kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Paradisuaren kanpoko aldeak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2023

52. laukitik Jon Jimenez / Gara, 2023-11-19

Filosofiaren historian erran ohi dugu Nietzschez geroztik ez dela apenas filosofiarik egin, haren idazkietan oinarrituriko jolas erretoriko hutsalak baino. Bertze batzuek, atzerago joz, Platon eta Aristotelesen obraren oin ohar gisa ulertu behar dugula pentsamendu mendebaldarra bera. Joseba Sarrionandiari behin entzun nion egileak, idazleak edota pentsalariak, bizpahiru ideia original baino ez ditugula maneiatzen eta horiekin ibiltzen garela dilin-dalan, aurrera eta atzera. Apika hori bera da Atxagari gertatu zaiona “Obabakoak” liburuaz geroztik, hantxe zertu baitziren ez bakarrik bere ideiak, baizik eta garai batenak ere. Mundu osoan aintzatetsia izan zen ondoren, bai eleberri kanonikoa bai euskal literatura ere, eta horri tiraka ondu du “Paradisuaren kanpoko aldeak” (Pamiela) lan berria asteasuarrak, bere iturri eta inspirazio literarioak kontuan harturik, batetik, eta 1988ko nobelak zein bertzelako testuek irakurlerian izan duen eragina, bertzetik —obraren eta egilearen kokapen soziopolitiko eta literariora hurbilketa bat nahi duenak Joseba Gabilondoren “Babel aurretik” saiakera gomendagarri eta sakonera jo dezake—.

“Obabakoak”-en modura, baina bertze maila batean, “Paradisuaren kanpoko aldeak” atal ezberdinek osatzen dute —lehenbizikoan ez bezala, hemen jatorri, estilo, genero eta helburu ezberdinetarako sortuak direnak—, haien arteko jarraitutasun bat bermatzen zaigula. Kasu honetan, Asun Garikanok hartu du txatalak atondu, ordenatu eta batasuna emateko, hots, liburua koherente bihurtzeko ardura —beti ezkutua eta inoiz ez soberan eskertua—. Hain zuzen, batetik bertzerako loturak obraren parterik originalenetakoa osatzen du eta Antzararen jokoak egiten du amarra hori. “Bizitzako bidaiaren metafora da joko hori”, irakurtzen diogu Atxagaren solaskideetako bati. Eta bera, ados: “63 laukitan banatutako espiral batean, dadoak eta arau pare batek erabakitzen dute jokalariaren patua, zer urrats egingo dituen haren fitxak, Antzara Amaren lorategirantz. Bidaia ez da erraza. Lau lauki txar daude jokalariaren aurrerabidea oztopatu edo zapuztu dezaketenak: 31, 42a, 52a eta 58a: Putzua, Labirintoa, Kartzela eta Heriotza”. Liburuaren parte handiena, preseski, 52. laukian agitzen da, Atxagak hainbat espetxetan —Martutene horietako bat— egindako bisitaldien kontakizun autobiografikoaren bitartez. Idazlearen posizio morala —gailentasunezkoa zentzu batean eta hainbatsuetan—, bere ingurune literarioa eta euskal literaturaren historian sakontzeko aukera ematen digu etorkizuneko memoria batzuen aperitifa gisa irakurri beharreko lan honek. Eta hor aurkitzen ahal diogu, justu-justu, obrari bere balioa.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak