kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Sonka / Ignacy Karpowicz (Amaia Apalauza / Sonia Kolaczek) / Pasazaite, 2023

Azken kontakizuna Irati Majuelo / Berria, 2024-01-21

“Kostata baina iritsi dira”, zioen argitaletxearen mezuak udazkenaren hastapenetan. Sonka liburuaz ari zen, 2022ko ekainean Pasazaiteren amaiera iragarri zenetik argitaratzeke zegoen azken itzulpenaz. Iritsi da Karpowiczen nobela euskal letretara, eta, harekin batera, poz txiki bat eta galera handi bat. Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek euskara bikainean itzuli dute poloniera-bielorrusieraz sortutako lan berezi hau, nazioarteko literatura gurera ekartzeko eremuak gutxitzen doazenean.

Bi pertsonaia batzen ditu istorio honek: Sonia eta Igor. Emakume edadetua bata, Krolowe Stojlo herrixkako biztanle bakarra, gaztetan gehiegi sentitu eta bizitakoa, eta bere historia urte luzez isilpean gordeta, helduaroa behi, katu eta txakur banarekin partekatzen duena. Igor, aldiz, auto garesti batek bide ertzean utzi duen (ustezko) hirikume arranditsua da, antzerki zuzendaria eta idazlea, ego handiegikoa. Sorkuntza-krisi betean egin du topo emakume bitxiarekin, non eta Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko muga lausoan, mapetan ageri ez den herri galdu batean, hizkuntza-zapalkuntza agerikoa den eremuan. Espero gabeko bisitaren harira, Soniak ulertzen du heldu dela bere unea; heriotzaren aingerua etorri zaio etxera, eta, azkenik, konta dezake bere bizitzaren historia. Igorrek, bien bitartean, antzerki obra bat dakusa Soniaren hitzetan, eta, hala, ohar mentalak hartzen ditu eszenografia irudikatzeko zein antzezleen posizio eta keinuak zehazteko.

Geruza ugariko eleberria proposatzen du Karpowiczek; egitura konplexua duen lana da Sonka. Izan ere, denboran jauzi egiten du, eta oroitzapenak, gertakizunak eta errealitatearen fikzionatzea txirikordatzen dira, unean-unean zein den zein argi zehaztu gabe. Nobelan aurrera egin ahala, irakurleak zalantza egiten du, ezin baitezake bereiz nork kontatzen duen muineko istorioa: kanpo narratzaile batek, Soniak, Igorrek, Ignacyk? Antzerki obra al da irakurtzen ari dena, Soniaren esperientzian oinarritutako narrazio lan bat, edo haren testigantza zuzena? Hala ere, badirudi galdera beste bat dela: axola al du, finean?

Esperientziak artearen bidez adierazteko gaitasunaz eta aukerez hausnartzen du Karpowiczek, basakeriaz eta desohoreaz bezainbeste isiltasunaz, epaiaz. Hori hala, asmo moralizatzailerik gabe mintzatzen da gerrari buruz, eta, bide batez, azaleratzen ditu tragediaren erdian maitasunak har ditzakeen formak eta hurbilekoen heriotza desiratzerainoko minak, baita emakume arraildu baten biziraute estrategiak ere. Ertz ugariko pertsonaiak eraikitzen ditu, errealitate gordina bezain sinesgaitza den istorioa kontatu ahal izateko.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak