kritiken hemeroteka

8.825 kritika

« | »

Hetero / Uxue Alberdi / Susa, 2024

Adurren irla Joxe Aldasoro / Deia, 2024-11-16

Lehenengo aldia da, uste dut, irakurtzeaz erabat bukatu gabe egiten dudala liburu baten kritika. Eta lehenengo aldia da, idazlearen datu biografikoak aipatuko ez ditudala, hasieran behintzat. Eta lehenengo aldia da musikaren aipamenekin abiatuko dudala lan literarioari buruzko iritzia. Hiru gauza berri, nire adinarekin, folio batean. Ez da makala, coach batentzat, hots, gure betiko botileroarentzat, zoriontasunaren formula aurkitzetik gertu egongo naiz.

Duela gutxi, abeslari euskaldun batek egindako adierazpen batzuen kontura jaso zituen ehun eta berrogeita hamar zaplaztekoren aipamena egin nuen bakarrizketa batean. Alex Sarduiri buruz aritu nintzen, zertarako ibili disimuluan, eta artista feministek argitaratu zuten idazkiaren inguruan. Esan nuen niri ere mina ematen zidatela oraindik belarrondokoek. Bada, antzeko sentsazioa izan dut Uxue Alberdiren Hetero (Susa, 2024) liburua irakurtzean Irla ipuinarekin topo egin dudanean. A ze muturreko festa! Gure literaturaren Olinpoan bizi den Zeus beraren, hots, Sarriren masailera iritsiko zirenak. Matxiruloak, emakumeekiko mespretxua, indarkeria sexista eta pederastiaren mugan dabiltzan jarrerak eta ekintzak. Kontu bakarra ibili eta buelta: matxismoa. Adurra iraultzaren irlan.

Denok, edo askok behintzat bai, jakin, baina norbait kontatzera ausartzen denean sentitzen den zirrara hori sentitzen da Irla ipuinak Kubara eramaten gaituenean, 2006. urtera. Euskal Herritik errefuxiatuak bisitatzera joan den espedizio kulturalaren kide izan zen Uxue. Ikusi, entzun eta sentitu zituenak kontatzen dizkigu ipuina idazteko prozesuaren baitan, hala ulertzen dut nik behintzat, egindako elkarrizketa bat ipuin bihurtuz. Denoi erori zaizkigu mota guztietako mitoak. Mozoloen artean mozoloenari ere gutxienez bat: neguko festetan oparien egilearena edo egileena edo hortza eramaten digun saguarena. Gogorra da, denborak momentuaz irri egitera bagaramatza ere. Bada, antzeko desilusioa hartu zuen, helduen eskalan, idazleak, bertsotara Kubara joan zenean: iraultza, iraultzaileak, zapalduak, zapaltzaileak. Piztia, Liherrek galdetu, nor da? Erantzuna: zu.

Baina asko jarri dakizkioke, edo jarriko dizkio baten batek, kontakizun bihurturiko elkarrizketari edo elkarrizketa forma hartu eta kronikatik ere baduen testuari, baina artefaktu moduan, belarrondokoak banatzeko gailu bikaina idatzi du Alberdik. Zerikusirik ez Kariben antzeko bidaietan ibili diren gizonen kontakizunekin: Ordorika, Maia, Muguruza. Zergatik ez dituzte gizonezkoek kontatu? Bekaturik ez duenak bota dezala lehenengo harria.

Castillo Suarezi irakurri nion behin olerki bakarrak, olerki baten bertso bakarrak ere bai, liburu bat justifika dezakeela. Irla ipuinak justifikatzen du, nire uste apalean Hetero liburua. Irakurri ditudan gainontzeko sei ipuinek, azkena geratu zait zintzilik, lotzen duten haria edo giroa, haien artean oso diferenteak izan arren forma, egitura eta abarrei dagokionez, hain zuzen ere, edo hala jaso dut nik behintzat, gizon heteroek, zisheteroek nahiago baduzu, eragiten duguna da: mina. Gaztetan, haurtzaroan, editorearekin, familian, edozein tokitan. Autobiografikotik asko duen liburua da, eta hala ez bada, berdin dit, dena bezain beste balio didalako niri, izan daitekeenak edo izan litekeenak. Literaturan, artean, noski. Irakurtzeko, eta oparitzeko, liburu bikaina.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak