kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Mundu zitalaren kontra / Lizar Begoña / Elkar, 2024

Mundu zitalaren kontra, bi ahotsetan Asier Urkiza / Berria, 2024-04-21

2022ko Igartza Saria irabazita, bere lehenengo eleberria kaleratu du Lizar Begoñak, Mundu zitalaren kontra izenburuaren pean. Tituluak ondo jasotzen du liburuaren izpiritua, bizitza kontrako eztarritik joan zaien eta haren kontra errebelatzen diren bi pertsonaien istorioa kontatzen baitu. Ezin laketuta dabiltza protagonistak, euren inguruarekin gozakaitz. Bizialdiko une erabakigarrian daude bata ala bestea, gainera. Bi arima erratu horiek Benidormeko eszenatoki dekadentean jartzen ditu dantzan Lizar Begoñak.

Bilbotik Benidormera udako lan batean aritzera doa neska gaztea. Hain zuzen, Pilarren kioskoan lan egingo du, honen ahizpa Dolores ezindua geratu eta gero. Ahizpek aitarengandik jaso zuten negozioa, turismoaren eztandaz bat Alacanteko hiriko etorbide nagusian irekitako kiosko galanta. Hiru atal nagusitan banatzen da liburua, bakoitzak udako hilabete bati erreferentzia egiten diola. Atal bakoitza, bestalde, hainbat azpi-atalek osatzen dute, kapitulu labur bana jasoz. Kapitulu batzuetan neskatoak eta besteetan Pilarrek hartuko dute hitza, deskriptibo samarra izanagatik barne-bakarrizketari emaniko lehenengo pertsonan. Neska gaztearen jarduna aztoratuagoa da, basatiagoa. Gaztetasunak berezkoa duen desirazko jarioa igartzen zaio zenbait pasartetan. Pilarrena, aldiz, patxadatsuagoa, etsipen handiagokoa; haatik, ez indar gutxiagokoa.

Apurka-apurka pertsonaiei buruzko informazioa jasoko du irakurleak. Jakingo du, adibidez, bere buruarekin gatazkan dabilela neska, jatorria eta identitatea txirikordatzen diren kinkan. Era berean, sentimendu eta desira anabasa baten azpian maitasuna egon daitekeela-eta, izuak hartua dago. Pilar, bere aldetik, Doloresen zaintza lanak bere egiteaz gain, kioskoaren —eta horrekin batera betiko desagertuko den Benidormen, hots, bere herriaren zati baten— etorkizunak kezkatzen du. Liburuaren amaieran ebatziko da azkenaren patua, zama kenduta aurrera begiratzea ahalbidetuko diona. Neska gaztearena, aldiz, irekiago ageriko da, galdera ikur gisa. Bi pertsonaion arteko harremana da liburuari antzeman dizkiodan gabezietako bat, batik bat amaierako eszenarekin duen bateraezintasunagatik. Izan ere, narrazioan apenas dagoen bien arteko hartu-emanik.

Begoñaren idazkerak tarteka lortzen duen indar espresiboa eta eszena jakin batzuk girotzeko erakusten duen trebezia nabarmenduko nituzke. Esaterako, oroitzapenak oso modu bizian kontatuta daude, irudi ederrak utziz. Pertsonaion ataletan tonua egokitzen egindako lana —gazteari dagozkion pasarteetako hizkera millenniala— ere aipatu beharra dago. Halere, deskribapen edota oroitzapenetarantz lerratutako atalek asebete naute gehien, barne-jario betean murgiltzen direnek baino. Eszena soilen kontaketek —Dolores eta Piliren umetako oroitzapenak, neskaren aitaitaren gomuta— edo pertsonaia batzuen deskribapen finek adierazkortasun handia lortzen dutelakoan nago. Hitz gutxitan, munduaren zitalkeriaren kontrako oihu etsitu bat da Lizar Begoñaren lehengo nobela, bi ahotsetan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak