« Adurren irla | Zebra-bideak gurutzatzen »
Zoo / Goiatz Labandibar / Elkar, 2024
Mundua kanpaleku Asier Urkiza / Berria, 2024-11-17
Aurtengo Zilarrezko Euskadi Saria jaso du Goiatz Labandibarren Zoo narrazio bildumak. Hamabi kontakizun laburrez osatutako liburu mehea da, autoreak hiru urtetan kaleratutako hirugarren lana. Azaleko argazkiak gaztigatzen digunez, ipuin guztiek dute kokaleku bera: campinga. Toki zehatz —garaikide bezain unibertsal— horretan gertatuko dira istorio guztiak, pertsonaiei zein gaiari dagokienez ezberdinak izanagatik ere.
Esan bezala, campingak ainguratzen ditu istorioak. Ez da agertoki hutsa, ordea. Istorioak espazioaz elikatzen dira, indarra ematen die lekuak narrazioei. Irakurlearengan istoriook hura bezalako leku batean soilik gerta litezkeelako sentipena sortzeraino. Zerbait oso garaikidea azaleratzen du campingak; ezegonkortasun kutsua eta hurbil egonagatik urrun egotearen sentsazioa, dena arintasun giro batek lagundua. Aproposa dirudi inguruak, hortaz, narrazioetako pertsonaiengan antzaldaketa bat eragiteko. Hori bera gertatzen zaie hainbat pertsonaiari, campingeko egonaldian zerbaitek eraldatuko dituela.
Giza harremanen ertz eta tolesak dituzte hizpide ipuinok, familiartekoak sarri. Hobeto esanda, arau sozialek horietan sortutako arrakala eta tirabirak. Baita norbanakoengan piztutako desioak ere. Bizimodu garaikidearen trufa igar liteke istorio zenbaiten atzean. Zehazkiago, burgesia txikiaren amets hezearen bila tematutako jende xehearena. Beti auzokoa baino gehiago nahi eta une oro ondasunak —izan fisikoak, izan esperientzia itxurakoak— handitu nahian dabiltzan horiek, maiz jokamolde indibidualista ezkerreko ideologiarekin uztartuz. Gutako gehienok, alegia. Campinga, gizartearen errepresentazio ere baden neurrian, kokaleku egokia da horrelakoak agertzeko, desberdintasun ekonomikoak nabarmendu eta goranahi sozialek pertsonen artean sortutako tentsioa azaleratzeko. Horrela uler daitezke Azkura, Zilbor hestea, Kukua eta Ojigi ipuinak. Taldetasunaren ertzez dihardu, berriz, Aldra narrazioak; arau sozialen indarraz mintzo da Gonbidapenak; lehenengo aldiak desakralizatzen ditu Iniziazioa-k…
Ipuinen estiloari dagokionez, lehenengo pertsona eta zehar estilo librearen artean aritzen da Labandibar. Tonu arina darabil, ipuinak gehiegi kargatu nahi ez balitu bezala. Ez zaio gaizki egokitzen narrazioak zeharkatzen dituen opor aireari. Liburua blaitzen duen umoreari ere mesede egiten dio. Ipuin batzuen bilakaera sinple samarra antzeman dut, baina. Tentsio narratiborik gabeak iruditu zaizkit horrelakoak, aurrez esperogarriak. Iniziazioa, Aquagym eta Hamakaldia ipuinen kasua da, esaterako. Era berean, pertsonaien arteko gatazkak eta gorago aipatutako anbizio sozial horiek sortutako tirabirak batzuetan modu zuzenegian adierazten dira, anbiguotasunik gabe. Horrelakoetan gardenegi azaltzen dira tirabirak, isiluneak eta elipsiak erantsitako konplexutasunaren faltan. Narrazioetako batzuk, halere, borobilagoak iruditu zaizkit, Azkura edo Ojigi, kasurako.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez