaion gizartearekiko desilusioa. Gorrotagarria den mundu gatazkatsu honen zentzugabetasunari aurre egiteko beste era batzuen bila ari da idazlea, gaurkotasunean fedea galdurik, jada ezertan sinistu ezingo balu bezala dabil, zauriak estali ezinik. Eredurako, hasierako poemaren goiburua, No future. Tituluei kasu eginez gero, pesimismoak gidatzen du liburua, batez ere lehenengo atala: Porturik gabe, Amets prekarioak, Desertatzen, Larrialdietarako irteera…
Idazleak argi dauka zertaz ari den eta norentzat idazten duen. Ni poetikoa ardatza izanik ere, ez du jotzen indibidualtasunera, baizik eta kolektibitatera. Ni hori gu handi bat da, ahots bakarra baino, oihartzun gurutzatuez eraikitako oihu gogorra, nolabaiteko ordezkari bat, elkarrekikotasun bat gidatzen duena. Erresistentziarako liburua da, nagusiki.
Bigarren atalean, Beldurraren tiraniaren aurka, Sanchez-ek idazle askoren artean loturak egiten ditu, batzuetan argiak eta zuzenak, besteetan azpijoko baten modukoak. Adibiderako, Audre Lorde eta Safo denbora berdinera ekartzen dituenean, une eta leku berera, haien arteko hizketa imajinatuz, Audre Lorde Saforekin bakardadeaz mintzo da poeman (“Mitilenetik Harlemgo etxarte lohietaraino” dio bertso batek). Dena fantasmagorikoa da, edo onirikoa: “Ez dago inor telefonoaz bestalde. / Hari mehe hauskor batek inguratzen du / hamargarren musaren izena ahoskatzeko tankera. / (…)”.
Sinfonia onirikoak poeman (Lo nagoen bitartean azpitituluarekin datorrena) Nina Simon, Amy Winehouse, Miles Davis eta Norah Jones, Chopinekin batera gurutzatzen dira eszenatoki berean, eta sinfonia litekeena korua bilakatzen du. Oroitzapenetatik abiatuta eraikitako poemak dira eta absurdotik edaten dute irudikapen gehienek; egunerokotasunetik errealitatea desitxuratzen da, eta idazleak (idazleen ordezkoa litezkeen mamuak) Rulforen Comalako pertsonaien antzera, agertu eta desagertzen dira liburuan zehar. Zerbait antzeztera datoz, ziurrenik egiak esatera etorri dira poemetara. Eta idazleak norabiderik gabeko ildo antzuetatik joan behar du, itsu eta kezkati.
Poema bakoitza hausnarketarako gonbidapen bat da. Idazleak heldulekuak bilatzen ditu beste idazleetan, euskarriak, miresten dituen poetetan, lagungarriak diren besteen hitz eta ideia eta aldarrikapenetan. Bide horretan, egiten dituen omenaldiak nahiko esanguratsuak dira, ez dute gustu pertsonal bat bakarrik ardazten. Izenak izen, nire ustez ahots horien presentzia eta laguntzak, zenbaitetan, poemak ahultzen ditu, hura kenduz gero, mamia, zentzua galduko lukeelako. Gainera, aipuak direla eta zenbaitetan oso introspektiboa bihurtzen da liburua, itxiegia irakurlearentzat, konektatzeko aukerak urritzen dira. Alde horretatik batzuetan deszifratzen zailak dira testuak, izendatutako idazleak nortzuk ziren edo zer idatzi zuten aurretik ez badaki irakurleak. Ez da, halere, liburu kriptikoa, edo hizkuntzaren aldetik korapilatsua. Giro intimo bat sintetizatzen da poema bakoitzarekin, Sanchez bera irakurle legez denaren erretratuarena. Zorionez, gehienetan, ez du axola izenen bat ez ezagutzeak, edo bat-batean zer aipatzen ari den ez jakiteak. Ez da beti nahitaezkoa irakurketarako: idazleari laguntzen diote, baina irakurleak bere mitoak izango dituelakoan, Sanchezenak, orokorrak eta adierazgarriak izateaz gain, beste edozeinekin ordezkatzeko gai dira.
Poesia-egarri da euskal kultura, ez baitira hainbeste urtero agertzen diren argitalpenak. Era askotarikoak, anitz estilokoak. Ez dut uste kasualitatezko kontua denik irakurri ditudan azken poema liburuetan antzeman daitekeen ezinegonezko giroa, guztietan nabaria da garai zailak direla bizitzen ari garenak, ziurgabetasun handikoak. Hori dela eta, nolabaiteko kontzientzia soziala duten poemez osaturiko hainbat liburu argitaratu dira azken urte hauetan, euskarazko poesian ere bai. Sanchez-en kasuan, borrokan jarraitzeko liburua da, barrikadarako egina. Luze landutako ahots heldua eta estilizatua adierazten du, eta literaturarekin batera (eta konkretuki emakumezkoen literatura) beste gai batzuk ere azaleratzen ditu, hala nola, iraganaren zama edo amatasuna.
Poema guztien artean bat aukeratu beharrean egongo banintz, ez dakit zein hautatuko nuke. Oso gustuko dut Emakume artista, inbentarium: ama den emakume langileak (agian egilea bera) ezer idatzi baino lehen, aurrera ateratzen dituen betebeharrak eta etxeko lanak irudikatzen ditu. Beste testu bat dago, bikaina bere laburtasunean (osorik kopiatuko dut): “Ez dut oroitzen noiz etorri zen / Gregorio Samsa bisitan. / Haren sabel iluna. / Haren bakardade infinitua. / Eta haren koleoptero ahotsaz / existentziaz eta absurdoaz hitz egin zidan. /// Eta zu?, galdetu zuen. / Ez nuen jakin zer erantzun. // Gero, ulertu ez nuen zerbait murmurikatu / eta barkatzen ez ziola esanez / lorategira atera zen. // Kafkaren bila, uste dut”.
Poema txukunak, apaingarririk gabekoak, ederki disfrutatzekoak. 27 guztira; desolatuak, gordinak. Batzuetan ia eskematikoak, meheak, biluziak.
Liburu honekin hitzak iritsiko dira ekintzak iristen ez diren lekuetara.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Amaia Alvarez Uria
Arrabioen gerra
Karel Capek
Jon Jimenez
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Asier Urkiza
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Nagore Fernandez
Negu batez Mallorcan
George Sand
Aritz Galarraga
Trilogia
Jon Fosse
Hasier Rekondo
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Mikel Asurmendi
Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Epilogorik gabe
Elena Sanchez
Aitor Francos
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Asier Urkiza
Pleibak
Miren Amuriza
Nagore Fernandez
Euskaldun fededun
Pruden Gartzia
Jon Jimenez
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Ibon Egaña
Amok
Stefan Zweig
Paloma Rodriguez-Miñambres