kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Sinposioa / Platon (Jesus Maria Arrojeria) / Jakin, 2003

Maitasunaren gorespen Aritz Galarraga / Berria, 2024-10-06

Gaur egun sinposio entzun eta burura datorkigu currikuluma puzteko biltzar lo-eragile horietako bat (zeinean hizlari bakoitzak bere motoa saltzea beste helbururik ez duen). Hara zer ziren Grezia klasikoan: edari, jainko, flauta, gaztetxo, zera pantagrueliko bat. Ez hainbeste oturuntza bera (nahiz izen hori eman izan dioten sarri Platonen testuari), baizik eta ondorengo hitz aspertua. Orain esango genuke intelektual bilkura, gafapasta inkontru, eusnob elkarretaratze. Orduan, ordea, hezkuntzaren parte ziren sinposioak. Eta hala sortu zen literatura azpigenero oso bat, erabilera filosofiko eta didaktikoa zeukana. Platonek idatzi zuena da, zalantzarik gabe, entzutetsuena.

Kadrila alegera, beraz, festan da: Fedro eta Pausanias sofistak, Eriximako medikua, Aristofanes eta Agaton dramatikoak, eta, noski, ororen buru, grabitazio zentro, Sokrates (gehi, postre gisa, azken sorpresa bat). Afaldu ondoren edateari ekingo diote, ez mozkorkerian, atseginaren arabera edanaz baizik: “Gutako bakoitzak Maitasunaren gorespen-hitzaldi bat esan beharko lukeela uste dut, ahal duen ederren”. Sujetaren gaineko ikuspegi ezberdinak eskainiko dituzte, hartara. Bakoitzak berea: gizonezkoen maitasun homosexuala ospatuz, eta, zehatzago, pederastia; androginoaren mitoa azalduz (“hiru ziren gizakien sexuak, eta ez bi orain bezala”); poeten azalkeria agerian utziz. Guztiak erreferentzia literarioz ondo bustiak (Homero aipatzen den bakoitzean txupito bat hartuko bagenu, sinposiokideen mailan jarriko ginateke berehala). Lehen bost mintzaldiak, aitzitik, Sokratesenera iristeko aitzakia baino ez dira.

Sokratesen mintzaldia, hortaz, azkena da, eta zentrala; baina xumeki agertzen zaigu (Sokratesen pertsonaia bera bezala, bidenabar, kontakizun osoan zehar): Diotima Mantineako emakume batengandik behin entzun zuen Maitasunaren inguruko hitzaldi gisara. Eta ez du egiten, ohiko moduan, beste testu batzuetan legez, aurreko hizlarien hitzak abilki ezeztatuta, baizik eta, propositibo, azaltzen duen teoriaren sakontasunak uzten du gainerako mintzaldien mehetasuna agerian. Ez baitugu tarte handirik hemen, labur: maitasuna ez da soilik desiratzeko edo objektu fisikoen maitasun bat, baizik eta burua eta arima hobetzeko eta jakintza sakonagoa lortzeko bide bat. Edo Foucaulten hitzekin esateko: bestearekin topo egitetik, sexuaren erabilpenetik eta plazeretik haratago, Sokratesen maitasunak arimaren egia bilatzen du, norberaren transzendentzia.

Baina, puntu honetara iritsita, Sokratesena ote maitasun hori? Sokratesena ote aipatu teoria? Gauza ezaguna baita Sokratesek ez zuela idatzi (pentsamendua hitz idatzietan finkatzea gauza txarra da oroimenarentzat), Platonek idatzi zuela Sokratesena; adibidez Sokratesen defentsa gogoangarri hartan (Joxe Azurmendiren hitzetan, historiako obrarik hunkigarrienetako bat). Baina esango nuke konplikatuagoa dela (eta, horrexegatik, interesagarriagoa): badirudi Platonek bere maisuari egin zion omenaldia filosofia sokratikoaren ildoak jarraitu eta garatzea izan zela gehiago, eta ez Sokratesen benetako solasaldien bertsioak loro baten gisa errepikatzea. Hau da, Platonek Platonen beraren teoriak adierazten dituen Sokrates bat iradokitzen digula. Ondorioz: elkarrizketen filosofia guztia Platoni egotzi beharko genioke, ez Sokratesi. Edo bestela esanda: Platonek Sokrates izeneko pertsonaia bat asmatu zuen, fikzio moduko bat. Bai, orain dela 2.400 urte.

Postre gisa, esan dugu, sorpresa bat dakar Sinposioa-k. Sokratesen maitale Altzibiades lerdena agertzen baita hitz aspertuen azken aldera, zeharo mozkortuta eta ozen oihuka. Sokratesen gaineko hitz etiliko-laudoriotsuak eskainiz (“hitzaldietan gizaki guztiei irabazten diena”), baina baita gaitzespen hitzen bat edo beste ere (“gu ere ez garela ezer uste du”); eta testuak ordura arte izandako tonu aski solemnea harridura-irribarrearen mugetara ekarriz. Azken eszena horrek are goratzen du Platonen lanaren kalitate literarioa. Eta agerian uzten Platon gorengo mailako filosofo bezain idazle izan zela, eta bi ezaugarri horiek ezin direla bereizi. Ez zituen filosofia tratatuak idazten, argumentuak dramatizatzen zituen. Elkarrizketa zen erabiltzen zuen egitura literarioa (nahiz, aletzen ari garen obra, salbuespen, gehiago den bakarrizketa segida). Eta, modu horretan, maitasunaren inguruko mintzaldiotan, beren karakterizazio eta eszenaratzearen aberastasunagatik, bere antzerkigile gaitasuna erakusten digu Platonek.

Laburbilduz, esan daiteke Platonek, Sokratesen beste jarraitzaile batzuekin batera, betiko irauli zuela prosa filosofikoarekin egin zitekeena. Bibliaz gain, ez da egon mendebaldeko munduan idazlan askorik Platonen elkarrizketen eragina izan duenik. Gure pentsamoldea haren eraginpekoa dela esan ahal izateraino. Are Europako tradizio filosofikoa Platoni egindako oin-oharrak direla baieztatzeraino. Gutxiagotan aipatzen da tradizio literarioari ekarri diona. Filosofia harridurarekin hasten omen da. Literatura ere, kasu batzuetan, zer esanik ez.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak