kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Bekatua / Goiatz Labandibar / Erein, 2023

Paradisutik egotzia Nagore Fernandez / Berria, 2023-11-19

Bekatua izena jarri dio Goiatz Labandibarrek bere estreinako eleberri laburrari, hori baita obra harilkatzeko idazleak darabilen motibo nagusia: 36 urteko emakume bat da protagonista, Garazi, eta, parranda zoro baten ostean, bera baino 17 urte gazteagoa den mutil baten ohean esnatuko da, ez bere ohiko bikotekidearen alboan. Gertatutakoaz oharturik, eta insomnioak astindurik, bizitzaz eta bere (eta bere ingurukoen) erabakiez hausnarrean hasiko da, eta, etika-jario horrekin, egungo gizartearen, eta, batik bat, belaunaldi oso baten erretratua osatuko du.

Hirugarren pertsonako narratzailearen aldeko hautua egin du Labandibarrek bere lehen nobela honetan, Garazi protagonistaren barne-munduan sartu, eta bere inkontzientearen ahots bihurtzeko. Izan ere, barne-bakarrizketa bat eraikitzen da orriz orri, eta lehen pertsonako diskurtso bat espero nuen arren, asko gustatu zait autorearen erabakia. Batetik, hausnarketa-multzo mardul bat dakarren nobela bat izanda, nire ustez, hirugarren pertsonako ahots horrek leundu egin ditu fikzioko ekintzen eta ez-fikziozko hausnarketen artean dauden ertzak, eta gardendu egin du bien arteko marra hori. Hala, idazleak apetatsu egin du salto saiakeratik hurbilago dagoen diskurtsotik fikziora, eta alderantziz. Eta neu ere, irakurle bezala, ohartu barik sartu naiz joko berean, oso modu naturalean eta bizian, gainera, noiz magma etiko horretan hausnarrean, noiz fikzioan igeri. Bestetik, narratzailearen ahotsak protagonista distantzia batetik (auto)epaitzea ahalbidetu dio Labandibarri, eta epaia are sinesgarriagoa egiteaz gain, iruditu zait hirugarren pertsonak mesede egin diola gertaerek eta ekintzek dakarten tonu komikoari. Horra hor nobelaren indargunea.

Badago, ordea, txanponaren beste aldean, horrenbeste konbentzitu ez nauen alderdi bat. Asko dira idazle on bat, ezinbestean, irakurle on bat ere izan behar dela adierazi eta praktikara eraman duten idazleak, eta nabaria da Labandibarrek ere men egiten diola uste horri. Gustatu zaizkit dakartzan aipamenak eta idazleak, esanguratsuak dira testuan; ostera, ez beti, baina, zenbaitetan, ekartzeko moduak berak huts egin dit; gehiegi bortxatu dituen irudipena izan dut, testutik atera naute, eta, fikziotik, testuinguru akademikoagoetara eraman. Hori gertatu zait, esaterako, Sandro Pennaren hitzekin. Esango nuke Amez ipuin liburuan hobeto landu duela testuartekotasunaren alderdia, oraingoan, aldiz, pare batean idazleak besteetan erakutsi duen abilezia hori faltan izan dut.

Alderdi hori kenduta, gustatu egin zait Goiatz Labandibarren apustua: nobela laburrak, transzendentala izan gabe, baina, egungo gizarte heteropatriarkalak eta kapitalistak inposatzen digun bizi-estiloaz eta alienazioaz pentsatzeko parada eskainiko dio irakurleari, ondo landutako bidaia narratologiko dibertigarri batean laguntzeaz batera. Horretarako, komediatik oso hurbileko tonu batez mintzo zaigu idazlea, zeinak, ironia baliatuz, etengabe egiten diren digresio existentzial horien karga eta seriotasuna leuntzea lortzen duen.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak