kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Itsaso amniotikoa / Oihane Jaka / Elkar, 2024

Minaren jaiotza Aitor Francos / Bilbao, 2024-07

Liburu gogorra, oso gordina, da Oihane Jakaren (1985) Itsaso amniotikoa (Elkar, 2024) hau, 2022an Karmele Igartua sormen beka jasotakoa. Aitaren galera goiztiarra eta haurduntze-erditzeek eragindako atsekabe eta ezinegonak dira gaiak. Zaila digeritzen, baina inspiratzailea, eta argitaratzen duen lehenengoa.

Idazlearen niaren hainbat proiekzioren batura da liburua, denbora tarte desberdinetatik abiatuta. Bidean dagoen edo bidea egiten ari den organismo, unitate, bakarraren aurrean gaude, bakarra baina zatikaturik heltzen zaiguna, poetari adierazgarriak izan zaizkion bizi uneei dagozkien postaletan banaturik bezala. Horrela, bildumak adabakiz eraikitako gorputz baten antza hartzen du, collage moduko bat da, osotasun harmoniko baterantz doan patchworka, erraz desarmatu daitekeena, gero gutxira berreraikitzeko. Poemak, horrela, gorputza dira, multzo biziduna, bata bestearen ondoan kokatuta, eta haien arteko konbinazioak posible litezke, irakurlearen arabera. Liburua, ondorioz, bizirik dagoen gorputz emankorra eta aldagarria da eta poema bakoitza zelula solte bat bezalakoa, edozertan muda daitekeena.

Edonondik hartuta ere, narratibitate kutsu handikoa da obra. Eta ez bakarrik prosaz jantzitako poemetan. Liburuak ildo kronologiko batetik garamatza, noranzko argi bat dauka, bizitza berarena. Bilduma hiru ataletan banatu du Jakak. Hurrenez hurren, Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Denbora tarteak dira, aroak halaber. Eta denboraren subjektibotasunean dute oinarria, badakigulako zauriek, traumek, denbora eten edo geldotzen dutela. Hortik izenburuetarako hautatu duen euskarazko zenbakia, hamaika, infinitura jotzen duen edozer gauzaren adierazle.

Liburuaren ardatza erabilitako sinbolo eta metaforetan dago, gaia erabat zeharkatzen dutenak. Ezinbestekoak erditzearen eta erdiondoko ondorio fisiko eta emozionalez hitz egiterakoan poesiaren baliabideen bitartez oinazea eta zalantzak deskribatzeko. Irudi indartsuen erabileraz gain, badago liburuan hizkuntzarekiko zaintza berezia, eta benetan harritu nau horri jarri dion arreta arduratsua eta zaletasuna, ez baita ohikoena estreinako liburuetan. Berriz azpimarratu nahiko nuke bilakaeran dauden poemak direla, eboluzio baten hastapeneko urratsetatik datozen amaitu gabeko zirriborroak, zuzenak bainoago heldugabeak oraindik. Liburuari azken berridazketa bat ondo etorriko zitzaiolakoan nago. Ez ezergatik, ez gauza konkretuengatik edo idazkera aldetik zerbaiten gabezian egoteagatik, intentzioan eta emaitzetan baizik. Metafora batzuek dimentsio gehiegi hartuta, liburua izaera monografikoa izateraino, dena ageri-agerian uzteraino, baliogabetzen dutelako poesiaren misterioa.

Eta mina bada gutaz jakin nahi ez duguna kontatzen duena? Eta mina bada gure beldurretatik mamu itsusienak azaleratzen dituena? Min batzuk beste batzuk ekarri zizkioten Jakari, haurtzarotik bere baitaren hondoan zeudenak. Mina nondik datorkion azaltzeko, zera esaten du, besteak beste, 14. orrialdeko poeman: “Osabak hala esan zuen. / Gazteagoa nintzenez, nire mina txikiagoa zela. / Min txiki hura kontrako eztarritik joan zitzaidan orduan / irentsi eta uzkitik atera beharrean / beste leku batera / umetokira. / Hura izan zen nire lehen haurdunaldia. // Oraindik ez naiz haur hartaz erditu”. Bizi izandakoa trauma bilakatuta bizitzari nola aurre egin? Poemetan egoera hipotetiko batean bizi izan nahiko zukeena antzematen da, errealitatea denaren aldean. Amatasunaren inguruan idatzita ere, autoerreferentziala da liburua, eta matrioxkaren metafora berea egiten du (“Bi bihotz ditut / eta ez naiz munstroa. / Matrioxka bat bestearen barruan / horixe bakarrik”). Ia zernahiri deitzen diogu gaur egunean autofikzioa eta ez nago ziur aurrean daukadan liburua poesia liburua izanik ere autofikzioa kontsidera litekeen. Ildo horretan, irakurri dizkiodan elkarrizketetan erreferentetzat aipatu dituen lanekin batera (poesian Leire Bilbao eta Ione Gorostarzuren Ez da erditzea, eta prosan Alaine Agirreren Karena) beste izen batzuk ekarri dizkit gogora Itsaso amniotikoa hau irakurtzeak, estiloari dagokionez zerikusirik ez duten arren, Aintzane Galardirena, Amaia Lasarena eta Miren Agur Meaberena.

Poesia jokoak nonahi aurkituko ditu irakurleak. Haietariko batzuk, ni behintzat pixka bat liburutik atera naute, baina uler dezaket ideiak egituratzeko eta haria garatzeko lagungarriak izan zaizkiola Jakari. Ereduak eredu, 17. orrialdean dagoen poema, goitik behera eta behetik gora irakurrita, palindromo bat dena. Edo paronomasien antzekoak, hitzen fonetika eta esanahiekin jokatzen dutenetan. Dauden guztien artean, bi kopiatuko ditut, adibiderako: “Galdu iparra lipar batez. // Eman ortuari su / eta sortu/ baratuz, / baratze berria” (33.or.) edo “Amaren begien hegian/ gordetzen diraden egiak” (66. or.).

Nire buruan iltzatuta geratu diren poemak hirugarren atalekoak dira, luzeena, ospitaletik etxerako bueltarena, nahi ez bezala kausatu zenaz mintzo dena. Ederra bezain mingarria. 68. orrialdeko bertso hauek, eredurako: “Nola ari den maskaltzen / behinola oskol izan nuena. / Eta zeinen urrun dagoen / behinola barrutik erauzi zidaten / mami horretatik”. Ez dizuet ukatuko zehazkizunetan igarri dudala atzetik poeta oso interesgarri bat dagoela eta bere bidea jarraituko duena, ezberdina, zinezkoa. Gehienetan, poema laburrenetan, oso lerro gutxikoetan, aurkitu dut distira ahaltsu eta eraginkorrena. Eta, batik bat, azken bertsoetan, amaieretan. Adibidez, honetan: “Zu ere hondartza hartatik zatoz: / likido amniotikoa zenuen itsaso / eta karena zen zure harea. // Berriz ikasi behar igerian”. Dena den, obrak argumentu oso astunik ez duenez eta erraz hartzen du trinkotasuna, identitate marka eta balio metaforikoa duten sinboloekin.

Zentzua balio literarioan baino egileak ematen dien esanahi intimoan dago. Liburuak asmo emozionala eta terapeutikoa dauka, oihartzun baten garrasia delarik. Eta mina bada gutaz ez dakiguna kontatzen duena, edo gure beldurretatik mamu sakonenak azalarazten dituena? Eta azkenik mina, idazkera dela medio, salbatzaile bada?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak