kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Maitasun kapitala / Karmele Jaio / Elkar, 2023

Elkarrekin pentsatzeko proposamena Amaia Alvarez Uria / Argia, 2024-01-21

Literaturako bi topiko nagusiak dira Eros eta Thanatos, maitasuna eta heriotza, eta maitasun erromantikoa elkarrekin pentsatzeko proposamena egiten digu Karmele Jaiok bere azken eleberrian: Maitasun kapitala.

Azaletik bertatik argi geratzen da askatzeko zaila den korapilo baten aurrean kokatzen dela irakurlea. Eta lan honetako lehen planoan bikote heterosexuala egongo dela sumatu daiteke. Baina berde koloreak esperantza ere ekarriko digu, izan ere, maitasunak baditu aurpegi asko: indar askatzailea eta menperatzailea baita.

Olga da protagonista, eta hil berri den Martinekin sutsuki maitemindu da. Hala ere, harreman horrek gozamenaz gain min handia ere ekarriko dio. Nobela honetan bere sentimendu eta pentsamenduen berri izango dugu; bere doluaren garapenaren lekuko izango gara.

Artelan aukeratuek itxiko dituzte kapitulu asko, maitasun erromantikoaren diskurtso eta irudikapenak eskainiko dizkigu Jaiok orriotan; botere-harremanak eta menpekotasuna alde batetik, eta zoriontasuna eta adiskidetasuna jarriko dizkigu balantzan bestetik.

Ikuspegi feministatik eta literaturaren bidez landu nahi izan du maitasuna egileak eta ausarta eta anbiziotsua iruditu zait, baina, nahiz eta debaterako oso material ona iruditu zaidan eta ondo harilkatuta dagoela uste dudan, eleberriz mozorrotutako saiakera bat dela esango nuke.

Pentsamendua, kontzeptuak, ideiak esplizitatzen dira etengabe irudiak, sinboloak, metaforak bigarren maila batean utzita. Protagonista unibertsitateko literatura irakasle bat izan arren, lan honetan maitasunaren teorizazioak leku gehiegi hartzen duela uste dut, fikziozko lan bat izateko, behintzat.

Asko gustatu zait buztinezko emakumearen irudia, bestearen desiraren arabera moldatzen, eraldatzen, egokitzen dena. Baita Bakarne pertsonaiaren kontrapuntua eta amaieran agertzen den erakusketaren ingurukoak ere. Edo auto-maitasunaren eta lagunekiko maitasunaren garrantzia azpimarratu izana. Edonola ere, esan bezala, protagonistaren eta bere ingurukoen esperientziei utziko nieke hitz egiten gehiago, eta ez haien pentsamendu eta gogoeta arrazionalei hainbeste leku eman.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak