kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Itzulpena-Traducción / Angel Erro / Nafarroako Gobernua, 2024

Itzulpena-Traducción Jon Jimenez / Gara, 2024-06-30

Francisco Navarro Villoslada XIX. mendeko Vianako semerik ezagunena izan zen. Kazetaria ofizioz eta idazlea afizioz. Teologia, Filosofia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen eta anti-karlismo sutsutik karlismorako bidea egin zuen, Nafarroa Forurik gabe ikusi zuenean. Apologismoaren erakusle, euskararen alde agertu zen. 2023tik, literatura sorkuntza sustatzeko Nafar Gobernuak abiaturiko sariak haren izena hartu du. Lehen deialdi horretan Angel Erroren (Burlata, Nafarroa, 1978) “Itzulpena-Traducción” poema-bilduma izan da hautatua. Hain zuzen, Navarro Villosladaren kezka eta gai batzuekin loturik, gure herriaren diglosiaren eta elebitasun/hirutasunaren eta itzulpen/autoitzulpenaren inguruko ariketa literario bat da hauxe. Hitzperimentu bat. Hizkuntza bakoitzean era arras ezberdinean eranzten ditu jantziak poetak —euskaraz askoz arin eta joriago, bederen—, baina espainolaren eta euskararen arteko itzulpen soila baino, zubiak eraikitzen ditu bataren eta bertzearen artean, elebakarren zelai antzu eta urria agerian utziz. Bertze herrialdeetako literaturetatik, baita bertako bertze garai batzuetatik ere, edaten du Errok, are eleanitzago bihurtuz obra.

Baina, nago, hizkuntzaren afera ez dela poetarentzat aitzakia bat baino. Hondarrean, ia mozorro bat. Bai, egia da, hizkuntzen aferak dena zeharkatzen du eta formatik areago doan zerbait ere bada, baina, aldi berean, Erroren poesiaren sakontasun gizatiar errotikako eta aitorpenez blaitutakoa ezkutatzen digu. “Maitasunaz, heriotzaz eta denboraren joanaz mintzo zaigu, egunerokoaren eta nostalgiaren arteko elkarrizketa bat josiz, epaimahaiak oroitzapenaren edertasuna deitu duena”, diosku Rebeca Esnaola Kultura kontseilari nafarrak. Poesia bat agerian uzten duena bizitzarekiko halako jarrera tragikomiko bat eta egilearen beraren zaurgarritasuna, bere burua babesgabe azaldu nahi ez digun arren: “Jendeari errukia eragitea, huts egin gabe, / gertatuko zaigun gauzarik penagarriena da” —hala nabil ni ere orain, hatza min horretan gehiago sartzen (barka)—. Azaltzen zaigu orriotan zehar, bada, gizaberetxo ttiki bat, ezintasunez beterik, ikasi duena galtzen edo galerek, amarena kasu, utzitako arrastoa lausotzen. Eta trebatzen dabilena ere ez-irabazten, bi kontu arras ezberdin baitira, garaipenik ez duenak ezin baitu galerarik ukan. Jendez inguraturik, tabernan ikusten ahal dugu zulo are sakonago batean jausten. Izan ere, “tabernek erakusten duten egia bakarra / gero eta tristeagoa da: bakardadea”. Ironia finaz baliaturik, estilo jasotik kaletarragoa den bertze batera igaroz, gizaberetxoak desira-zulo huts eta kamuts horretan gero eta barnerago eramaten gaituen heinean, koskortzen joanen zaigu poeta.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak