kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Gaueko azken expressoa / Eneko Aizpurua / Alberdania, 2023

Bidasoa bazterra solasean Ibon Egaña / Deia, 2024-03-29

Badira geografiak idazleari hizketan hasi eta isiltzen ez dakitenak, bertako lurrek esateko sobera dutelako, kontatzeko dutena ez delako askotan idatzi, bazter horietan galdu diren biziek bigarren bizitza bat aldarrikatzen dutelako. Bidasoa ibaiak eta haren inguruak eman zion Eneko Aizpuruari eleberritik aldendu eta saiakera literariora hurbiltzeko parada Bidasoan gora lanean. Testu hartan garrantzia zuen gaietako bat, portugesen 1970eko hamarkadako migrazioa fikziora eraman du orain Gaueko azken expressoa nobelan, Bidasoaldeko geografia batez ere humanoak protagonismoa hartzen duen lanean.

Miguel Barrosen bizitzaren kontakizuna da nobelaren muina. 1972an António lagunarekin Portugaletik ihes egin eta Pariserako bidean zihoazela Bidasoan Guardia Zibilak haien asmoak trabatu eta Irunen bizitzen geratu zen Miguel; tiroketa haren ostean desagertu zen Antònio. 50 urtez lagun galduaren berririk izan gabe egon ostean, haren bila abiatzen da Miguel bien Portugalgo sorterrira, gutun batean lagunaren gaixotasun sendaezinaren berri jaso ostean. Nobelaren ardatz batek, beraz, Antònioren bilaketa dauka hizpide, Portorako autobusean egindako bidaia tarteko; baina abiapuntu hori denboran atzera egiteko eta pertsonaiekin batera Bidasoaldearen 50 urteotako biografia bat osatzeko pizgarria da funtsean. Eldarnioaren eta errealitatearen arteko mugan kokatzen du Aizpuruak bere protagonista, itzalaren eta gorputzaren arteko erdibidean, psikologo bati hizketan, hari eta irakurleoi bere bizitzaren kontakizuna xehe azaldu nahian.

Psikologoari zuzendutako bakarrizketaren forman azaltzen du Miguelek bere bizitza, puskaka: Minhoren ertzeko bere haurtzaro eta gaztaroa, migrazioa, Irunen hasitako bizitza berria, bertako giro politikoarekin izandako harremana, eta gainerako migratzaile portugaldarrek bezala, euskaldunengandik jasotako mesprezua. Baina Miguelen ahotsarekin batera, liburuak jasotzen ditu haren emazte euskaldunaren, seme-alaben eta maitalearen ahotsak ere, guztiak psikologoari mintzo. Haiek, aldi berean, beste ahots batzuk ere biltzen dituzte beren kontaketetan eta egitura interesgarri horri esker ñabartzen eta kontrastatzen dira Miguelen hitzak eta bertsioak, eta saihesten da gertaera eta auzi jakinen inguruko ikuspegi bakarra ematea. Pertsonaiak eta biografiak aniztuz, aldi berean, Bidasoa erdigunean izanik ere, nobela beste geografia batzuetara ere zabaltzen da (Paris, Portugal, Brasil…) eta baita beste garai batzuetara ere (Salazarismoa, Portugalen iragan koloniala, trantsizio urteak…), narrazio aberats eta konplexu bat josiz hala. Leku partikular batetik abiatuta eta fikzioa lagun izanda, mundua nola uler daitekeen irudikatzen digu nobelak, geografiak ez baitira inoiz isolatuak, are gutxiago Bidasoa bezalako inguru bat.

Pertsonaien solasek osatzen dute, beraz, nobelaren muina, eta landua da pertsonaien hizketa-jarduna. Sarri erabiltzen dira lokuzioak, hitz-jokoak, edo tarteka, ahozko erregistroaren marka fonetikoak. Ordea, Aizpuruak egindako hainbat aukerak euskara jatorregira jotzen dutela iruditu zait, eta estetika hori ez datorrela bat ez pertsonaiekin ez kontatzen den testuinguruarekin ere; bestela esanda, urrunekoa eta tarteka kitscha egin zait estiloa zenbait pasartetan (“nire ostra mamitsua”, “oilanda”, “maripurtzil”, “emaziringa”, eta abar), eta hizkuntzak berak eragin dit nobelako zenbait egoera eta pertsonaia (sexu langilearena, kasurako) klixetik, kulturalki mediatutako irudikapenetatik eta erretorika eginetatik hurbilago ikustea pertsonaia indibidualizatu eta gorpuztutik baino.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak