« Aktualitate zaharra | Iluntzea elorripean »
Itzalen tektonika / Itxaro Borda / Susa, 2024
Hitza lehengai Asier Urkiza / Berria, 2024-05-19
Euskal idazleen artean obra mardulenetakoa du Itxaro Bordak. Ibilbide trinkoa osatu du hala narratiban nola poesian, lanak maiztasun dezentez kaleratuz. Hamahirugarren poema liburua du Itzalen tektonika eta 1998ko Orain hartatik 26 urte igarota Susako poesia sailera itzuli da. Egituran islatzen da liburuaren izenburua, epizentro batek hartzen du erdiko atala, mamitsuena, eta hiruna erreplikak mugarritzen dute hasieran eta amaieran.
Lekuetara atxikitako poemak dira liburuko gehienak. Paisaia ispilu gisa ezarrita, ildo intimoa entseatzen du poetak, bere emozioen katalagoa irakurleari erakutsiz. Hizkuntzan enkriptatutako emozioak dira, baina, autorearenak. Poetikotasun zorrotzez kodetzen ditu Bordak, eta aipagarria da horretarako darabilen baliabide sorta: errimaren erabilera, anaforak, aliterazioak, hitz jokoak, egitura formala eta bertso-lerroen banaketa zentzuduna… Oro har, emozioez, barneko korapiloez diharduten poemei gerruntze formala ezartzen die Bordak eta horrek, jakina, beren indarra biderkatzea baino ez du lortzen. Beste horrenbeste paisaia eta lekuen erabilerarekin. Inguruak laguntzen dio poetari barruranzko bidaia egiten, hura hartzen duenez gero metaforen biltegi nagusitzat. Metafora eta baliabide poetikoetan naturatik eratorritakoak aipatuko nituzke batik bat, elementu geologiko eta kimikoek presentzia handia dutela. Era berean, badago giro bat poema bakoitzaren atzean, paisajistikoaz harago doana. Irudi poetiko jasek sortzen dituzte giroak, deskribapen hutsa bainoago.
Hitz bakoitza itzal bat da, bikoiztasun bat baitakar berekin. Bordak tinko paratzen ditu hitzak, betiere zalantza lorratz bat utziz beraien atzean. Ingurua hizkuntzatik galbahetzea eta hura bihurtzea pertzepzioaren eroale goren, poemetan idazlea lan horretan tematzen dela dirudi. “Suzko mihi antzeko/ Aditzak eta sintaxi unatuak” bilatzen ditu poetak mundu ankerrari so egiteko, tresnaren ahalaz bezainbat bere ezdeustasunaz jakitun. Hizkuntzaren aldarrikapena sumatzen da orriotan, ez, haatik, ludiko soila, ezta denborapasakoa ere. Aitzitik, liburuko poemetan hizkuntzaren erabilera kontzientea, zehatza, indar-emalea antzematen da. Berau den fenomeno bakanarekiko lilura dago, lilurakerian erori gabe.
Gorago aipatu bezala, poemen egitura formala biziki garrantzitsua da poetak erakutsitako hitzen sorta egoki nabarmentzeko. Zurrunak dira hainbat poema, kaotikoagoak bestetzuk. Esaldi jakin bat ezartzen du oinarri gisa batzuetan Bordak, hainbat alditan errepikatzen dena, epizentro horren inguruan dantza daitezen gainerakoak. Era berean, narratiboagoak dira errepliketako poemak Epizentro atalekoak baino. Tarteka azaltzen diren kopla itxurakoek leundu eta goxatzen dute poema liburuaren tonu orokorra, zeina bortitza eta zorrotza baita —aldian-aldian paisaiari lotutako mistizismo batera iristen da Borda—. Poema liburu kartsua eta osoa da Itzalen teknonika. Beste arrasto bat poetaren ibilbidean.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi